NAIZ

A5: erabakitzeko hitzordua Getxon, Leioan, Galdakaon, Erandion, Andoainen eta beste zortzi herritan

Gure Esku Dagok sustatutako galdeketan dinamikan erabakitzeko eskubidearekin hitzordu berria dute igandean 13 udalerritan. Kataluniako egoerak baldintzatuta dator hitzordua eta «eskubide zibilak hauek praktikara eramanez defendatzeko» deia egin zuten antolatzaileek. Herri handiak dira tartean, Getxo, ia 80.000rekin, eta Leioa eta Galdakao, 30.000na inguru, adibidez.

Andoaingo galdeketako boto paperak. (@gara_mjauregi)
Andoaingo galdeketako boto paperak. (@gara_mjauregi)

190.000 bat biztanleko eremua eta 160.000 bateko errolda hartzen dute igandean Gure Esku Dagok sustatutako galdeketen dinamikan botoa emateko aukera duten herriek. Getxo, ia 80.000 biztanlerekin, da udalerririk handiena; Leioa eta Galdakaon ere, 30.000 inguru, botoa emateko aukera izango dute. Erandio (ia 25.000), Andoain (ia 15.000), Berango (7.000 inguru), Mundaka (ia 2.000), 1.000 pasatxorekin Areatza, Atxondo eta Otxandio eta hortik behera dituzten Ibarrangelu, Elantxobe eta Beizama ere deituta daude iganderako.

Begi bat Katalunian dator erabakitzek eskubidearen aldeko dinamikak sustatutako galdeketa olatu hau, hala adierazi zuten asteazkenean elkarrekin hamahiru herrietako ordezkariek egin zuten agerraldian, «adi gaude, baina gure bidea bazter utzi gabe, hemen ere gure etorkizun politikoa erabaki nahi baitugu». Horregatik igandekoa «gure eskubide zibilen defentsa hauek praktikara eramanez» egiteko aukera dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Orain artean 167 udalerritan izan dira Gure Esku Dagok sustatutako galdeketak eta 155.000 herritar inguruk eman du botoa (hemen datu denak).

Burujabetza eta independentzia galderetan

Aurreko aldietan bezala, kasu honetan ere herri bakoitzean adostu dituzte galderak eta tokian tokiko adostasunaren neurrikoak dira hauek. Independentziaz galdetuko dute Atxondon, Beizaman, Galdakaon eta Mundakan; errepublika burujabe bateko herritar izateko aukeraz Otxandion eta estatu burujabe bateko kide izateko aukeraz Andoainen, Areatzan eta Leioan. Erabakitzeko aukeraz eta gogoaz galdetuko dute, aldiz, Erandion, Elantxoben, Getxon, Ibarrangelun eta Berangon.

9.00etan irekiko dituzte hauteslekuak eta 20.00etan itxiko dira hauek. Lehen parte hartze datuak 13.00ak ingururako espero dira, 17.00etan izango da bigarren aurrerapena eta 20.00etan bhein-behinekoa. Emaitzak 22.00ak alderako ematea espero du Gure Esku Dagok.

Hitzaldiak eta ekimenak galdeketak berotzeko

Galdeketarako prestaketa lanean hainbat ekimen izan da batean eta bestean. Tartean hitzaldi dezente EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Ahal Dugu alderdietako ordezkariekin, adibidez. Itxaso Atutxa (EAJ) Galdakaon izan zen urriaren 26an, eta aste honetan bertan izan dira Maddalen Iriarte (EH BIldu) eta Neskutz Rodriguez (Podemos).

Herri gehienetan boto aurreratuaren bidez hasi dira lehen botoak jasotzen, Areatzan adibidez: