Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Andres de Regil probakbinakako lehia estuak jaso zituen bere baitan

41. ekitaldia Binakako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan zen. Seniorretan, Uxue Fraile-LideLeibar eta Javi Dominguez-Arkaitz Irureta taldeak nagusitu ziren. 200 eskiatzailek hartu zuten parte.

Maiz aipatu izan dugu: Euskal Herriko mendiko eskiko lasterketen artean Andres de Regil aitzindaria da. Beraz, beteranoena. Hilaren 19an eta 20an, 41. ekitaldia jokatu zen; ohi den bezala, Europako Mendietan.

Aurten, binakako lehia honek ia dena alde izan du: elur asko, baldintza egokiak, eguraldia nahiko ona... Eta, gainera, Binakako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan da. Adin ezberdinetako 200 eskiatzaile bertaratu ziren, eta, hein handi batean, esan dezakegu lehia ederrak ikusi zirela.

Lehen egunean, parte-hartzaileek ibilbide gogor bati egin behar izan zioten aurre. Berez, eguraldi iragarpenek zioten egun lainotu eta tristea izango zela, baina ez zuten asmatu eta eguzkia azaldu zen. Hori bai, bezperan elur pixka bat bota zuen. Elurra aipatzen ari garenez, aurreratu behar dugu goi aldeetan elurraren geruza bi metro eta erdikoa zela.

Beste ekitaldi batzuetan baino eskiatzaile gutxiagok eman zuten izena, baina Regilen parte hartu zutenek baldintza egokietan lehiatzeko aukera izan zuten. Elurra, gogorra baina eskiatzeko oso aproposa.

Llorozara iritsi aurretik, lasterketa luzatuta zegoen, ia talde guztiak bata bestearen atzetik ziren. Sierruca igotzen lehen postuetan zeuden taldeak batu egin ziren, baina Alivara jaisten berriro luzatu egin zen.

Cabaña Veronicara heldu orduko, lasterketa asko gogortu zen, eta azken sekzioetan indartsuenek eskarmentutik tira egin eta lehen postuetan helmugaratu ziren.

Lehia gogorrenak gizonezko maila nagusian ikusi ziren. Inolako zalantzarik gabe, sasoikoena Luis Alberto Hernandok eta Kiko Navarrok osatutako taldea izan zen. 20 kilometroko eta 1.872 metroko goranzko desnibel metatua zuen ibilbidean 2 ordu eta 10 minutuko denbora egin zuten. Lehen euskal taldea, Javi Dominguezek eta Arkaitz Iruretak osatutakoa, bosgarren postuan sailkatu zen irabazleengandik 23 minutura.

Nesketan, soilik hiru taldek hartu zuten parte, eta onena Uxue Fraile eta Lide Leibarrena izan zen.

Postu berdinak

Bigarren egunean, ohi den bezala, erlojuaren kontrako proba jokatu zen. Bezperan ez bezala, lainoak agertu eta mendi garaienak tapa-tapa eginda utzi zituzten. Fuente Den dagoen goi aldeko estaziotik irten ziren, eta bezperan egin zituzten hainbat sekziotan eskiatu zuten. Guztira, bi itzuli.

Elurraren baldintzak nahiko hezeak ziren, eta eskiatzaileek eite hori asko nabaritu zuten. Ia ehun taldeak pronto ziren ibilbide gorabeheratsu bati ekiteko. Hasteko, Sierrucako aldatsak. Ondoren, Alivara jaisteko komeriak izan zituzten. Eta bigarren itzulian, aldapa gogor batean eskiak bizkarrera eraman, Covarrobresera jaitsi eta handik helmugara. Ibilbidea ez zen batere luzea, baina bai oso gogorra. Gainera, lehen eguneko esfortzua ondo baino hobeto nabaritu zuten.

Sailkapenari dagokionez, ez zen aldaketarik izan. Gizonezkoetan, Hernando eta Navarro lehenak izan ziren 39 minutu eta 5 segundoko denborarekin.

Dominguez eta Irureta euskal talde indartsuena izan zen, eta berriro bosgarren postuan sailkatu ziren irabazleengandik bost minutura. Eta nesketan ere Fraile eta Leibar sasoikoenak izan ziren; haien denbora 51 minutukoa izan zen.

Bi etapa horietako denborak batu ondoren, Hernando eta Navarro bikotea izan zen Andres de Regileko 41. ekitaldiko garailea; aise nagusituta, gainera. Bigarren taldea Diego Gomez eta Antonio Blancorena izan zen. Eta hirugarrena: David Vazquez eta Sergio Cabrero.

Dominguez eta Irureta ez ziren bosgarren postutik mugitu. Beraz, Binakako Euskal Herriko Txapelketaren garaileak izan ziren. Zilarra Iñaki Mendizabal eta Iker Arregirentzat izan zen, eta brontzea Aitor Olarra eta Eneko Adurizentzat.

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako txapelketarekin jarraitzen dugu, eta aipatu behar ere nesketan soilik euskal talde bat izan zela, Fraile eta Leibarrena.

Hori seniorren mailari dagokionez. Kadeteetan, aldiz, Txomin Ortiz de Zaratek eta Rafa Urbizuk txapela jantzi zuten; eta bigarrenak Ibai Otaegi eta Ander Gabiña izan ziren.

Bi eguneko lasterketan, beteranoetan, Enrique Zamorak eta Luismi Hernandok euskal talde onena osatu zuten. Bigarren postua Adrian Legarra eta Joxema Urrestarazurentzat izan zen, eta hirugarrena Asier Sologaistoa eta Mikel Diazentzat.

Gogoratu behar dugu ere, lasterketa honetan beti aipamen berezi bat egoten dela. Hain zuzen ere, Andres de Regil Kopa-Kutxabank Sariari buruz ari gara. Bada aurtengo aitortza Rafael Domenech madrildarrak eraman zuen. Antolatzaileek adierazi digute Domenechek betidanik lotura zuzena izan duela lasterketa honekin: «Regileko eskiatzaile beteranoa dugu, eta hastapenetatik lasterketa honetan gurekin izan da. Beteranoa da, bai, baina oraindik sasoiko dago. Horregatik eta gurekin izan duen loturarengatik aitortza eman diogu».