Marian Azkarate
TANGIER UHARTEA

Berotze globalaren zantzuak Trump jaunaren etxean

Etxe Zuritik aterako balitz, autoz 160 kilometro egin eta ferry bat hartu besterik ez luke egin beharko Donald Trumpek Chesapeake badiako Virginiako Tangier uharte txikira iristeko. Lehenbailehen joatea komeniko litzaioke, Tangier urpean ziztuan desagertzen ari omen baita. AEBetako presidenteak jarraitzaile ugari ditu uhartean (azken hauteskundeetan bertakoen %87k bere alde bozkatu zuten)... eta harrigarria da oso: ez ote zaie axola Lurraren berotzearen eraginez sorterririk gabe gelditzea?

Chesapeake badiako olatuak William Eskridge arrantzalearen etxetik gertu lehertzen dira, oso modu arriskutsuan. Azken 200 urteetan Eskridge familiaren oinetxea izan denak, beharbada, ez du horrenbeste iraungo etorkizunean, zientzialariek uste baitute Tangier uharteak ez duela bizitza luzea izango, urek eragindako higaduraren mehatxupean dagoela-eta. Eta horren arrazoia: Lurraren berotzea. «Urtetik urtera txarrera doala ematen du. Beldur naiz errepidea ere desagertuko ez ote den», dio arrantzale honek.

Marylandeko ekialdeko kostaldearen eta Virginiakoaren artean kokaturik dago uharte txiki hau. Bi kilometro karratu inguru besterik ez du neurtzen gaur egun; 1850. urtetik gaurdaino bere lur-masaren bi laurdenak galdu ditu. Are gehiago: higadura geldiaraztea lortuko ez balute, datozen 40 urteetan erabat desager litekeela uste dute zientzialariek. Bertan 450 pertsona bizi dira, gehienak lehen britainiar kolono haien ondorengoak. Bitxikeria bat: makina bat hizkuntzalari bertaratzen dira, garai isabeldarreko dialekto bitxia hitz egiten baitute uhartean.

Carol Pruitt Moore-k, uharteko arrantzaleen leinu zahar bateko alabak, gogoan du haurra zenean hondartzara joateko oinez ordubete egiten zuela. Orain hamar minutu besterik ez ditu behar. «Tangier berotze globaletik babestu behar dugu, bestela hondamendia izango da», ohartarazi du. Bere bizilagun gehienak ez datoz bat berarekin; are gehiago, gehienek ez dute bistan dagoena onartu nahi, agian azken hauteskundeetan gehienek Donald Trumpen alde bozkatu zutelako. «Honek ez du zerikusirik itsasoaren igoerarekin», adierazi digu Bruce izeneko maisuak. «Etorkizunean bai, gugan eragina izan dezake, baina epe laburreko higadurari buruz ari gara eta hori hamarkadetan pairatzen ari gara». James Eskridge da Tangierreko alkatea, Williamen anaia, eta hiriko portua babestuko duen itsas harresi bat eraikitzeko proiektuaren bukaera bultzatzen ari da. Karramarroaren arrantzatik eta turismotik bizi dira herrian; beraz, portuak sekulako garrantzia du bertako ekonomian. Orain higaduraren mehatxupean dago erabat mendebaldeko sarrera, uren igoeraren eraginez gero eta kalteberago suertatzen baita ekaitzen garaian. «Dena oso mantso joan da. Pentsa, portua babesteko egiten ari diren lanak hogei bat urtez luzatu dira –dio alkateak–. Eta higadura hain handia denez, hasierako proiektuak ez du balio gaur egun».

David Chulte AEBetako Armadako ingeniari taldeko itsas biologoa da eta berak bai, argi du uhartea aurki desagertuko dela berotze globalaren erruz. «Ura igotzen ari da eta hondarraren marraren gainetik talka egin lezake aurki. Uharte hau hondoratutako hareaz eraikitako mendixka bat da, ez Hego Pazifikoko uharteak bezalakoa, zeintzuek harri gehiago duten. Hondarraren gainean buztin organikoz osatutako lurzoru mehe bat besterik ez dago. Urak gailurrerian lehertzeko adina igotzen direnean uhartea urratzen hasiko da, zatika apurtuko da», Chulteren arabera. Eta honek ba al du soluziorik? «Galga handi batekin, kostaldetik material hareatsua atera eta mendixken gainean bonbatu dezakegu».

Halere, erabaki beharreko guztia Kongresuaren esku dago; lehenik ikerketa agindu beharko lukete, gero neurri batzuk adostu, baita aurrekontua ere... eta ez da merke aterako. Baina denbora erabakigarria da. John Bull-en esanetan, hots Virginiako Itsas Baliabideen komisarioaren aburuz, «ingurugiroa pairatzen ari den aldaketa azkarra kontuan izanik, hau esan dezakegu: aurki beranduegi izango dela Tangier libratzeko».