GOTZON ARANBURU

KiVa iritsi da ikasgelara

KiVa programa martxan jarri dute dagoeneko ikastolek. Jazarpenaren kontrako tresna da KiVa, Finlandiako Turku unibertsitateak garatua, eta munduko eraginkorrena omen da. Horregatik hartu du eredutzat Ikastolen Federazioak eta ezarri da 52 ikastoletan. Oraingoz 18.149 ikasleri eragingo die KiVak, horien artean Andoaingo Aita Larramendi ikastolakoei. KiVa Eguna dela eta, bertatik bertara ezagutu ahal izan du NAIZek programa, baita berau aplikatzeko ardura dutenen testigantzak jaso ere.

Jazarpenaren aurkako leloak idatzi zituzten Aita Larramendi ikastolako ikasleek. (Gotzon ARANBURU)
Jazarpenaren aurkako leloak idatzi zituzten Aita Larramendi ikastolako ikasleek. (Gotzon ARANBURU)

Zazpi irakasle joan ziren iaz Finlandiara, KiVa ezagutzera, edo hobeto esanda, ikastera. Egunero jasotzen zuten formakuntza teorikoa Turkuko unibertsitatean, KiVaren filosofia eta ezaugarriak ondo barneratzeko eta ikasleekin, irakasleekin, eskoletako bestelako langileekin eta gurasoekin nola lan egin ikasi zuten fakultatean. Praktikak eskoletan egin zituzten, KiVa talde batean integratuta, bullying kasu bat detektatzen denean nola jokatu ikasteko. Irakasle horietako bat Ane Jalon da, Gipuzkoako ikastolei KiVa formakuntza emateaz arduratuko dena.

«Jazarpena egon badagoela eskoletan, horren zalantzarik ez dago, berehalakoan ikusi edo ez. Hauxe da KiVaren helburuetako bat, balizko kasu guztiak detektatzea. Detektatu ondoren eta txostena eginda, ikusiko da bullying kasu batean aurrean gauden, liskar arrunt bat izan den, edo beste zerbait. Alegia, bi eginkizun ditu: arazoa detektatu eta arazoa konpondu», diosku Anek. Urtarrilean zehar hasiko da aplikatzen KiVa egitasmoan parte hartzea onartu duten 52 ikastoletan.

Lehenengo bilera batean KiVa orokorrean zer den azalduko dute Anek eta bere lankide Jon Vazquezek, alegia, proiektuaren ezaugarri nagusien berri emango dute. Bigarrenean, hamar unitate didaktiko eta bideo joko bat. Eta hirugarrenean, KiVa talde bat nola eratzen den erakutsiko diete, jazarpen kasu bat gertatzen denean protokoloa aplikatzen hasteko. Pausu hauek emanda, ikastola jakin horretako KiVa arduraduna izendatuko da.

Aita Larramendi ikastolan gelaz gela ari dira KiVa lantzen. Hasteko, orbelean hainbat arau idatzi dituzte irakasleek, «KiVa konpromezua» delakoa osatzen dutenak. Lehenengoa, «ez dugu inork sufritzerik onartuko». Bigarrena, «ez gara ikusle hutsak izango». Horrela, zortziko multzoa osatu arte.

Ondoren, kartelak idazteari eta KiVa logotipoa margotzeari ekin diote umeek. Lanak bukatutakoan, kartelak ikastolako sarrerako panel batean ezarri dituzte. Horietan ere, mezu argiak, esaterako «bullyinga gorputzarentzat mina, KiVa laguntasuna biba!» dioena. Gelaz gela jaitsi dira ikasleak eta poliki poliki mural bat osatzen joan da denen aportazioekin.

Ikastola bakoitzeko KiVa arduradunak bilera ziklo bat hasiko du, irakasleekin eta Lehen Hezkuntzako guraso guztiekin. Gurasoentzat bereziki prestatutako gida bat prestatuta dago, nahi duten une oro interneten kontsultatu dezaketena. Gida hori baliogarria da bai semea edo alaba erasotua bada, bai erasotzailea bada, eta bai ikuslea bada ere.

Larramendi ikastoko pasiloetan barrena KiVa horma-irudiak ikusi ahal izan ditugu nonahi. Ane Jalonek esan digunez, helburua da bai umeek eta bai irakasle eta begiraleek une oro gogoan izatea jazarpena ez dela onartuko eta, bullying egora bat detektatzen bada berehala jakinarazi behar dela. Umeekin harremana duten begirale guztiek –jolas ordukoak, jantokikoak, autobusekoak…– KiVa txalekoa izenekoa eramango dute jantzita, nahiz eta oraindik ez diren ailegatu eskolara. Zer helbururekin? Bada etengabe ikusarazteko KiVa ikastola batean gaudela eta hemen ez dela bullyinga onartzen.

Jakina, gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da jazarpenaren kontrako ekimen hauek arrakasta izateko. Konfidantza eduki behar dute, ikastola gai izango dela bullying kasuak detektatzeko eta aurre egiteko. Eta ez nolanahi, inprobisatuz, baizik eta aurretik eraginkorra dela erakutsi duen protokolo baten bidez, hau da, KiVa aplikatuz. Era berean, laguntza eskatzen die eskolak, seme-alaba biktima edo erasotzaile izan daitekeela antzematen badute, jakinarazteko eskolari. Ez inor zigortzeko, baizik eta biktimari berehalako babesa emateko eta erasoitzaileari eta ikusleei jarrera aldarazteko.

Hamarretik batek jasaten du

Jazarpena mundu mailako fenomenoa da. Estadistiken arabera, hamar ume eta nerabetatik batek jasaten du bullyinga. Eta bada beste datu ba oso adierazgarria: gehiago dira erasotzailearen alde azaltzen diren ikaskideak biktimaren alde azaltzen direnak baino. Bullyingari aurre egiteko ezinbestekoa da taldearekin lana egitea, hau da, erasotzaileak bere «babes talde» hori galtzen badu askoz ere prontoago egongo da jarreraz aldatzeko. Kalkulatzen da umeen hirutik bat ez dela ohartzen jazarpenaz.

Ane Jalonek azpimarratu digunez, oso inportantea da jazarpen kasuetan «ikusle» diren neska-mutikoen jarrera aldatzea, hau da, pasibotasunetik jazarpenaren aurkako jarrera hartzera bultzatzea. Biktimarekiko enpatia bilatzen du KiVak eta, ikusi ahal izan dugunez, pronto daude horretarako Larramendi ikastolako ikasleak. KiVa Eguna bukatzeko abestu duten bertsoak hala dio: «Zer da ba gozatzea/ bestearen minez/ ezin gara isildu/ guztia jakinez/ gauzak garbi esanda/ eta aurre eginez/ bideratuko dugu/ erantzukizunez/ Ikastolan nahi dugu/ bizi atseginez».