Kartzelako lanean pilatu ditu Maialen Lujanbiok puntu gehien, honako gaiari kantatuz: «Dena ondo zihoan, argia piztu den arte». Artaleku txaloka lehertu da ariketa honetan, hainbertze bigarren bertsoaren bukaera ia ez dugula aditu. Hona hiru bertsoak: «Trago bat eta beste trago bat gure kaleetan barrena/ ta piztea da alkoholak eta sexu grinak dakarrena/ zure etxera nere etxera betiko gauzak aurrena/ zure logelan sartu gera ta hara hemen ondorena/ argia zegon itzalita ta bertan biluztu naiz dena/ ta bat-batean piztu egin da argi txiki xumeena/ nere gerrira begira zaude ez naiz uste zenuena».
«Estali arte izan dugunak nahiko irri nahiko broma/ ahorik aho pasa dugunak gintonic barruko horma/ bular parea zut neukan eta zuk eman didazu forma/ galtza estuak nebilzkin arren ez takoi eta ez gona/ hau ta hura naiz hartzen ari naiz zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona».
«Gizarte honen estereotipo ta gizarte honen usten/ tranpan zu ari zera erortzen eta hori ez dizut uzten/ zuk badakizu nola zizelka eta marraztu gaituzten/ ze inporta du gaur ari banaiz zure aurrean biluzten/ eta neroni ni neu naizena hori bakarrik gorpuzten/ nere gerripe zintzilikako desira ari da puzten/ itzali zazu argia eta utzi azalari ikusten».
Aitor Sarriegiren kartzela ere aunitz eskertu dute entzuleek. Umoretsu aritu da beasaindarra. «Denbora asko zen juergara ni ez nintzela atera/ izugarrizko gogoa ta suertatu zait aukera/ barra ertzean neska bat bai bera ote da bera/ aspaldi begia bota nion ta noan hastera/ hizketari ekin diot ta segi dugu aurrera/ bapatean bota diot goazen amaren etxera/ igo eta pasilloan ia lapurren antzera/ elkarri eskutik helduta gelaraino heldu gera», abestu du lehena.
Eta hurrengo biak: «Bapatean baztertu det planean neukan gaupasa/ ta nere baitan pentsatzen ere hasi naiz nere kasa/ batzuetan ligatzea ez da izaten erraza/ eta gaurko honek dauka oso gutxitako traza/ arropak kendu ditugu berotu zaigu arnasa/ maindirepean sarturik bizkortu dugu konpasa/ pentsatzen ari nintzela hau izango da demasa/ argia piztu dute ta eten digute jolasa».
«Ta atean noski ama ezin zen izan bestela/ ezerezean geratu zaigu ahalegin ustela/ horrelakoetan nola sentitzen den bat txepela/ nik uste nuen builaka bertantxe hasiko zela/ ta bapatean esan dit inoiz entzun ez bezela/ gaur sorpresarik ez Aitor gauzak behar dik horrela/ eta esan dit kondoiak mesanotxean daudela/ gazteak zarete eta gozatu dezazuela».