Maite UBIRIA
BAIONA

Heletan erre zuten etxearen jabeek bigarren etxebizitza zela gezurtatu dute ohar batean

Astearte egusentian Helako herrian erre zuten etxeko jabeen lekukotasuna lortu dute Mediabask.eus eta NAIZek. Agiri baten bitartez, Hendaian suatraiturik den Berasategui-Erdocio familiak argitu du osasun arazo bat tarteko familia ez zela etxebizitza horretan iraunkorki bizi oraindik, baina «gurea ez zen bigarren etxebizitza bat, etxe familiarra baizik».

Heletan erre zuten etxea erabat suntsituta geratu zen. (NAIZ)
Heletan erre zuten etxea erabat suntsituta geratu zen. (NAIZ)

Ormaiztegin eta Arbonan jatorria duen familiaren ibilbidea azaldu ostean, zera adierazi du Berasategui-Erdocio sendiak: «Familia bati argazkiak eta oroitzapenak erre egin dizkiote, haur batzuek haien ikastolako lagunei azalpenak emateko zailtasunetan jarri dituzte eta amandre bati bere 90. urtebetetzea bere tropa txiki horretaz inguraturik ospatzea ekidin egin diote».

Astearte egusentian etxe bat erre zuten Heletan. Herriko auzapezak, Philippe Etxebestek, etxebizitza nafar familia batena zelakoan, «istripua izan ez zen» sute horren harira hainbat azalpen eman zituen egunean bertan. 

Konponbide prozesuaren testuinguruari zeharkako aipamena eginez, gertatutakoa ez zaiola ulergarria egiten azaldu du auzapez heletarrak FranceBleu irrati katean.

Suak etxea guztiz suntsitu zuela baieztatu du, bere aldetik, etxearen jabe den familiak. 90eko etxea erosi zutenetik, herriarekin izandako lotura zehaztu dute agiri horretan. Alegia, etxe ondoko lurra dohain ezarri zutela Heletako laborari baten eskuetan nabarmendu dute.

«Euskal Herria ez da salgai» leloa agertu zen margoturik Illantonia izeneko etxean. Jendarmeriak hartu du bere gain ikerketa, Baionako prokuradorearen agindupean. Litekeena da ondoko orduetan «terrorismoaren aurkako» Parisko fiskaltza dozierraz jabetzea.