Bilgarria
Euskal Herriko independentismoa bi zikloren bukaerak sorturiko eta elkar eragiten duten bi krisiren erdian dago. Azken bi mendeetan erabili ditugun kategorien erlatibizatzetik dator lehenengo krisia eta Euskal Herrian estrategia independentista ulertzeko azken 40 urteetan izan dugun modua agortzetik dator bigarrena. Artikulazioa egiteko lanabesen krisia da bata, eskema orokorrik ezak sorturikoa, bestea.
200 urtez mundua ulertzeko, eta ondorioz, eraldatzeko, izan ditugun modu eta erremintak, azken hiru hamarkadetan, desegite prozesuan sartu dira. Mundua naziotan, klase sozialetan, generoetan… klasifikatuta ulertu dugu eta, ondorioz, estrategia eraldatzaile guztiak hori onartuz eraiki dira. Gurean ere, klasifikazio horiek izan dira artikulazio independentista guztien oinarri. Garai batean mugimendu askatzaileek sorturiko kategoriak, denborak aurrera egin ahala, indarrean dagoen normaltasunak asimilatu egin ditu, askapenerako izan zezaketen edozein potentzialtasun indargabetuz. Askapenerako erreminta zirenak statu quoaren makulu onenak bilakatu zaizkigu.
Azken 40 urteetan izan dugun estrategia independentista, bestalde, Estatu espainiarra edozein mediorekin autodeterminazio eskubidea negoziatzera behartzea izan da. Aldebikotasunaren eskema klasikoan oinarritutako bide horren topeak ikusi eta badira bost urte bide hori albo batera utzi zela. Estrategia bat atzean utzi berri dugu, baina estrategia hau sostengatzen zuten aurreiritzi eta mundu ikuskerak oraindik gugan diraute.
Slavoj Zizekek, “Event” liburuan, gertakizunaren ideiaren inguruan egin diren irakurketa diferenteak aztertu ditu. Azaltzen dituen interpretazioen artean bada guretzat, bereziki, interesgarria den bat: gertakizuna, egoera nahasi batean norbaitek (kolektibo batek) proposaturiko errelato berri bat da, argirik gabe eta noraezean zebiltzan piezak argitu eta modu berri batean elkartzen dituen errelatoa. Kontaera horrek, gauzen egoera ulertzeko modu berria sortzen duenez, mundua eraldatu nahi dutenei borroka esparru berriak eta eraginkorrak (statu quoak kontrolatzen ez dituenak) sortzeko gaitasuna areagotzen die. Errelato hori da Bilgarria.
Bilgarriak gutarren eta etsaiaren arteko muga marrazten du. Muga hori izango da konfrontazioaren joko zelaia. Muga leku egokian jartzeak, hau da, Bilgarri egokia aukeratzeak, gutarren multzoari eusteaz gain, jende berria erakartzeko ahalmena izango du. Bilgarri kaskarrak jendea eusteko ahalmena gutxitzen du. Bilgarria estrategia da eta estrategiarik ezean mugatu gabe gelditzen den espazio huts hori beste batzuek beteko dute, konfrontazioa beraien araupean egitera behartuz. Bilgarri egokiak, konfrontazio gune berriak zehaztuz, helburu politikoa(k) lortu arteko bidea edo eskema argituko digu. Eraginkortasuna areagotzeko, jendartearen gehiengo zabalak konpartitu edo ezagutu beharko du eskema; ez elite politikoak bakarrik. Independentismoari dagokionez, jarraian azalduko ditudan aurreiritzi batzuk ez digutela Bilgarri egokia eraikitzen uzten uste dut.
Hegemoniaren ideia jarri da estrategia berriaren erdigunean. Hala ere, kuantitatiboki ulertu da ideia hau, gehiengoa izatearekin, alegia. Horrela ulertzearen ondorioz, gehiengo hori lortzeko, aldatu nahi den statu quoaren diskurtsora gerturatu behar dugula uste izan dugu. Gerturatze honek statu quoaren diskurtsoa eta, ondorioz, gauzen egoeraren aldeko sektoreak indartu ditu. Podemos alderdia dugu gabezia honen adibide garbia. Hegemoniaren logikak dagoenaren eta sortu nahi dugunaren arteko tentsioa eduki behar du kontuan, noski, baina ez statu quoaren diskurtsora gerturatzeko, konfrontaziorako diskurtso propioa sortu eta besteak bertan kateatzeko baizik. Hegemonia ez da indarrean dagoen normaltasunera gerturatzea, normaltasun berria sortzea baizik.
