Ruben NIETO
DANTZERTIK LEHEN HIRUHILEKOA BETE DU

DANTZERTI, ERANTZUN BOROBILIK GABEKO ESKAKIZUN HISTORIKOA

Irailean abiatu zen EAEko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren lehen ikasturtea. Urteetan sektoreak egindako eskaera bat bete zen, nahiz eta eskolaren irekierak ez dituen erabat asebete ahots guztiak.

Arte eszenikoetan arituko diren etorkizuneko profesionalak prestatzea da goi mailako eskola honen helburua. Ikasturtearen hasierarekin batera ireki zituen bere ateak Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika kontserbatorioan kokatuta dagoen Dantzerti eskolak. Sektorearen aspaldiko nahia zen. Eskakizuna urteetan. Eta gauzatu egin da. Irailean martxan jarri zelako Lakuako Gobernuaren erabakiaz eta bultzadaz.

Euskal Herrian antzerkiak eta dantzak jarduera luzea dute. Urteetan lanean. Hasierako garaietan parte hartzen zutenek beharrezkoa eta ezinbestekoa ikusten zuten modu ofizialean goi mailako ikasketetan bere lekua izatea. Askoren ustez, premiazkoa eta beharrezkoa zen. Premia horretatik, hain zuzen, jaio zen honen aldeko profesionalen plataforma, beren eskarmentua helburu honen mesedetan jarriz. Aldarrikapena bete da azkenik, nahiz eta irekierak ez dituen sektorean diren lagun guztiak konbentzitu.

Irailean egin zuten ekitaldian hasiera ofiziala eman zioten Dantzertiren lehen ikasturteari. 25 ikaslerekin abiatu zen kurtsoa, eta bajaren bat kenduta, talde bertsuak jarraitzen du lanean. 10 irakaslek osatzen duten taldea arduratzen da lehen promozioko ikasle hauetaz. Hautaketa probak ekainean burutu ziren. 130 pertsonak aurkeztu ziren sarbide probetarako. Arte Dramatikoan 90 eskakizun eta dantzarako 40. Euskal Herriko mugaz gaindiko eskakizunak ere heldu zirelarik, Madrildik, Burgosetik, Galiziatik…

Eskolako zuzendari Ekaitz Gonzalez Urretxu 29 urteko donostiarra izendatu dute. Gaztea baina lan esperientzia zabala duena. Historia ikasketak ez ezik, Arte Dramatikoko Goi Titulua du, eta Eszena Zuzendaritzan eta Dramaturgian espezializatua da.

Ikastetxeko ohiko irakasle-taldeaz gain, 2015-2016 ikasturte honetan ospe handiko eta ibilbide luzeko hiru profesionalen laguntza du Dantzertik. Ikasleen formazioan laguntzaile izango dira. Arte Dramatikoan Karmele Aranburu aktorea izango da, Jon Ugarriza dantzari eta koreografoa Dantza Klasikorako, eta Iratxe Ansa Dantza Garaikiderako. Kurtsoaren ikasketa plan itxian irakasle gonbidatuen presentzia «leiho irekitze gisa ikusten dute ikasleek», azpimarratu digu Ekaitz Gonzalezek, «hainbat momentutan aire freskoa sartzen dutelako eskolan».

Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-mailako Eskolak hartu duen izenak historiari egiten dio keinu. 1930eko hamarkadan sortu zen “Antzerti” aldizkaria, antzerkigintza babesteko xedez eta kultur transmisioan laguntzeko asmoz. Ondoren, 1980ko hamarkadan “Antzerti” izena hartu zuen arte dramatikoko eskola sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, gerra aurreko mugimendu hari jarraipena eman nahian. Orain mugimendu hura ekarri nahi da gogora.

Eztabaida sektorean

Baina eskolaren sorrerak eztabaida sortu du sektorean. Denentzat urratsa da, zalantzarik gabe, urteetako eskaera bati erantzuten zaiolako. Hala ere, ñabardura asko jarri dira mahai gainean. Josu Camara aktoreak «nahiko arin eta modu probisionalean egin den» susmoa du. Camararen esanetan, abian jarritakoa «proiektu nazional baten barruan» kokatu gabekoa da, eta ondorioz, euskararen presentziaren inguruan zalantzak sortzen zaizkio.

Kale antzerkian esperientzia luzea daukaten pertsonen eskarmentua kontuan hartuko den zalantza du, «nola hartuko diren kontuan etorkizuneko antzezleen formakuntzarako». Eta ildo berean, aurten behar handia egongo dela azpimarratzen du «hasi diren ikasle horiek urte gutxi barru euren praktikak eta euren lanak egin beharko dituztelako». Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio antzerki konpainiekin eta taldeekin harremanetan jartzea, «dauden hutsuneak betetzeko eta gure lanbidea hobetzeko». Bukatzeko, larrabetzuarrak eskola non kokatu den ere eztabaidagai jartzen du, Bilbon eta musika kontserbatorio batean kokatzeak bere ondorioak izango dituelako. «Kontserbatorioak beharrak izango dituelako. Izan baditu, eta etorkizun ez oso luzean izango ditu euren proiektuak eta euren gauzak egiteko».

