Kirola modan dagoen honetan, mundua oinez
Korrika egitea, gimnasiora joatea, igeriketan hastea, spinning ikastaroan izena ematea, yoga egitea, zumbarekin dantzatzea… gorputza aktibatzea, finean, modan dago. Orain gorputz atletikoak dira gurtzen direnak. Edonon eta edozein momentutan ikusiko dituzu runner-ak euren kamiseta koloretsuekin. Herri lasterketa baten osteko argazki ugari ikusi ditut jada, dortsala erakutsiz, noski. Azkenaldian gure lagun taldeko elkarrizketak ere kirolaren eta elikadura osasuntsuaren ingurukoak izan ohi dira, eta gehienak hasi dira zer edo zer egiten. Zahartzen ari garen edo moda erraldoi bilakatzen ari den korronte horren olatuan sartzen saiatzen ari garen seinale. Halako batean, lagun batek bota zuen askotan entzun izan dugun esaldia: «Kirolik onena oinez ibiltzea da», eta nik arrazoi osoa eman nion. Agian, gehien egiten dudan kirola delako. Gure oinak ibilgailurik merkeena dira, osasungarri eta ekologikoena. Oinez hiri oso bat zeharkatu dezakegu, nortasuna ematen dioten xehetasun guztiei erreparatuz. Oinez laino guztien gainetik mendi tontor batera igo gaitezke bizirik gaudela sentitzeko. Eta oinez aldarrikapenak ere egin daitezke; euskararen alde esaterako.
Hara, aukera aparta oinez ibiltzeko, igandean Elizondok, Lekarozek eta Elbetek aurkezten digutena. Prestatu duten 5,8 kilometroko ibilbidean zehar Baztan ikastolaren alde pausoak emanez, gauza ugarirekin egin dezakegu topo, kontzertuekin, bertsoekin, jana eta edanarekin, haurrentzako ikuskizunekin... Festa oinez, Nafarroa Oinez, baina nahi duenak korrika egin dezala...