NAIZ
BILBO

Ostegunean grebara deitu dituzte EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleak

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleek mobilizazioak egingo dituzte aste honetan, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, Lakuako Gobernua «inposatzen ari den murrizketak» salatu eta hezkuntza politika «errotik» alda dezala exijitzeko. Ostegunerako greba deitu dute.

ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariak, gaur Bilbon egin duten agerraldian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilaseko ordezkariak, gaur Bilbon egin duten agerraldian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, mobilizazioak egiten ari dira azken asteotan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, arlo desberdinetan. Hala, aurreko hiru asteetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileen txanda izan zen, eta aste honetan irakasleek hartuko diete erreleboa. Lakuako Gobernuak ezarri dituen «murrizketak» salatu eta hezkuntza eredua «errotik» aldatzea aldarrikatzen dute mobilizazio eta lanuzteekin.

Bilbon egin duten agerraldian azaldu dutenez, hainbat ekimen prestatu dituzte ikastetxeetan, tartean kalejirak eta elkarretaratzeak, beren eskakizunak plazaratzeko. Eta ostegunerako greba deitu dute eta manifestazioak Bilbo, Gasteiz eta Donostian.

LAB, ELA eta Steilasen iritziz, egoerari irtenbidea emateko adostu beharreko neurriak hauek dira: hezkuntzan inbertsio publikoa handitzea «gutxienez Europar Batasuneko batezbestekoa ezarriz eta progresiboki Unescok gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz»; azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitzea; egun «%38koa den behin-behinekotasuna» %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea; irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea; ordezkapenak lehen egunetik kubritzea; bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea; erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea; Lomce ikastetxeetatik ateratzea eta Heziberri bertan behera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea eta balizko «Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte-hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea», besteak beste.

Sindikatuok salatu dutenez, Lakuako Gobernuak ez du proposamen horien inguruko «benetako negoziazio asmorik agertu», eta horren aurrean «greba eta mobilizazio dinamika mantentzea besterik ez digu uzten».

Osteguneko grebaz gain, abenduaren 12rako ere lanuztea deitu dute Hezkuntza alorreko beste sektoreekin.

.