Nerea GOTI
SELEKTIBITATE

MATEMATIKAKO AZTERKETAREN ASTINDUA ORAIN, ETA 2017AN ZER?

AZKEN SELEKTIBITATE DEIALDIA IZAN DAITEKEEN HONEK 13.000 LAGUNEN BIZITZA ASTINTZEAZ GAIN KOLPE BATEKIN ESATEN DU AGUR. «INORK ULERTZEN EZ ZUEN» MATEMATIKAKO AZTERKETA BATEK NEGARRAK ERAGIN ETA SUTAN IPINI DITU SAREAK. CHANGE.ORG-N SINADURAK BILTZEN ARI DIRA. ETA 2017AN ZER? INORK EZ DAKI HORRI ERANTZUTEN. LOMCEREN IKASGAIAK BADAUDE, LAKUAK ZER EGINGO DUEN JAKITEA FALTA DA.

Selektibitateko azken azterketak dira gaurkoak Hego Euskal Herrian 13.000 ikaslerentzat. Euskara eta Ingeleseko probak. Berez, «txarrena pasatu da», azken hauek «errazenak» omen direlako Batxillergoa bukatu eta unibertsitate ikasketak hasi nahi dituenarentzat, baina asteazkeneko Matematikako azterketak arrastoa utzi du, «jada ez dakit zer pentsatu» asko entzuten zen atzo.

Maitane Serrano, Iraida Lopez eta Ane Saiz Urbiko ikasleek atzo bertan egin behar zuten azterketa barik aurreko egunean egindako Matematikakoa zuten buruan. «Ariketak oso konplikatuak ziren, ez zen klasean landu dugun eredua», kontatzen zuen batek, eta zera gaineratu beste batek: irakasle bat tribunalekoekin hitz egitera joan zela. Nabarmendu zutenez, oso ondo prestatua eraman arren, ez zegoen azterketa hura egiteko modurik, eta ez zen aitzakia hutsa, Matematikan nota onak izan dituzten ikasleak direlako, nabarmendu zutenez. Saizek azaldu zuenez, bere nota orokorra 9,6koa izanik, beti 10 bat ateratzekoa izan da asteazkeneko proba ikusi arte.

«Ikasi dut 10 bat ateratzeko beste, azterketa zailenak ere gainditu ditugu proba prestatzeko egindako azterketetan, eta orain oso urduri gaude, atzokoa ikusita ez dakigu zer gertatuko den», adierazi zuen Serranok.

Nabarmendu zutenez, sareak sutan daude atzotik. Change.org webgunean sinadurak biltzen ari dira Lakuako Hezkuntza Sailari Gizarte Zientzien adarreko Matematikako azterketa baliogabetzeko eskatuz.

Kolore guztietako errotuladore fosforitoez azpimarratutako orriak esku artean, «gutxienez esadazu zeozer gai honetaz, ez dut astirik izan ezta begiratzeko ere», entzuten zen han, negarren bat ere bai unibertsitatetik bueltako autobusean, ariketetako emaitzek lagunenekin bat ez zetozela entzutearekin batera, lagunen lasaitzeko hitzak eta urtero errepikatzen den galdera airean, etorkizuna baldintzatzen duen azterketa hau beharrezkoa al da?

Iker Sedanori, Hizkuntza, Historia eta Fisikako azterketak egin ostean, azken hau errazena iruditu zitzaion, baina urduritasuna ere jokoan sartzen da, eta esan zuenez, lehenengo azterketarako «nerbioak bikoiztua» izan zituen, «azterketa bat eta gainera selektibitatea. Orain ikusita zer den, azterketa baten nerbioak bakarrik». «Gutxi gorabehera klasean ikusitako galderak» izan zituen, baina «beste ikasgaiei buruz entzundakoaren arabera, Biologia, Matematika eta Giza Zientzietan badirudi zailagoak izan direla».

Ikasgai espezifikoen txanda bukatuta, Asier Zubia, Imanol Basabe eta Joseba Trinidad uste onarekin atera ziren atzoko Matematikako azterketatik, baina aipatu zuten aurreko eguneko probarekin gertatutakoa. Gaur lasaiago joango omen dira. Ingeniaritza egin nahi duten biek ez dute arazorik, baina Irakasle Eskolarako 8ko nota behar da.

Zalantza gehiago dago datorren ikasturteari begira, zertarako prestatuko dira ikasleak? GARAk kontsultatutako eragileen arabera, «betiko ziurgabetasunean, Lakuak Lomce aplikatuko ez duela esan, baina Lomceren ikasgaiak baditugu», eta «Heziberriren Batxillergo dekretuaz ez dakigu ezer».