NAIZ
BAIONA

Seaskak Larzabaleko kolegioan Inklusiorako Egitura Pedagogikoa irekitzeko baimena lortu du

Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan Inklusiorako Egitura Pedagogikoa (IGP) irekitzeko baimena eman dio Bordeleko Akademiako errektoreak Seaskari. Arlo horretan lan egiten duten eragileei eta hautetsien mobilizazioari esker lortu dela nabarmendu du ikastolen elkarteak.

Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan IGP egitura aldarrikatzeko Seaskaren agerraldia, hautetsien babesarekin. (@kazetaeus)
Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan IGP egitura aldarrikatzeko Seaskaren agerraldia, hautetsien babesarekin. (@kazetaeus)

Seaskak ohar batean berri eman duenez, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan Inklusiorako Egitura Pedagogikoa (IGP) irekitzeko baimena lortu du. Bordeleko Akademiako errektoreak, Olivier Dugrip-ek, jakinarazi dio ikastolen elkarteari irailetik aurrera egitura hori ireki ahal izango duela. 

Erabaki honekin Pierre Barriere Paueko Akademiako ikuskariak hartu zuen erabakia zuzendu du Bordeleko errektoreak.

Seaskak nabarmendu du haur elbarriak eskolatzeko lan egiten duten eragileei eta hautetsien mobilizazioari esker lortu dela Larzabaleko kolegioan IGP egitura izatea. «Familiendako lasaitasun handia da», adierazi du. Izan ere, «Maule, Larzabale edo Bankan bizi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako familiek eskola arruntean eskolatuak izateko beharrezkoa duten egitura eskura izanen dute, orain arte barnealdeko familiei ukatua zitzaiena», erantsi du.

Orain arte ez zegoen IGP egiturarik Zuberoa eta Nafarroa Beherean eta Paueko inspektorearen arabera, behar bereziak dituzten 11 eta 12 urteko hiru haurrek egunero kostaldera joan behar zuten, eta arratsero barnealdera itzuli.

Diru bilketa kanpaina

Aurrerantzean inklusio politikan aitzindari izaten jarraituko du Seaskak eta herritarrei dei egin die horretarako Integrazio Batzordeak antolatu duen diru bilketa kanpainan parte har dezaten.