Gizon adeitsua eta hitz egokikoa da Jose Ramon. Eskuetan nabari zaio lan gogorra ohikoa duela, eta hizkeran jendearekin hartuemana izatera ohituta dagoela. Izan ere, bi alderdi hauek landu behar izan ditu aitarekin batera aizkorak egiten hasi zenetik, hamalau urte besterik ez zituela: sutegian lan egin egiten zuen eta dendaz denda ibili ere bai, aizkorak, danbolinak eta bestelako tresnak saltzen, viajante moduan alegia. Azken garaiotan kazetari ugari gerturatzen da Urnietako lantokira, dagoeneko Euskal Herriko azken aizkoragile deitu genezakeen honi elkarrizketak egitera.
Mutiko koskorra zelarik, ez zuen aizkoragile izateko asmorik. Ezta bere aitak horretara behartzeko ere, ez baitzuen hain lan gogorra nahi semearentzat, eta Lanbide Heziketa egin ondoren herriko enpresa batean lanean hasteko aukera izan zuen Jose Ramonek. Azken unean, ordea, aita bakarrik ez uztea erabaki zuen eta berarekin hasi zen lanean, larruzko mantala jantzita. Hasieran, aitak sutegian landutako aizkorak zorroztu eta dendaz denda saldu, hori zen bere eginkizuna. Gero, poliki poliki, tailerreko lan guztiei ekin zien.
Iñaki Agirrezabalagak amak erakutsita ikasi zuen saskian egiten, Azpeitiko Matxinbenta auzoan. 60 urte aste honetan bete ditu eta oraindik jo ta fuego ari da langintza honetan, baina azkenekotakoa da dagoeneko.
«Ez zen ohikoa emakumeak aritzea saskigintzan, baina gure amari hala tokatu zitzaion. Aita saskigilea zeukan eta bi seme aritzen ziren berarekin, baina hauek soldadutzatik gaixo itzuli eta hil egin ziren, 22 eta 23 urterekin. Orduan alabak -nire ama izango zenak- berak lagunduko ziola esan zion, eta hala hasi zen, 14 urterekin, baita ofizioa majo ikasi ere. Ezkondu eta zazpi seme alaba izan zituen, baina senarrari eta lau mutiloi bakarrik erakutsi zigun otarrak egiten. Egia esateko, gogoz kontra ikasi genuen…», diosku Iñakik erreka ondoko Matxinbentako etxean.
Tolosan ajustadore ikasi eta horretan hasi zen lanean. Gero pilotari profesionala izan zen, erremontekoa, baina 27 urte zituela horiek denak bukatu egin ziren eta saskigintzari berriro heltzea erabaki zuen, ogibide moduan orduan. Berrogei saskigile ezagututakoa da Azpeitia eta Nuarbe bailara honetan, eta orain hiru bakarrik geratzen dira. Euskal Herri osoan ere askoz gehiago ez, Iñakiren ustez; Urola bailarako hauez gain, Bizkaian beste norbait bat omen dabil, eta Nafarroako Iantzin ere bai baten bat.
1975era arte abereak ferratu ere egiten zituzten Jauregitarrek, baina ordutik aurrera aizkoragintza izan da lanbide bakarra teilatupe honetan. Aizkora borobila, betikoa, egin zuten. Basoko lanetarako aizkoraz gain, harakinek erabiltzen dituztenak ere ondo saltzen zituzten, eta apustuetan erabiltzekoak ere dezente. Aizkolariak, Polipaso eta Latasa adibidez, tailerrera bertara etortzen ziren eta aizkora pertsonalizatuak egiten zitzaizkiela esan daiteke, haiek esandako modukoak. Salmenta, berriz, inguruko azoketan egiten zuten, hala nola Hernanin, Tolosan, Ordizian, Azpeitian, edota Santa Lutzitan eta Santomasetan. Pixkanaka, Bizkaian eta Nafarroan ere saltzen hasi ziren. Gaur egun burdindegietan saltzen dute gehien, eta azoka birtualak -internetek, alegia- hartu du ohikoen tokia. Webari esker Europan eta Amerikan ezagutarazi du bere produktua Jose Ramonek, eta ondo saltzen ari da, Finlandiako banatzaile baten bidez.
