Gotzon ARANBURU
ZORNOTZA

Eubako pasiotarrak

Eztabaidaezina da, norberaren jarrera erlijioarekiko eta Elizarekiko dena delakoa ere, euskarak eta euskal kulturak eliza, monastegi eta apaiztegietan babes eta aterpe aurkitu izan duela historian zehar. Atzera jota, apaizak aurkituko ditugu ia soilik euskal idazleen artean (Aita Larramendi, Axular, Mendiburu…) baina oraingoan XX. mendeari begiratuko diogu, Eubako komentu pasionistak 60 urte bete dituen aitzakiarekin, euskarak berebiziko errepresioa jasandako garaietan –bereziki frankismo garaian– hainbat erlijioso komunitatek egindako lana azaltzeko.

Berrehun bat ikasle bildu ziren larunbatean Euban, ikastetxearen 60. urteurrenean. (Gotzon ARANBURU)
Berrehun bat ikasle bildu ziren larunbatean Euban, ikastetxearen 60. urteurrenean. (Gotzon ARANBURU)

Zehaztu dezagun sarreran esandakoa. Euskararen oso aldekoak eta oso kontrakoak egon dira eliza eta komentuetan, eta izan dira urteetan zehar jarrera erabat aldatu duten komunitateak ere. Kasurik tristeena, beharbada, Nafarroako Lekarozeko ikastetxearena izan zen. 1888an kaputxinoek sortua, hasieratik izan zen euskal kulturaren babesleku Nafarroan, baina 1936ko gerrak zeharko irauli zuen egoera; ordura arte euskaraz ondo egiten ez zuten ikasleak zigortzen bazituzten, handik aurrera zigortzen zituztenak euskaraz mintzatzen zirenak izan ziren.

Lekarozen ikasle izan zen, esaterako, Jesus Mari Leizaola, 1979ra arte Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izandakoa. Jorge Oteiza ere bai. Aita Donostia ikasle eta ondoren irakasle izan zen. Francok gerra irabazi ondoren, euskal kulturaren alde nabarmen aritutako fraide eta irakasleei Hego Amerikara alde egiteko «gomendatu» zieten Lekarozko arduradunek. 1986an egindako elkarrizketa batean, honela zioen orduko zuzendariak, Jesus Larrañetak: «Euskal kulturaren aldeko lana, hori garai bateko kontuak dira. Gaur egun, Lekaroz bestelakoa da». Duela zazpi urte eraitsi zuten hondeamakinek Lekarozko ikastetxea.

Francoren erregimenak gorroto bizia zion euskarari, euskal kulturari eta orokorrean «euskal» usaina zuen edozeri. Eskoletatik desagertu egin zen gure hizkuntza, Administraziotik zer esanik ez. Kalean ere jazartzen zuten… eta hilerrietako inskripzioetatik ezabatzera iritsi ziren. Egoera gogor horretan, arrisku bizian geratu zen euskara. Etxeko sukaldean, mendiko erromeriatan eta beste inon gutxi entzuten zen. Elizetan ere bai pixka bat. Ipar Euskal Herrian jazarpen hori ez zegoen, baina bai frantsesaren eta frantses kulturaren erabateko nagusitasuna. Lapurdiko Belokeko komentu beneditarra izan zen, ‘Herria’ aldizkariarekin batera, euskararen gotorlekuetako bat literaturari eta hedapenari dagokionez.

Hegoaldera itzulita, Gipuzkoan Arantzazuko eta Zarauzko komentu frantziskotarrak aipatu behar arlo honetan. Sobera ezaguna da lehenengoak jokatu zuen papera, ez bakarrik euskara batuaren sorreran –bertako fraide zen Luis Villasante, Euskaltzaindiako burua– baizik eta ehunka ikasle hartzen zituen apaizgaitegian euskara lantzeko egindako lanarengatik. Luzea litzateke Arantzazun ikasi eta trebatu ondoren euskal kulturan eta euskalgintzan aurreneko puntan ibili diren –eta dabiltzanen– zerrenda osatzea. Lazkaon beneditarrek egindako lana –esate baterako Juan Jose Agirrek osatutako artxibo erraldoia– ere azpimarragarria da.

