Gezurrak, eta albiste izan behar ez luketen egiak
Prentsa askatasunaren eguna omen zen atzo. Omenaldi xelebre gisa, Tommasso Debenedetti italiarrak Mario Vargas Llosa idazlea hil zuen Twitterren, Alfaguara argitaletxearen izenean sortutako sasikontu baten bidez. Idazle miresgarria eta pertsona miserablea izatea posible dela demostratzen duen pertsonajeari buruzko hamaika komentario zabaldu ziren segituan, oso minutu gutxian, sare sozialetan. Argitaletxeak azkar ukatu zuen berria, baina iruzurra albiste zen jada.
Ez da Debenedettik bazterrak nahasten dituen lehen aldia. Arrakasta maila desberdinarekin, J.K. Rowling, Gorbachov, Fidel Castro eta Almodovar ere hil ditu aurretik Twitteren. Bere obra nagusia 2013an iritsi zen, Hugo Chavezen heriotzaren zain zen “El País” egunkariari argazki bat helarazi zionean. Horrela aldarrikatzen du behintzat berak. Irudian, Venezuelako presidentea zirudiena ageri zen, hilzorian. Lehen orrialdean atera zuten argazki faltsua Prisakoek.
Debenedetti ez da kazetaria, performanceak gustuko dituen literatura irakasle bat baizik. Baina gezurra notizia bihurtuz agerian uzten du kazetaritzaren egia-elefante horietako bat: prentsa askatasunak bere kabuz ez du bermatzen informazio eskubidea. Are gutxiago edozein ergelkeria, egia izanda ere, notizia bihurtzen den garai azeleratuotan. Eurovision eta ikurrinaren kasua etortzen zait burura adibide gisa. Baita Katalunia edo Eskozia independente izan arte tipo batek iragarritako gose greba ere.
Ongi etorriak beraz gezurrezko berriak, egia guztiak albiste ez direla izan behar gogoratzeko balio badute.