Teknologia aldetik aldaketa dezente egon da aizkoragintzan. Alde batetik, materialei dagokienez. Altzairuzkoak dira gaur egungoak eta altzairu horren konposizioa asko zaintzen du Jose Ramonek, karbonoa, manganesoa, wolframioa, titanioa… horiek denak proportzio egokietan erabiliz. Kirtenetan ere izan dira aldaketak. Basorako eta apusturako aizkorek pago egurrezkoa izaten dute, baina harakinen erabiltzen dituztenak polietilenozkoak dira. Eta gainera altzairu herdoilgaitzarekin egiten dira, osasun arauak direla eta.
Iñakik ere dendaz denda ibili behar izan zuen saskigile hasi zenean. Hogeitamar otarre mota baino gehiagoko katalogoa osatu zuen, asko eta asko berak asmatutako modeloak, eta horiek eskaintzen zituen. Baita gaur egun ere. Azpeitian denda dauka, emaztearen ardurapean, eta Euskal Herriko azoka askotan ibiltzen da, jendaurrean zuzenean lanean. Bezeroen bila joan beharrean, orain bezeroek deitu egiten diote eskariak egiteko, oso ezaguna egin baita, eta gainera geratzen diren bakanetakoa izanik… ‘Matxin’ deitzen dio mundu guztiak, pilotari garaian hartutako goitizinez.
Eskuak majo zailduta dauzka ‘Matxinek’, eskularruekin babestu arren. «Bai, lan gogorra da. Eta ondo egitea gustatzen zait, berdin kostatzen baita. Hori dela gure problema esaten diot andreari txantxetan, saski onegiak egiten ditugula eta gehiegi irauten dutela» dio irrifarrez.
«Aizkora ona egiteko bi gako daude: altzairu ona eta forja. Altzairu onarekin aizkora txarra egin daiteke, baina txarrarekin ona ez. Eta forja eta tenplea erabakagarriak dira. Altzairuak osagai asko dauzka eta forjarekin osagai horiek era jakin batean ordenatzen dira, ‘pertsonalitatea’ ematen zaio aizkorari. Forjatua garai batean bezalaxe egiten du Jauregik, uretan sartuta eta piezak hartzen duen koloreari kasu eginda. Forma ere oso garrantzitsua da, lodiago edo meheagoa den, ahoaren angelua… Duela 40 urte azaldu ziren Euskal Herrian australiar erako aizkorak, hango kirolariek ekarrita, eta haien formak izan du eragina hemengo apusturako aizkoretan.
Beste hiru aizkoragile ezagutu ditu Jose Ramon Euskal Herrian. Ezkio-Itsason Iturbe anaiak aritzen ziren, eta Erbiti eta Perurena Leitzan. Motozerrak kolpea handia eman zion lanbide honi eta azken urteotan Jauregi da Euskal Herrian aizkorak eskuz egiten dituen bakarra. Moldea erabiltzeak eman dio Jose Ramoni aizkoragintzan jarraitzeko aukera. Lehen bi pusketa soldatuta egiten zen aizkora, oso prozesu nekosoa. Orain moldean egiten dira, galdategian, eta horrek erraztu egin du fabrikazio-prozesua, baina forjatua, tenplea ematea, zorroztea, leuntzea… horiek denak eskuz eta banan banan egiten dira gaur egun ere Urnietan. Eguneko 25 aizkora inguru egiten ditu Jose Ramonek.
Urtarrilean eta otsailean sartzen da Iñaki basoan, urte osoan beharko duen zuraren bila, beti ere gaztaina arbola eta beti hilbeheran. Arazo bat sortzen ari zaio azken garaiotan, oreinak pujak jaten baitituzte, eta berez gaztaina gutxi egonda horrek ez du batere laguntzen. Are gehiago, ostoetan kozkorrak topatzen hasi da Iñaki, gero eta gehiago, eta kozkor horien barruan zomorroa. Adituek gaitz honi nolabait aurre egiten hastea nahi luke.
Sei-zazpi urteko egurra da egokiena otargintzarako. Bota eta gero uretan eduki behar da enborra, hilabete batzutan, lantzeko prest egon arte. Erabateko esku-lana da egin beharrekoa, eskuekin atera behar dira zuraren lamina luzeak, ondoren saskia osatuko dutenak. Eta elkarrekin trabatu ere bai, jakina.
Aipatu katalogoan denetariko otarrak dauzka Iñakik. Ogia eramatekoak, perretxikuak eta sagarrak biltzekoak, arrautzetarakoak, dantza taldeentzakoak, gabonetako saskiak… baita telebistaren urrutiko agintea edo telefono mugikorra jasotzekoak ere. Hamar eurotan erosi daiteke Matxinen otar bat, oso merke atzetik daukan lan guztirako.