Mertxe AIZPURUA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSU AMEZAGA
EHU-KO IRAKASLEA

«Gizarteak 30 urteotan izan duen aldaketara ez da egokitu ETB»

Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio irakasleak aspaldi azpimarratu zuen ETBk euskararekin duen eredua berraztertzeko beharra. Europako beste hizkuntza gutxituetako telebistak aztertu ondoren, eztabaida ere sortu zuen «ETB1ek gaur egun duen arazo nagusia ETB2» dela esan zuenean. Beste eredu batzuez eta ETBren erronkaz aritu gara berarekin.

Euskal Telebistaren estrategia aldatu beharraz aritu zara behin baino gehiagotan. Zergatik?

Orain dela ia 30 urte ezarritakoa delako eta 30 urtetan gauza asko aldatu direlako: egoera soziolinguistikoa alde batetik, eta komunikazio mapa eta komunikazio ohiturak bestetik. Duela 30 urte hautatu zen estrategia egokia ote zen eztabaidan sartu gabe, ETB ez da egokitu aldaketa hauetara.

Komunikabide publikoa den heinean, zein dira EITBk dituen erronka nagusiak?

Euskalduntzen ari den gizarteari euskalduntze prozesu horretan laguntzea da erronka nagusia. Erronka handienetakoen artean kokatu behar da hau. Halaber, Euskal Herrian gertatu den garai politiko berriaren aldaketan ere lagundu beharko luke, beste adostasun politikoak eraikitzen.

Eskoziako BBC Alba telebista (gaelikoz), Galeseko S4C katea (galesez) eta Finlandiako Yle Fem kanala (suediera hiztunentzat) aztertu dituzu. Eredugarriak izan al daitezke?

Ez nituzke jarriko eredu bezala, egoera soziolinguistikoak oso ezberdinak direlako, baina Eskoziatik eta Galesetik badugu zer ikasi. Galesen eta Eskozian hizkuntza gutxituetan diharduten telebistak dituzte. Beraien hizkuntza gutxituetan populazio osoarengana nola iritsi planteatu zuten, kontuan hartuta galestarren hiru laurdenek ez zekitela galesez eta Eskozian oso gutxik ezagutzen zutela gaelikoa. Horretarako plangintza eta estrategia zehatzak prestatu zituzten.

Hemen helburua ere berdina zela pentsa daiteke.

Gurean euskaldun osoentzat telebista bat diseinatu zen eta beste bat erdaldunentzat; agian pentsatu gabe euskaldunak ere erdaldunak garela. Hori izan da hemen ezarri den eskema eta, aldiz, gaur egun, hizkuntza arlotik aztertuta, beste zerbait pentsatu behar da: nola egiten dugu telebista bat jakinda gure populazioan baditugula 800.000 euskaraz ondo moldatzen direnak, beste 700.000 inguru euskararen ulermen maila ezberdina dutenak eta beste 1.500.000 euskara ulertzen ez dutenak. Nik gogoeta hori ekarriko nuke kanpotik. Gero estrategiak oso ezberdinak izan daitezke egoeraren edo baliabideen arabera, baina gogoeta hori da hemen faltan hartzen dudana.

Galeseko egoerari begiratuta, emaitza onak izan al ditu bertako ereduak?

Galeseko ereduak gureak baino emaitza hobeak izan ditu. Kanal bakarra du. Bere momentuan prime time denboran emititzen zuen galesez eta gainerako denboran ingelesez. Galesezko emanaldietan kontuan hartu zen etxeetan familia misto asko zeudela, batzuk hizkuntza ulertzeko gai zirenak eta beste batzuk ez, jende asko zegoela galesa ikasten, beraz, ulermen maila desberdinak zeudela eta abar… horretan guztian pentsatuta azpititulazio politika osoa garatu zuen, kasuan kasu, galesez edo ingelesez, eta horrela emaitza txukunak lortu dituzte.

Eta Eskoziako telebistak nola erantzun dio erronkari?

Eskoziakoa deigarria da. Diru laguntzak mantentzeko, astero 500.000 ikuslerengana iristera behartuta zeuden. Eskozian gaelikoa ulertzen dutenak 80.000 baino ez dira. Telebistak lortu zuen maila hori gainditzea; jada ez daude baldintza horren kontrolpean frogatu dutelako erraz iristen direla. Hori lortzeko garatu zuten estrategia azpitituluak erabiltzea izan zen.

Ez dut esan nahi hemen azpititulatu behar denik, hori eztabaidatu egin beharko da, baina azpimarratu nahi dudana hau da: beste tokietan erronkari aurre egin diotela eta estrategia bat garatu dutela. Hemen, aldiz, ez da esperimentatu ere egin. Zergatik? Euskaraz kanal bat dagoelako euskaldunentzat eta erdarazko kanal bat erdaldunentzat. Hau izan da planteamendua eta, ondorioz, erronkarik ez da egon.

Ezta emaitza positiborik ere?

Gaur egun dugun zatiketa honen emaitzak hor daude. Eta, gainera, duela hogeita hamar urteko euskaldunen soslaia eta gaurko euskaldunen soslaia oso desberdinak dira. Euskaldun gehienak zonalde erdaldunetan bizi dira, urbanoak dira, ia erdiak euskaldun berriak dira, ulermen maila ezberdina daukagu… Beste akats bat, ez da kontuan hartu telebista ulertzeko ez dela euskaldun osoa izan behar. ETB1ek 600.000 laguni zuzendutako telebista eduki du buruan. Horiek ziren duela hogeita hamar urte estatistiketan euskaldun oso bezala agertzen zirenak. Horietaz gain, Eustat-en arabera, beste horrenbeste ia euskaldun edo euskaldun pasiboak dira. Agian ez dira hitz egiteko gai, baina bai ulertzeko. Publiko hori ez da existitu ETBrentzat, ez da publiko potentziala izan. Eta ETB2ren moldeari dagokionez, euskara existituko ez balitz bezala jokatu da kate honetan. Europako beste tokietan ez da gertatu disoziazio hori.

Zer-nolako garrantzia ematen diote bertako ekoizpenari telebista horietan?

Programazioaren zati handia eduki propioekin egiten dute. Besteak beste, beraientzat telebista ez delako soilik ikusleriari ematen zaion zerbitzu publiko bat; horrez gain, industria bat sortzeko laguntza ematen duen sistema bat da. Beraz, asko arduratu dira telebista izan dadin ikus-entzunezkoen industriaren sustatzailea, eta horrek ekarri du eduki propioei garrantzi handia ematea eta industria hori bultzatzea. Galeseko telebistak zuzenean gutxi sortzen duela esango nuke, baina inguruko enpresetan komisionatzen dute, Galeseko produktuak dira. Eskozian ere berdin, bertako ekoizpenak pisu handia hartzen du bi kasuetan.