Tokiaren afera Oier Araolaza dantza tradizionalean adituarentzat ere garrantzitsua da. Zentroak, bai ala bai Bilbon egon behar zuela, «maila politikoan» hartutako erabaki bat izan dela azaldu du. Aztergai egoteko aukera gabekoa, «etengabeko hiriburuen arteko orekaren premia horregatik. Musika kontserbatorio batek dituen azpiegiturak ez dira aurretiaz behintzat dantza eta antzerkirako egokiak –gaineratu du Araolazak–. Hori hipoteka bat da, eta hori Dantzerti osatzen duten irakasleek eta ikasleek ordaintzen dute egun».

Dantzari gipuzkoarrak ikasketa planen eskaintzak dituen hutsuneak ere ekarri ditu gogora. Eta euskal dantza tradizionala ez agertzea azpimarratzen du. «Euskal dantza tradizionala non ikas daiteke orduan? –galdetzen dio bere buruari Araolazak–. Guk orain Euskal Herrian eskola bat irekitzen dugu, baina munduan beste mila eskoletan ikas daitekeena, dantza tradizionala, hemen ezin daiteke ikasi. Onartezina eta ulergaitza iruditzen zait».

Era berean, eskola bera sortzeko prozesuaren azkeneko txanpan Administrazioaren jarrera «harrigarria» iruditu zaio, «eta sektorean giro txarra sortu du, ulergaitza suertatu delako». Gogora ekarri du 10 urtez plataforma izan dela proiektu honen atzean lanean, eta lankidetzan aritu direla, eskuz esku, elkarri laguntzen. «Baina azkeneko urtean, erabakiak hartu behar zirenean, orduan eten du Admnisitrazioak sektorearekin zeukan harremana. Eta hortik aurrera, erabakiak adostu gabe hartu dira».

 

«ari gara bidea jartzen, aurrerantzeaN inork joan beharrik izan ez dezan»

Ekaitz Gonzalez Dantzertiko zuzendariak erronka ilusioz hartu duela azaldu digu. Ikasturtearen hasieratik lau hilabete igaro direnean, lehenengo balantzea burutzeko momentuan gaude. Pozik antzematen zaio orain arte egindakoagatik. Denbora gutxi pasatu da, baina zenbait gauza argi eta garbi gelditu dira donostiarraren ustez. «Beharrezkoa zen martxan jartzea, eskakizun bat zegoelako». Zentzu horretan, ikasleen aldetik jasotako erantzunak aurreikuspen positiboenak gainditu ditu. «Ez genekien arrakastarik izango ote zuen, lehen urtea zelako».

Esperientzia pertsonaletik mintzatzen da Gonzalez. Ikasleek goi mailako ikasketak egiteko momentuan erreferentziak bilatzen ditu, eskolak duen izena edota irakasleria. Errealitate hau kontuan hartuta, lehenengo kurtso honen emaitza «lasaigarria» dela aitortu du.

«Momentu politean gaude eta azpimarratu nahiko nuke martxan gaugdela». Dantzertiko zuzendariak orain arte euskal antzezleek eta dantzariek goi mailako ikasketak burutzeko gainditu beharreko oztopoak gogoan ditu. «Bere garaian nik kanpora joan behar izan nuen ikastera, Bartzelonara. Ni bezala, eskolako irakasle askok eta beste profesional askok ere kanpora joan behar izan zuten, Parisera, Londresera... Ari gara bidea jartzen hemendik aurrera inork joan beharrik izan ez dezan». Horrekin batera, euskaraz ibilbide artistiko osoa burutzeko zabaltzen ari diren aukerak gogora ekarri ditu Gonzalezek, «formakuntzatik erakustaldiraino. Nik uste dut oso garrantzitsua dela, eskolarentzat, profesionalentzat, baina baita Euskal Herriko mapa kulturalarentzat ere», adierazi du.

Oihalak gora egin zuenetik, Dantzertiren inguruan egindako irakurketa guztiak presente ditu Ekaitz Gonzalezek. «Egia da kritikak izan direla», eta horretarako sektorearekin harremana estutu behar dela argi du. «Guk sektorearekin lan egin behar dugu. Gu azkenean sektorea profesionalez hornitzeko lanabesa gara. Profesionalak aterako ditugu eta sektorean egin beharko dute lan. Horregatik ezin dugu planteatu sektoreari bizkarra ematea», esan du zuzendariak.

Aipatu irakurketa kritikoak aintzat hartuta Administrazioarekin lanean ari direla azpimarratu nahi du Ekaitz Gonzalezek. «Sektoreak egin ditzakeen eskakizun eta proposamenak ulertzen ditugu, askorekin ados egon gaitezke», eta Administrazioak hartu beharreko erabakietan eragiteko presio lanak beraiena eta sektore osoarena izan beharko duela baieztatu du. «Ez gara politikariak edo legegileak erabakiak hartzeko», ondorioz bultzatzea eta eragitea egokitzen zaie.R,N.