Saio luze baten ondoren, frantziar Legebiltzarreko 489 diputaturen onespenarekin onartu dute iazko azaroko Parisko atentatuetatik indarrean dagoen larrialdi egoera beste sei hilabetez luzatzea, 2017ko urtarrilera arte. 26 diputatuk besterik ez dute aurka bozkatu.
Eztabaida hasi aurretik, Manuel Valls lehen ministroak esan duenez, Estatu frantsesak «sekula ez du horrelako mehatxurik ezagutu». «Gorrotoaren eta obskurantismoaren aurkako gerra» irabaziko duela agindu du.
Egun larrialdi egoeragatik indarrean daudenez gain, beste hainbat neurri gehigarri ezartzea aurreikusten du lege proiektuak. Hala, miaketak baimen judizialik gabe egin ahal izango dira berriro –maiatzean bertan behera geratu zen neurri hori– eta Poliziak atzematen dituen mugikor eta ordenagailuetako informazioa miatu eta erabili ahal izango du.
Horretaz gain, hainbat presoren ziegetan 24 orduz kamerak ezarri ahalko dituzte.
Senatua gaur arratsaldean, 17.00etatik aurrera, hasiko da proiektua eztabaidatzen eta ostiralera arte luzatzea espero da.