Bizkaian Derio Apaizgaitegiak 1970an antolatu zuen aurreneko Uda Ikastaroa, helduak alfabetatzeko helburuarekin. Mintzamenarekin batera idazmena eta literatura lantzen ziren, eta irakasle asko irten zen Deriotik, gerora didaktikan, hizkuntzaren lanketan eta komunikabideetan aritu direnak. Baina egin dezagun jauzi Eubara, oraintxe bete baitira 60 urte bertako ikastetxea inauguratu zela; aitzakia ezin hobea frankismoaren gau ilunean euskal izaerari eusteko ahaleginak nolakoak izan ziren jakiteko, edo gogora ekartzeko.

Urteurren festa

Irailaren 17 da gaur, festa eguna Eubako ikastetxean, Zornotzako auzo airoso honetan. Urte hauetan guztietan ikasgela hauetatik pasatako ikasleak eta irakasleak gonbidatu dituzte egunpasara, eta berrehun bat bildu dira, bai, erakusketez, bertsoz, Gontzal Mendibilen kantaldiaz, eta bazkariaz, elkarrekin gozatzera. Gregorio Arrien da Eubako ikastetxea eta honen historia ondoen ezagutzen dutenetako bat. Historialaria, idazle fina eta hizlari gozoa, makina bat kontu azaldu digu, asko ikusitakoa baita bizitako 80 urteetan.



Deustuko ikastetxetik eta Gipuzkoako Gabiriakotik iritsi ziren 1956an Eubara lehenengo 110 ikasleak, apaizgaitegira. Baita Arabatik eta Nafarroatik ere, ondoren, Jabi Jaiok –Pasiotarren komunitateko nagusia– esan digunez. Hasiera hasieratik, nahiz eta frankismoa indar bete-betean izan, euskaraz ondo idazten ikasteari garrantzi handia eman zioten Euban.

Iriondo, Mendiguren...

Joxemari Iriondo kazetari azpeitiarra, 1985-1989 tartean ETBko zuzendari izan zena, ikasle izan zen hemen, Gabiriatik etorrita. Xabier Mendiguren ezkiotarra ere, gerora itzultzaile eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi izango zena, Eubako ikasle izandakoa da. Biek ere gogoan dute Jose Mari Larrarte eta Koldo Sarasola pasiotarrak izan zituztela euskara irakasle, isilpean emandako astean behineko klasetan. Sarasola hemen da gaur, festaz eta orduko oroimenez gozatzeko prest. Omenaldia ere jaso du. Eubako beste ikasle famatu bat Jesus Ceberio hondarribiarra izan zen, zeina ‘El País’ egunkariaren zuzendaria izatera iritsi zen (1993-2006 artean). Tomas Linaza ETAko militante historikoa ere Euban ikasitakoa da.



Gaurko ekitaldian izan da, argazki kamera eskuan, Joxemari Iriondo. Ondo gogoan dauzka nerabe garaian ikastetxe honetan bizi izandako pasadizioak. «Oso oroimen ona daukat nik Eubakoa, eta Eubako irakasleena. Euskara maitatzen erakutsi ziguten, bai horixe. Gipuzkera, bizkaiera… denetarik ikasten zen hemen. Asko irakurtzen genuen. Gure arduraduen baimena behar izaten genuen, hori bai, edozein liburu leitzen hasi aurretik. Gogoan dut ‘Garoa’ oparitu zidatela gurasoek, nik hamalau bat urte nituela, eta Aita Leonidesek –gizon txikia eta jatorra huraxe– esan zidala ‘bizpahiru orri hauek ezik beste guztia irakurri dezakezu’. Kasurik ez nion egin eta debekatutako orrialde haiexek irakurri nituen aurrena. Eta esan egin nion; ez zidan batere errietarik egin» diosku irrifarrez Joxemarik.

