Heriotzaren ebidentzia
Heriotza. Bere zartada eta inarrosaldia. Lehenengo, astinaldia. Gero, orientazioa. Azkena, sosegua. «Mundua betetzen zenuten» deitu dio Tere Irastortzak bere azken lanari. Poema sorta da idazle zaldibiarraren berriena, hiltzeari eskainitakoa. Tonua, ordea, dramatismotik eta fribolitatetik urrun kokatu du eta pentsamenduan eta joandakoek utzitako arrastoan sartu da gehiago. Heriotza oraindik jantzi gabeko arropa baino ez baita.
Donostiako Parte Zaharreko Udal Liburutegirako bidean ikusi zuen arropa denda batean bururatu zitzaion atzo Tere Irastortzari (Zaldibia, 1961) heriotzarekiko gogoeta bat. Sentipen hori jantzi gabeko arropa dela, horixe; lagun min bat edo aita-amak hiltzean sentitzen den «heriotzaren ebidentzia»; ordura arte besteengan bizitakoa norberari egokitzean baliatu ohi den sena. Hiltzea.
“Mundua betetzen zenuten” (Pamiela) poema sortaren bueltan egin du hausnarketa Irastortzak ahal den neurrian zeharka begiratzen zaion gaiaz. Ez du, ordea, heriotza egoera dramatiko eta tragikoetara gerturatu nahi izan; tonua bestelakoa da bere formetan eta pentsamoldeari gehiago eutsi dio malkoen jarioari baino. «Fribolitatez edo dramatismo handiz bizitzen da heriotza eta argi neukan ez nuela bide horretatik jo nahi; ez nuen poeta desesperatu baten itxura eman nahi», adierazi zuen.
Heriotzaren zartadari edo inarrosaldiari eskaini dizkio liburuko lehenengo poemak, «espresionistagoak». «Mendian galduta bezala geratzen zara heriotzaren aurrean eta orientatu egin behar zara berriro», esan zuen idazleak. Berbideratze horretan zenbakiak erabiltzen ditu “1”, “2”, “3” eta “4”, hitz joko eta ideia jarioari bide emanez.
Orientazioaren ondoren, kokatzea; «hori beste prozesu bat da». «Horrelako egoeretan pertsona denaz da kontzienteago, ez egunerokoan bezala», gaineratu zuen. Hartara, Irastortzak bere sentipenak orrialdeetan islatu baino nahiago izan du joandakoek beregan utzitako aztarnak azaldu. «Keinuak, gorputz mugimenduak... ohartzen zara zureak direla, baina beste batenak ere izan direlako». Amaieran, sosegurako aldia, nola «norberak irudika dezakeen bera ere hilko dela eta bizitza utziko duela beste batengan».
Idazketa lanetan ari zela «heriotza oso gogorrez» idatzi zuten idazleen poemak itzuli zituen Irastortzak; «on egin dit», esan zuen. Aipatu zituen haietako batzuk, Stephane Mallarme kasu. 7-8 urterekin hildako semearen ondoren idatzitako lana, “Para una tumba de Anatole”. Edo Bitoriano Gandiagaren “Elorri”.
Heriotza, txertatuta
«Aipatu ditut aita eta ama poema banatan, baina heriotza poema liburu batera ekartzekotan da amodio istorio bat dagoelako atzean. Maite ez dugun jendea ez da hiltzen. Gure sentimenduak ez dira honelakoak edo halakoak garelako, edo aita eta ama horrelakoak edo bestelakoak direlako, heriotza bizitzaren parte natural bat delako eta gugan txertatuta dagoelako baizik», agertu zuen.
Arrazoi horregatik erabaki zuen Irastortzak pertsona zehatzei buruz ez aritzea, liburua norbait jakin bati ez eskaintzea, «erlijioak pisua galdu duen teorizazioan edertasunaren bila joateak sentiarazten gaituelako gertuago». Olerkietako batzuk pluraleko lehen pertsonan ere idatzi ditu, «norbait hiltzen denean mina ez delako batena bakarrik izaten», gehitu zuen.
Heriotzaren atenporalitate horretan animalien irudietara jo du Irastortzak. “Erleek ere bazekiten” izan zen liburuari hasieran ezarritako izenburua, heriotzaren inguruko sentipenei kolektibotasuna emate aldera. «Baina pottokak eta behorrak ere banituen buruan...». Eta, azkenean, liburuaren azalean Ekaingo kobako irudi bat. «Kobazuloetan, lurraren erraietan, mitologian, pentsaeran badira animalia ugari», esan zuen.
«Existentzia ulertzeko ariketa poetiko ederra egin du azken 35 urteetan» Tere Irastortzak, Jose Angel Irigaray editorearen ustez, 1980an “Gabeziak” lehen alea kaleratu zuenetik. «Estilo propio bat, poetika berezi bat, esan ezin direnak esateko dohaina du, bizitza ulertzen eta bizitza kokatzen laguntzen dutenak», amaitu zuen.