NAIZ

Juanba Berasategi zinegilea hil da

Juanba Berasategi zinegile eta ekoizle gipuzkoarra hil da, gaixotasun baten ondorioz. Marrazki bizidunen alorrean aitzindaria izan zen Euskal Herrian.

Juanba Berasategi, goian eskuinetik lehena, iazko abenduaren 1ean, ‘Ikuska’ bilduman parte hartu zuten beste bederatzi zinegilerekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Juanba Berasategi, goian eskuinetik lehena, iazko abenduaren 1ean, ‘Ikuska’ bilduman parte hartu zuten beste bederatzi zinegilerekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Juanba Berasategi Pasai Donibanen jaio zen 1951n. Zinegile gisa marrazki bizidunen alorra landu zuen batik bat eta aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Lotura Films ekoiztetxea sortu eta zuzentzen zuen azken urteetan.

Euskal Herrian egin zen lehen animaziozko filma egin zuen Berasategik 1977an, ‘La estrella de Oriente-Ekialdeko izarra’, 16 milimetroko film laburra, eta bi urte beranduago, ‘Fernando amezketarra’ saila.

‘Ikuska’ sailean ere parte hartu zuen, 1980an, ‘Euskara galdutako Nafarroa’ dokumentalarekin, herrialde horretan euskararen egoera aztertzen zuena. EKHEk eta GARAk, Euskadiko Filmategiarekin batera, bilduma hori berreskuratu eta digitalizatu zutela-eta iazko abenduaren 1ean Donostian egin zen aurkezpenean izan zen Berasategi, sail horretan parte hartu zuten beste zortzi zuzendarirekin batera. Handik egun gutxira, Durangoko Azokan egin zen aurkezpenean ere parte hartu zuen, NAIZek bideoan jaso zuen.

Berea zen, halaber, Euskal Herrian marrazki bizidunetako lehen pelikula luzea, ‘Kalabaza tripontzia’ (1985). 1991n aurkeztu zuen bigarrena, ‘Ipar haizearen erronka’. ‘Lazkao txiki’ saila, ‘Kukubiltxo’ (1983), ‘Ahmed, Alhambrako printzea’ (1998) eta ‘Alhambrako giltza’ (2003) dira bere filmografiako beste lan batzuk.

Duela aste gutxi bukatu zuen Berasategik bere azken filma, ‘Nur eta herensugearen tenplua’, Toti Martinez de Lezearen liburuan oinarritua. Aurki estreinatzekoa zen.

Bere ibilbideagatik hainbat sari jaso zituen Berasategik. 2013an Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen. 2006an, Gipuzkoako Aldundiak Abbadia saria eman zion.