G. M ZUBIARRAIN
ITSASU
Elkarrizketa
MARYSE CACHENAUT
LURRAMAKO PRESIDENTEA

«Erakustoki baino laborantza herrikoiaren haize da Lurrama»

Ardi esnea saltzen, gaztak egiten eta gerezia ekoizten ateratzen du bizimodua, senarrarekin batera. Itsasun bizi da, Plazaetxeberrian. Lau etxalde ari dira elkarlanean «Basaburuko saskia» izenpean: batek barazkiak, besteak esnekiak edo haragia… Argi du bidea: elkartuz egiten dira anitz gauza.

Zein helbururekin sortu zenuten Lurrama?

Urtebete lehenago sortu zen Euskal Herriko Laborantza Ganbera, laborantza herritar baten desmartxa laguntzeko. Lehen urteko bilana egitean hutsunea ikusi genuen: ez dugu deus egiten hiria eta barnealdea lotzeko. Bazkari handi bat egitea pentsatu zen Baionan. Laster bota zuen baten batek: domaia da Baionara joatea laborantzaz aritzera eta kabalak, ganadua, ez eramatea. Beharko da, beraz, kabalak eraman… Eta gero: arrunt domaia da egun bakarrerako joatea… Azkenean lau egunerako joan ginen. Izen bat ere eman genion, jakin gabe horrek zer emango zuen. Benetako parioa zen, apustua. Hastapenetik Baionako kultur munduan dabiltzan batzuekin lotu ginen. Ez genuen Baiona ontsa ezagutzen, animazioak antolatzeko, laguntza eskatzeko… Hori haiei esker egin genuen. Biziki garrantzitsua izan da guretzat. Geroztik partaidetza hori atxiki dugu.

Ekimen berritzailea izan zen hortaz…

Ekoizpen baten inguruko azokak aspaldikoak dira: Gerezi festa Itsasun, Garrüzeko feria, piperraren festa Ezpeletan… baina laborantza mundua aurkezten duenik ez zen. Guztiak barnealdean egiten dira, gainera. Gure helburua, bestalde, ez zen erakustoki bat egitea, baizik eta Laborantza Ganberak zabaldu nahi duen mezua pasaraztea.

Hasierak ez ziren errazak izan. Laborantza Ganbera auzibidean jarri zuen prefetak.

Orduko auzapezarekin [Jean Grenet] bildu ginenean lehen Lurrama hura antolatzeko, ados agertu zen, baldintza batekin: Euskal Herriko Laborantza Ganberaren izenean ez egitea. Horregatik sortu behar izan genuen Lurrama elkartea. Ber jendea ginen, baina horrela ofizialki auzapeza mintzo zen Lurramarekin. Azkenean, hamar urteren buruan jabetu gara lagungarria izan dela, laborantzan ez diren batzuk inplikatuak direlako gurekin. Eragozpena aukera bihurtu dugu.

Baduzue egun harremanik Paueko Ganberarekin?

Gutxi. Azken bozetan erabaki genuen Confederation Paysannekin aurkeztea. ELBk orain arte beti egin du bere zerrenda Ipar Euskal Herri mailan. Proiektua partekatzen dugunez haiekin, urratsa egitea erabaki genuen. Gero, aulkiak banatzeko dagoen eragatik, toki gutxi dugu.

Bestetik, bortxaz, gazte batek etxaldea sortu nahi duenean behartua da Paueko Ganberaren bidez bere dosier administratiboa pausatzera. Baina aitzinetik proiektu hori gure sarearen bidez lantzen da, eta sarea diot ez baita bakarrik Laborantza Ganbera ari horretan, badira BLE elkartekoak (nekazaritza biologikoaren aldekoak), edota AFOGekoak (etxaldeen kudeaketan laguntzen duen elkartea).

Bi ikerketa egin dira laborari munduak Ganbera nola ikusten duen jakiteko. Ainhizen hurbiltasun bat atzematen dutela diote, konfiantzazko harremana dutela langileekin. Beste desmartxa baten garatzeko aukera topatzen dute, bestetik.

Emankorrak izan dira hamar urteok? Barnealdearen eta hiriaren arteko zubia eraikia da?

Baietz uste dut. Hor gaude Ipar Euskal Herriko paisaian. Azken hamar-hamabost urteotan kontsumorako zirkuitu laburrak asko zabaldu dira, AMAP sistema [salmenta zuzena] ere bai, etxeko ekoizpenak gero eta gehiago baloratzen dira. Aldiz, etxaldeak desagertzen ari dira, %25 azken neurketaren arabera. Laborantza lurrak ere ttipitu dira, batez ere Lapurdi barnealde honetan. Lehia handia dago etxegintzaren, laborantzaren eta industria guneen artean.

Zailtasunak hor daude, baina baikorra naiz. Beti segitu behar da borrokatzen. Duela egun gutxi Biarritzen izan da gaualdi bat ‘Pesticide mon amour’ filmarekin. Larri ziren batzuk, Biarritzen bizi eta ez dutela ogi biologikorik topatzen, nola egin dezaketen… Eta biologikoan ari den mahats ekoizleak: kasu, batzuetan biologikoa industriala izan daiteke, eta Alemaniatik edo Holandatik jiten ahal da. Batzuetan hobe da ondoan den laborariari bizpahiru arrautza erostea, ez baitezpada biologikoak, eta kilometroak aurreztea garraioan. Horrek erakusten du badela anitz hitz egiteko jendearekin, eta lasaiki.

Luzerako dugu, beraz, Lurrama?

Bai. Batzen garen unea da, goxoan, horiek denak aipatzeko. Noski, hiru egunez ez da dena egiten; urtean zehar behar da lan egin.

Laboraria zara, emakumea, militantea, bi haurren ama… Ez al duzu Itsasuko plazan monumenturik merezi?

Ez [barre-algara gozoa]. Badira gure inguruan merezi dutenak, ez direnak ageri. Lurramaren izenean aritzen naizelako agertzen naiz ni. Inplikatze hori egiten dut familiari esker, biziki ontsa antolatuak baikara gure etxean; aita-amak, senarrak, ELB sareak… laguntzen naute. Lana beti kolektiboki egin dugu eta horretan da gure indarra. Horregatik ez naiz sekula sartu politikan [barre txikia].

Zer duzu Lurramatik kuttunen?

Bezpera arteko antolakuntza hori maite dut gehien. Lurramaren hiru egunak ez dira errazenak guretzat. Kezka, jendetza, diru aldetik ere serioa da kontua… Antolaketa taldea zinez ondo aritzen da, inplikatzen dira. Giro hori maite dut gehien.