NAIZ
DONOSTIA

GuraSOSek hondakinen gatazkari bukaera emateko ekimen juridikoa jarri du martxan

GuraSOS taldeak azaldu duenez, ekimen juridiko honek erraustegiaren obren lizitazioaren «suspentsio automatikoa» dakar, eta honen aurrean, Gipuzkoako Diputazioak hilabeteko epean erabaki beharko du. Hondakinen aferari amaiera emateko, partaidetzako deliberazio prozesu bat abiatu dute.

Ezkerretik eskuinera, Joseba Belaustegi eta Joxemari Izeta, GuraSOSeko kideak, prentsaurrekoan. (Gurasos)
Ezkerretik eskuinera, Joseba Belaustegi eta Joxemari Izeta, GuraSOSeko kideak, prentsaurrekoan. (Gurasos)

«Kezka natural eta bakar batek batzen gaitu: inork ondoan nahi ez duen azpiegitura batek gure seme-alaben osasunarengan izan dezakeen eraginak, inork ezin baitu bere kaltegabetasuna bermatu», azaldu du GuraSOS taldeak Donostian eskaini duen agerraldian.

GuraSOSen iritziz, hondakinen arazoaren inguruan martxan jarri nahi den edozein parte-hartze prozesuk Zubietako erraustegia eraiki edo ez eraikitzeko erabakia baztertzen badu, «ez dio gipuzkoarrek eskatzen dutenari erantzuten». Honela, herritarrek gai publikoetan zuzenean parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Era berean, ekimen juridiko honek erraustegiaren obren lizitazioaren «suspentsio automatikoa» dakarrela eta, honen aurrean, Gipuzkoako Diputazioak hilabeteko epean erabaki beharko duela azaldu dute.

Herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua oinarri hartuta aurkeztu dute ekimen juridikoa, hain zuzen ere herritarrek bizitza publikoan parte hartzeko eskubidea bultzatu eta bermatzen duen araua.

«1/2010 FA 15.3 artikuluan 10.3, 13.3 eta 16.4 artikuluekin erlazioan xedatzen denari jarraiki, ekimen honek eragin etenarazle automatikoa duela azken erabakia baldintzatzen duen edozein jarduketarekiko. Erabakia nahitaezkoa da Arauaren arabera», azaldu dute.

Bestetik, partaidetza prozesurako «akordio sozial eta politikoa bilatzea», plan berria onartu baino lehen egitea, eztabaida «lasaia eta sakona» gauzatzea eta «laguntzeko eta lana errazteko» konpromisoa hartzea proposatu du.

GuraSOSek «konfiantza osoa» agertu du Aldundiko arduradunengan. «Irtenbide onenaz ezin da hitz egin, baizik eta denon artean onartu eta adostutako irtenbideaz».