Ikaskideez galdetu diogu, eta horietako asko bizitzan zehar euskararen alde lana latz egindakoak direla esan digu, «isilean, sona bilatu gabe. Bi izen aipatuko dizkizut, norbaitzuk aipatze aldera. Bata, Joxe Agustin Orbegozo, Goiazkoa, maila aparteko gizona. Bestea, Joxe Lizarralde idiazabaldarra, euskara kontuetan maisua».

‘Bidez’ aldizkaria



Gregorio Arrienek azaldu digunez, 1963an euskarazko aldizkari bat ateratzea erabaki zuten, ‘Bidez’ izena izango zuena. Eta 27 zenbaki argitaratu zituzten, 1968ra arte, ikasleek prestatutako testuez osatuak.

Barnean bakarrik ez, kanpora begira ere euskal izaera erakusteko jauzia egin zuten Eubakoek, eta 1959an lehenengo Euskal Jaia antolatu zuten. Udaberrian izaten zen. Jakina, ekitaldi erlijiosoak ez ziren falta egun horretan, baina ezta euskal dantzak, abeslariak edo bertsolariak ere. Gero eta entzutetsuagoa egin zen Euskal Jaia, eta Bizkaia osotik etortzen hasi zen jendea, ikastetxe inguruko sailak autobusez, autoz, motorrez eta bizikletaz beteaz, haize fresko haren bila.

Bereziki gogoan du Arrienek 1964ko ekitaldia: Baserri, Lazkao Txiki, Azpillaga eta Mugartegi bertsolariak aritu ziren orduko hartan. Gontzal Mendibil, Estitxu edo Xeberri ere Euban kantaldiak emandakoak dira, 1979 arte ospatu zen Euskal Jaian. Jabi Jaiok esan digun bezala, egitarau osoa Gobernu Zibilera eraman beharra zuten aurrez, eta gainera bertako arduradun bat fraideekin bazkaltzera gonbidatu beharra. Baimena ematerakoan, zehaztapenak ere egiten zituen gobernadoreak idatzian: «En la interpretación de bailes que contengan saludo a la bandera, deberán hacerlo obligatoriamente a la Bandera Nacional». Esan beharrik ez zer naziotaz ari zen.

Frankismoaren bukaeran, Eubako ikastetxea Bizkaiko ikastola handienetakoa bihurtu zen, Lauaxeta ikastola, gaurdaino. Beste hainbeste egina zuten pasiotarrek Euskal Herrian zeukaten beste komentu batean, Urretxukoan, non 1966an ikastola martxan jartzeko beharrezko gelak utzi zituzten, eta babesa eman, oraindik legez kanpokoa baitzen. Udalekuak ere pasiotarrek Arabako Angosto herrian zuten komentuan egiten zituen ikastolak. Eta Urretxun ere argitaratu zuten pasiotarrek euskarazko aldizkaririk frankismo garaian, hain zuzen ere ‘Laiaketan’ izenekoa.

Iheslariak ezkutatu

Frankismoari aurre egiteko euskara irakatsi bakarrik ez zuten egiten Euban. Arrisku handiagoak ere hartu zituzten. Hain zuzen, Poliziarengandik ihesi zebilen hainbat pertsona ezkutatu zuten etxe honetan, zehazkiago esanda etxe honek dituen bi eraikinetatik batean. Eraikin bat ikastetxea zen eta beste komentua. Bada komentuan egonaldi luzea egin zuen Jose Antonio Ardanzak 1965ean, EGIren zuzendaritzaren erorketa gertatu zenean.

Peru Ajuria (EAJ) ere hemen egon zen ezkutatuta, baita gero kazetaria izango zen Juan Mari Arregi ere. Azken hau epaiketa militarraren mehatxupean zegoen. Mikel eta Iñaki Arrarte anaia bilbotarrak –txistulariak eta dantzariak– izan ziren Euban babesa aurkitu zuten beste batzuk, ikurrinak jartzeagatik eta pintadak egiteagatik Polizia segika zutela zirela konturatu zirenean.