Arabako 17 udalerrik Arabako Batzar Nagusietan egindako eskaerarekin bat egin dute eta CSNko, espainiar Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko, presidentearen dimisioa eskatu dute. Fernando Marti Sharfhausenek bere karguko lanetan «erakusten duen gardentasun ezagatik» eta Santa María de Garoña zentral nuklearraren «irekitzeko aukeren inguruan daukan alderdikeriagatik» egin dute eskaera, Arabako EH Bilduk jakinarazi duenez.
Laudio, Aiara, Okondo, Amurrio, Artziniega, Aramaio, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia, Agurain, Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga, Gaubea eta Lapuebla de Labarkako udalerriek egin dute bat dimisio eskaerarekin.
«Bere karguan herritarren segurtasuna izan beharko litzateke lehentasun eta ildo nagusia, eta ez hirugarren batzuek izan ditzaketen interes ekonomikoak» dio koalizio soberanistak aurkeztu eta udalerri hauetan onartu den mozioak.
Era berean, Garoña «berehala» ixtea eskatu dute, «bere bizitza erabilgarria aspaldi gainditu zuelako» eta berriz irekitzeak arabarren segurtasuna «arrisku larrian» jarriko lukeela uste dute-eta.