Kepa Mendiak (Araba), Justo Alberdik (Bizkaia), Jaime Albillosek (Gipuzkoa), Patxika Erramuzpek (Ipar Euskal Herria), Mari Carmen Belazak (Nafarroa) eta Jose Ramon Zengotitabengoak (diasporaren izenean) jasoko dute Durangoko Azokan urteko banatzen den Argizaiola saria, «euskal kulturaren eta euskararen alde egindako inurri-lanagatik», azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, Durangoko Plateruenan egindako aurkezpenean.
«Gure euskal eta euskarazko mundu hau ehunka inurrik egindako lanaren emaitza da», nabarmendu du, eta sariketa honen bidez urtetan zehar gau eskoletan, antzerki taldeetan, kultur elkarteetan edota bestelako ekimenen bidez euskara eta euskal kultura laguntzen sustatu dutenei omenaldia eskaini nahi zaiela azaldu du.
Durangoko Azoka inoiz baino goizago, abenduaren 2tik 6ra ospatuko da aurtengoan eta bertan bilduko diren 246 standek 349 nobedade eskainiko dituzte, nagusiki liburuak (233), baina baita diskoak (61), aldizkariak (19), bideoak (5) eta bestelako materiala (31).
Iaz bezala, aurten ere ez dela herrialde gonbidaturik izango ere esan du Mujikak, bide hori agortua dela ondorioztatu baitute. «Bide horrekin ez dugu jarraituko. Lan eta gastu handia zen guretzat, eta Azokak ez zuten etekin handiegirik ateratzen», zehaztu du, nazioarteko harremanak «beste elkarte batzuen bidez» landuko direla agertzeaz batera.
Hala, aurten Etxepareren laguntzaz Flandriako ordezkariak hartuko ditu Azokak, eta Argentinako Euskal Etxeak erakusleiho edo stand berezia izango du.
Gune ezberdinetan eskainiko dena azaltzeaz batera, Mujikak dei egin die azokara urtero joan ohi direnei zein sekula bertaratu ez direnei. «Azokak zuentzat guztientzat du plana», ziurtatu du.