Lau gazte atxilotu ditu espainiar Poliziak Nafarroan, iragan martxoaren 17an Iruñean LOMCEren aurkako greba egunean protestetan parte hartzea leporatuta. 08:50ak aldera atxilotu dituzte Etxarri-Aranatzen eta Uharte-Arakilen bi adingabeko, Andra Mari ikastolara bidean zirenean. Hirugarrena nafar hiriburuan bertan atxilotu dute, eta laugarrena Burlatan.
Chinchillako komisaldegira eraman dituzte eta deklarazioa hartu eta gero, aske utzi dituzte. «Desobedientzia eta autoritatearia atentatua» leporatzen diete.
Ikasle Abertzaleak taldeak atxiloketak salatu egin ditu. «Ikasle mugimenduaren aurka ematen ari den errepresio estrategia salatu nahi dugu», adierazi dute ohar baten bidez. «Beldurra tresna errepresibo moduan erabili dute berriz ere, ikasleria isilarazi eta desaktibatzeko helburuarekin», gehitu dute.
Atxiloketa hauen bitartez, «azkeneko urteetan kasle mugimendua erakutsitako indarra, determnazioa eta ilusioa kriminalizatu» nahi dutela azpimarratu dute. Gaurko operazioa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute 19:30ean Iruñeko Nabarreria plazan.
Era berean, Andra Mari ikastolak ere ohar bat igorri du atxiloketak arbuiatuz. «Atxiloketak, ez haien familiak, ez bere kargupean zegoen inorri jakinarazi gabe gauzatu dira, eta familiek, honen berri lekukoen bitartez izan dute», adierazi dute, atxilotuak adingabekoak direla gogoratuz. Gainera LOMCE legearekiko desadostasuna adierazi eta adierazpen askatasuna defendatu du.