Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak «legez kanpokotzat» jo du 2014ko abuztuan onartutako Baztango euskara plana eta bertan behera utzi du. Iazko urtarrilean, UPNren Gobernuak salaketa jarri zuen, Udalean hizkuntz irizpideak jartzea «legez kanpokoa» dela iritziz eta Auzitegiak arrazoia eman dio orain.
Plan honek euskara babesteko hainbat neurri biltzen zituen, besteak beste, herritarrekin aritzerakoan lehen hitza euskaraz egitea, webgunearen hasierako orrialdea euskaraz egotea eta seinaleeak euskaraz idaztea.
«Ez dira Administrazioaren eremuko jarraibide edo irizpideak, baizik eta arau baten edukia duten neurriak», argudiatu du epaiak. Honela «mugak gainditzea» leporatu dio Baztango Udalari.
Joseba Otondo Baztango alkateak «Vascuencearen Legea» delakoa agortuta dagoela adierazi dio GARAri eta eragileekin batera euskaldunen eskubideen alde egiten jarraitzeko prest azaldu da.
Kontseiluaren salaketa
Honen aurrean, Kontseiluak «esku hartze berri bat» salatu du ohar baten bidez. «Horren aurrean, argi dugu euskaldunontzat kaltegarriak diren arau eta legeak berandu baino lehen indargabetu behar direla, esan bezala, legea bera baita oztopo euskararen normalizazioa garatzeko, kasu honetan Administrazioaren eremuan». Horren aurrean, nafar Gobernu berriari lege berriak, egokiak, egiteko bideari ekiteko eskatu diote.