TV3 telebista katalaneko ‘Polònia’ saioak berriz lortu du mugak gainditu eta irribarreak non-nahi lapurtzea. Oraingoan Agnès Busquets aktoreak Soraya Sáenz de Santamaría eraman du pantaila txikira eta ingeles makarronikoan nazioarteari luzatu dio laguntza deia. Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez espetxeratu ostean Omnium Culturalek sare sozialetan “Help Catalonia. Save Europe" zabaldutako bideoa du oinarri atzoko esketxak. Orduko hartan, hiru minutu pasatxoko grabazioan, Katalunian gertatzen ari dena azaltzen diote nazioarteari inglesez. Ingurumari horretan, laguntza eskatzen zieten Europako herritarrei, «beranduegi izan baino lehen». Espainiako presidenteordeak, ostera, «katalufoei» muzin egitera animatzen ditu europarrak.«Indarkeria erabiltzen dute, gu erotzeko hautestontziak ezkutatzen dizkigute eta agure zaharrak jaurtitzen dituzte gure polizen aurka», azaltzen dio kamerari Saenz de Santamariak etsipenez betetako mezuan; «begiratu beste aldera, erraza da errefuxiatuekin bezala egin», gaineratzen du bideoan.
Gaurkotasun gaiei erreparatu ohi die TV3·ko ‘Polònia’ saioak. Beti ere, satira, umorea eta kritika maisuki nahasiz. Gaurkoan bezala, Kataluniako mugak gainditu eta gurean ere arrakasta lortu zuen Francisco Franco bera berpiztu zuen esketxak. Kataluniako runba deituriko generoaren abesti esanguratsuena den Peret-en ‘El muerto vivo’ kanta oinarri hartuta egin zuten parodia orduan eta izugarria izan zen sare sozialetan abestiak lortutako arrakasta.