Mintzanet egitasmoa, euskaraz hitz egiteko aukera etxetik atera gabe
Mintzanet egitasmoa aurkeztu zuten atzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Arabako eragile, elkarte, euskaltegi eta, azken finean, interesa izan dezakeen edozeini zuzendutako saioak antolatu dituzte euskara Internet bidez eta doan praktikatzeko aukera hau ezagutzeko.
Ainara Loiarte egitasmoaren koordinatzaileak azaldu zuenez, Mintzaneten helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsona orori etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz nahi adina hitz egiteko aukera dute Mintzanet.net webgunearen bidez.
Bi pertsona behar dira Mintzaneten aritzeko: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna euskaraz ikasten ari den eta hainbat arrazoi tarteko euskaraz egiteko aukera ez duen orori mintzapraktika egiteko aukera ematen dion euskalduna da, eta bidelaria, berriz, euskara ikasi edo hobetu nahi duen ikaslea da.
Dagoeneko 350 lagun baino gehiagok hartzen dute parte Mintzanet egitasmoan. Gehienak (%80) Euskal Herrian bizi dira, baina izena eman duten asko (%20) atzerrian daude: Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan, Txilen, Britainia Handian, Kolonbian, Brasilen, Uruguain, Kaledonia Berrian eta Polonian, besteak beste.
Mintzanet Maramara Taldeak kudeatzen du, 2013an proiektua sortu zuenetik. Gasteizko Gobernuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa jasotzen du proiektuak.