Joxemi Mendizabal Iztueta
Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakaslea
KOLABORAZIOA

«ehu» ala UPV?

Aurreko astean EHUko gonbidapena jaso genuen seme-alaben Egresatuen Graduazioko Ekitaldira joateko, Gasteizko Letren Fakultatean. Kontuan izanda gure belaunaldiak inauguratu zuela arestian aipatutako egoitza, ilusio berezia nuen alabaren graduazioan Fakultatearen garapena ikusteko.

Egitarauan, hurrenez hurren, hartu zuten hitza: Letren Fakultateko dekanoak, Ekitaldiko aitabitxiak, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendariak, Arabako Campuseko errektoreordeak eta Gasteizko Udaleko ordezkariak. Ekitaldia aurrera joan ahala, nire hasierako ilusioa zapuzten joan zen, hizkuntzaren trataerari zegokionez, bereziki. Hasieratik bukaeraraino espainiera izan zen ekitaldiaren hizkuntza nagusia, ia bakarra. Izan ere, euskaraz itxura egiteko lauzpabost esaldi bota ondoren, beste erretolika ia guztia Cervantesen hizkuntzan egin zuten hizlari guztiek.

Nire inguruari begiratzen nion eta bazirudien inork ez zuela jasaten nik neukan estres linguistikoa. Ekitaldia aurrera zihoan heinean, nire ezinegona handitzen ari zen; batetik, euskarak zeukan hutsaren hurrengo presentziarengatik, eta bestetik, aldameneko inork ez zeukalako nire ezinegona, ez graduatuen senitartekoek, ezta graduatuek ere (aldameneko senitarteko eta lagun bikote batek izan ezik).

Ekitaldia bukatu ondoren, nire estres linguistikoa baretu nahian, goian aipatutako autoritate batzuei hurbildu nintzaien eta nire ezinegona adierazi nien ekitaldian euskarak izandako presentzia testimonialaren inguruan, eta esan nien ere azken 26 urte hauetan, nire ustez, Fakultatean euskararen trataerak oso aurrerapen eskasa izan duela; are gehiago, nire irudiko, atzerapen galanta. Aipatutako autoritate horietako batzuek esan zidaten baietz, arrazoia nuela eta saiatuko zirela nire kexa bideratzen; beste batek, berriz, nire irudipena izango zela erantzun zidan.

Gasteiztik nentorrela ezinegona eta tristura handitzen joan zen bi arrazoirengatik: batetik, nik ikusi eta entzun nuenak bazirudielako beste inori ez ziola hainbesteko belarriko minik eman, ez senitartekoei, ezta graduatuei ere, jakinda horietako askok euskaraz egin dituztela ikasketa guztiak Haur Hezkuntzatik Unibertsitateko Graduaziora arte. Are gehiago, ikasle horietako batzuek aipatu zidaten lasai hartzeko horrelako gauzak, hura Gasteiz zela, eta haiek zegoeneko ohituta zeudela egoera horietara EHUn, eta ez asaldatzeko kontu horiengatik.

Beraz, nire azken gogoeta hauxe da, non dabiltza ikasten gure seme-alabak «ehu»-n ala UPVn? Garbi nozitu baitut oraindik ere eta euskararen trataerari dagokionez, bat letra xehez eta gutxietsiz tratatzen dutela (ehu) eta bestea letra larriz eta nagusitasunez (UPV). Eta hori, hogeita hamar urte baino gehiago igaro direnean, gure belaunaldiak Gasteizko Fakultatea lehen aldiz euskarazko ikasketak egiteko erabili zuenetik.