NAIZ
BEDIA

Bi langile hil dira Bedian eta Azpeitian izan diren lan istripuetan

44 urteko langile bat hil da gaur goizean Bedian izan den lan istripuan. Forjas Unidas Vascas enpresan gertatu da ezbeharra, behargina makina bat manipulatzen ari zen eta buruan kolpe bat jaso du. Azpeitian beste langile bat zendu da, makina batekin engantxatuta.

Lan istripuen aurkako mobilizazio bat. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Lan istripuen aurkako mobilizazio bat. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Lehenengo lan istripua Bedian gertatu da gaur goizean. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Forjas Unidas Vascas izeneko enpresan gertatu da ezbeharra; 44 urteko behargina makina batekin lanean ari zen eta buruan kolpe bat jaso du, horren ondorioz hil egin da. 

ELAko afiliatua zen hildako langilea eta 44 urte zituen. Sindikatuak elkartasuna adierazi die senide eta lankideek eta Osalani heriotza hau ikertzeko eskatu dio.

«Lehen mailako arazo sozial eta laborala da hau; administrazioek ordea, ez diote gaiari heldu nahi, estatistikei bakarrik erreparatzen diete», adierazi du ohar batean.

ELAren ustez, enpresen «kezka bakarra errentagarritasuna eta lan erritmoak handitzea da, ez ordea segurtasuna eta langileen osasuna».

LAB sindikatuak ere salaketa egin du eta senide, lagun eta lankideei bere babesa adierazi die. Lan istripuak «arazo estrukturala» direla salatu du eta ez direla «arrazoi puntual edo koiunturaletik» sortzen. Sindikatuaren ostez «botere harreman aldaketa ematen ez den bitartean errepikatu egingo dira horrelako gertaerak». Behar den ikerketa abiarazteko eskatu du LABek eta Lakuari lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzeko eskatu dio eta «judikaturari, istripuen erantzuleen gainean ardurak exijitzea». 

Azpeitian, 51 urteko azkoitiarra hil da

Arratsaldeko lehen orduan beste lan istripu bat izan da Azpeitian, Urrestillako Olalde industrialdean. Ontziratzeko makina batean engantxatuta geratu da eta bertan hil da 51 urteko behargina, Lakuako Segurtasun Sailak eta LABek azaldu dutenez.

Uztarria.eus atariaren arabera, hildakoa azkoitiarra da. LABek azaldu du JJ Producciones enpresako langilea zela.

Enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du biharko eta 12.00etan enpresaren atarian elkarretaratzea.

LABen arabera, aurten dagoeneko 34 behargin hil dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian.