Nerabezaroan, punkiak punki zirenean, heavyak heavy, eta hippyak hippy, surflariak “pijoak” ginen, edo “perukoak”. Komunitate desberdinak elkar nahasten ez ziren garaiak ziren. Zenbat borroka ez ote nuen egin «surfer pijo» deitzen zidaten “borroka” haiekin. Bakoitzak zegokion izena zuen orduan; mestizajea beranduago etorri zen, 90eko hamarkadan.
Joan den astean olatu handien txapelketa historikoa izan zen Hawaiin. Urte luzez, “Jaws” izenez ezagutu dugun urautsi mitikoan izan zen lehiaketa. Azken urteotan ordea, urautsi hau izendatzeko “Pe'ahi” izena erabiltzen hasi dira surflariak. Jaws (ingelesez masailezurra), baino izen politagoa ere bada “Pe'ahi” hitza. “Hupua'a” hitzetik omen dator, baina lekuaren berezko izena “Ke Kai 'o Waitakulu” omen da, “begi negartia” esan nahi duena.
Ez da beste urautsi bat; aldatu den gauza bakarra izena da. “Pe’ahi” deitzen hasi dira, hiritarrek hala eskatu eta, bertako surflarien iritziz, errespetu gisa egin beharreko zerbait zelako. Lehenak, hiritarrak, bertakoak dira, lurraren kolorekoak; besteak, bertako surflariak, Hawaiin jaio eta hazi dira, mendebaldeko gizon zurien oinordekoak, ile horailak, begi argiak eta historia idazten jarraitzen dutenen familiakoak.
Asteotan antzeko eztabaida izan da Zumaia aldean. Getariako kostaldean den Izustarri eta Planeriako urautsiei zenbait surflari eta komunikabidek “Rocaputa” eta “Playa Gris” deitzen dietelako. GARAn lekuen berezko izena errespetatzen saiatzen gara; helburu horrekin argitaratu genuen “Euskal Herriko Urautsien Gida”, eta bertan ikus daitekeen moduan, Hawaiin bezala, inguruak duen berezko izena surflariek ezarritakoa baino askoz politagoa izaten da.
Zenbaitek kostaldean panelak ezartzea proposatzen du, izendegiekin, tokiko izenak errespetatuak izan daitezen. Beste batzuk lekuen berezko izenak gizarteratzeaz mintzo dira, eta komunikabideen kontra egiten duenik ere bada. Arazoa, ordea, bestelakoa da; hemen, Hawaiin ez bezala, ez dute urautsia izen arrotzez kolonizatzaileek bataiatzen, kolonizatuek baizik; beraz, aferaz izan daitekeen kontzientzia maila nolakoa den agerikoa da. Surflari gehienek gauzak datozen bezala jasotzen dituzte, hausnarketa eta erresistentziarik egin gabe. Horretan ez da batere aldatu ilehori oxigenatuen komunitatea. Horregatik, gauzei beren izenez deitzeaz mintzo garela, faltan botatzen dut garai batean euskal gizartean hain hedatua zen surflariekiko gutxiespen jarrera hura. Zergatik ez gaituzue orain “peruko” deitzen? Gustura entzungo nuke laidoa.