Abertzaleen batasunak jarraitzen du izaten edozein independentistak estrategiaren inguruan hausnartzen duenean, era batera edo bestera, buruan duen geltokia. Ez independentismoak bakarrik, erabakitze eskubidearen inguruko mugimenduak ere geltoki hau duela amets uste dut. Honek, aldebikotasunaren eskema geldiarazleak azaleratzeaz gain, prozesua alderdi abertzaleen arteko balizko hitzarmenetara murrizten du; jendarteari ikuslearen papera egokituz eta Estatua lortzeko derrigorrezkoa den herri aktibazioa ezinduz. Geltoki hau helburu duen edozein tren errailetik irten edo, iristekotan, bidelagun gutxiegirekin geltokiratuko litzateke, Estatua sortzeko adinako indarrik gabe, alegia. Aspaldi da Maltzagako metaforak bidea adierazi beharrean pareta erakusten digula. Abertzaleen batasunetik (%55) hobeto bizi nahi dutenen mugimendura (%85) pasatu behar du independentismoak.
Ikuspegi honen ondorioa da indar metaketaren ideia. Indar metaketa, jada emanda dauden eta nagusiki alderdi politikoak bezala ulertzen ditugun subjektu politikoen arteko batura moduan ulertzen dugu. Aldeek sinatzen duten akordio bidez egindako batura. Artikulazioa, ondorioz, adreiluak balira bezala jada existitzen diren subjektuak gehitzeari deitu diogu. Subjektu politikoen estatikotasunean oinarritzen den ikuskera honek independentismoak gainditu behar dituen orain arteko eskemek ezartzen dizkiguten topeak mantentzen ditu. Joko zelaia iraultzeko gaitasun murritza du. Estatua lortzeko gaitasuna izango duen indar berri bat sortu behar du independentismoak, ez existitzen denaren batura huts bat.
Aipatzen ari naizen honen guztiaren beste ondorioetariko bat akordioekiko dugun ikuspegia da. Akordioak egiterakoan, indar posizioa da kontuan eduki beharreko gauzarik garrantzitsuena. Indar posiziorik gabeko akordioak edo, beste era batera esanda, Bilgarri ahula duzunean egindako akordioak bestea indartuko du norbera indartu beharrean. Indar posizioa ez du akordio batek edo bestek emango, subjektua aktibatu eta zabaltzeak baizik; hau da, egoki abiaturiko aldebakarreko prozesuak. Aldebakartasuna hori baita; indar posizioa eskuratzeko erreminta. Akordioa ez da prozesuaren hasiera; egotekotan, akordioa prozesuaren bukaeran egongo da. Akordioari lehentasuna emateak prozesua zimeltzea dakar eta, aldebikotasunaren eskemak onartzeaz gain, prozesu independentista ulertzeko oso modu instituzionalizatua jartzen du agerian.
Ezker independentista konfrontazioa higadura handia sortzen zion parametroetan egitetik dator. Hori dela eta, konfrontazioaren ideia alboratu eta kontsentsuarena lehenesten hasi gara, kontuan hartu gabe gatazka eta konfrontazioa ezinbesteko elementuak direla gauzen egoera aldatu eta jendarte hobea lortu nahi duen edozein mugimendurentzat. Gatazkarik ezean statu quoak aurrera baitarrai. Kontua etekinak ematen dizkigun konfrontazioa non sortu behar dugun zehaztea da.
Gure herrian, izan dugun subordinaziozko konfrontazio motak, erresistentziara lotu eta erradikalizatzea, esentzietara bueltatzearekin identifikatzera eraman gaitu. Independentismoaren Bilgarri ezak ikuskera hau indartzen lagundu du; erradikalizatzea esentzietara eta borroka molde zaharretara bueltatzea dela uste baitu gero eta jende gehiagok. Itzulera horrek, funtsean, helburu politikoak lortzeko ezintasuna onartu eta existentzia hutsa hartzen du helburutzat. Erradikalizatze kontserbatzaileaz ari gara, hortaz. Baina badago bestelakoa den erradikalizatze mota bat ere, subjektu politikoa zabaldu eta aktibatu egiten duena. Erradikalizatze barnebiltzaile horrek konfrontazioa unibertsalen esparruan sortzen duenez, jendea erakartzeko eta aktibatzeko gaitasuna du. Erradikalizatze hau da independentismoak egin behar duena.
Ezker independentistak duen zereginik garrantzitsuena eta urgenteena Bilgarria eraikitzen hastea da. Baina orain arteko akatsetan sakonduko genuke, Bilgarria, lehenik, eztabaida prozesu luze baten bitartez pentsatu, jarraian jendarteratu eta azkenik martxan jarri behar dela pentsatuko bagenu. Bilgarriaren eraikuntzan, ekitea eta pentsatzea batera joan behar dira, honela hartuko baitu Bilgarriak kolore egokia. Egiteko honetan, iraganeko eskemen itsasotik burua atera eta arnasa hartuz mundu diferentea ikusteko gai diren pertsonak behar ditugu.