Josu Tellabide
Etnologoa
GAURKOA

Donostiako plaza eta kaleak herriak izendatzetik inposatuak izatera

Donostiaren historia kaleen izenekin batera egiten joan da. Historia pausoz pauso joan da eraikuntzetan, kaleetan eta plazetan idazten, hiriaren bilakaerarekin batera. Nola izan zen eta den gure ondorengoentzat uzten dugu herriko izenetan. Toponimiak pertsona ospetsuen, leku eta gertakizunen berri ematen digu. Bestalde, gure herriak zenbait izen izan du bere historian zehar, hala nola Izurun, hasiera batean, Donostia eta San Sebastian, gehi izen herrikoiak eta goitizenak: Easo eta Irutxulo.

Donostiako kale izenen historian hiru ez bada lau data garrantzitsuak: lehenengoa 1813ko abuztuaren 31, hau da erre zutenekoa, izan ere, sutearekin Alde Zaharreko etxe guztiak galdu ziren, gazteluaren kontra zeudenak izan ezik. Ondoren hiriko konfigurazioari zenbait aldaketa egin zitzaion berrikuntza egitean. 1916. urtean Serapio Mujika historialariak bere “Las calles de San Sebastian” liburuan esaten zigun ordura arte lehengo Donostia zahar hartan eta sutearen ondoren berreraiki zenean, kaleen izenak herritarrek deitzen zituzten izen herrikoiekin ezagutzen zirela: Santa Maria (gaur Kale Nagusia); San Bizente; Poiuelo; Lorenzio; Plaza Berria. Baina, handik gutxira etorri ziren aldaketak. Izan ere, Donostiako orduko agintariak, oraingoak bezala, jauntxo burgesak ziren; ideologiaz «liberal progresistak» gainera, jakina; foruen aurkakoak eta espainiar sutsuak. Pentsatzen zuten beraien irabazi eta hazkunde ekonomikoa sistema forala aldatuta lortuko zutela. Burges liberal donostiarrek foruak suntsituta lortu zuten agintaritza ekonomikoa eta politikoa eta Donostian lehen eta orain ere eurek dute agintea. Gauzak horrela, Donostian 1920an aurreneko plaza-izen inposatua jarri zuten: «Plaza de La Constitución» herriak jarritako Plaza Berria izena alboratuta. Rafael Riegok 1820ko urtarrilaren 16an eman zuen kolpe militarrean 1812ko Cadizeko konstituzioa aldarrikatu zuelako. Donostiako jauntxoek, espainiar guztien artean «progresistenek», konstituzio hura aldarrikatu zuten eta Donostiako plaza nagusiari izen berria inposatu.

Hiru urtera absolutismoa itzuli zen berriz, baina, Donostiako «liberal» haiek 1828an plaza hartan bertan Fernando VII. errege absolutistari ongietorria eman zioten. Elkarrekin egin zuten festa errege absolutuak eta Joaquin Berminghan alkate «liberalak» bere lagunekin batera. «Gora absolutismoa! Ona da nire negozioak errespetatzen baditu».

Bigarren data garrantzitsua izan zen harresiak bota zituzten garaia. Herritarrak pilatuta bizi ziren harresien barnean, oso leku desegokia zen bizitzeko, gainera, burgesak herritarrekin nahasiak bizi ziren. Horrela, ahaleginak egin zituzten burges haiek harresiak botatzea lortzeko. Botatzeko agindua 1863ko apirilaren 22an eman zen, jauntxoek negozioak egiteko aukera ikusi baitzuten.

Proiektu berriak egin ziren eta Antonio Cortazar arkitektoarenak irabazi zuen. Honek hiri merkatari bat aurreikusi zuen orube guztietan eraikiz. Gaurko Bulebarrean etxeak egitea proiektatu zuen. Ez zedila gelditu espazio librerik! Beste batzuek, berriz, udako egoitza bezala ikusi zuten. Ez zen Bulebarren eraiki, baina, hor hasi zen Donostiaren handitze geldiezina, eta orube guztiak espekulatzaileen esku gelditu ziren. Honela, Donostiako hazkundearen bilakaera minbiziaren metastasi bat bihurtu da garai hartan hasi eta gaur arte.

Kale berriak eta plazak eraiki ziren eta izen berriak jarri. Donostia hartan aldaketa sozialak oso handiak izan ziren XIX. bukaera eta XX. hasieran. Ordura arte euskara zen nagusi eta herritarren hizkuntza bakarra. Donostiako burgesek bakarrik erabiltzen zuten gaztelania. Hauek, garai hartan, orain bezalaxe herritarren hizkuntza gutxiesten zuten. Dena dela, 1897ko apirilaren 13an kaleen izenak bi hizkuntzatan jartzea erabaki zuen udalak. Erabaki zuen, baina, ikusten denez ez zegoen interesik eta ez zuten bete, beraz, erabakia itxura bakarrik zen.

Orduan erabaki zen kale berri gehienetan erreginen, militarren, kolonizatzaileen edo espekulatzaileen izenak jartzea: Okendo, Marques de Salamanca, Jose Gros espekulatzailearen auzo izena, General Etxague, Avenida de la Reina, Reina Regente… Salbuespena da Euskal Herria kalea. Honi izen hori jarri zioten «por ser un patriótico y simpático nombre». Garai hartan –gaur hemen bizi diren askorentzako bezala– Euskal Herria «la patria chica» zen.

Garai hartan inposatutako beste izen bat Fermin Calbeton da. 1919an izan zen hori, zinegotzien arteko eztabaida zaratatsu batean. Poiuelo kalea, XIV.etik gutxienez ezaguna zen izen horrekin kale hori. Bada, kendu izen hori eta Fermin Calbeton burges donostiarrari, lasalletarren artekoa eta ministro eta betirako senatari izanari jarri zioten kalearen izena. Pio Barojak honela zioen: «Politico montrenco y vulgar».

Hirugarren data esanguratsua 1931ko bigarren errepublika ezarri zenean eta honekin batera Donostiako historian herritarren boto popularrekin osatutako udala aukeratu zenean izan zen. Kaleen izenen aldaketak berehala proposatu ziren. Avenida de la Reina, Avenida de la Libertad; Reina Regenta, Francisco Gaskue; Alfonso XIII, Doctor Urrutia. Denbora gutxirako izan ziren, izan ere, estatu kolpea eman zuten faxistek eta hankaz gora bota zuten 1931tik egindako aldaketa. Donostiako burgesek nolabaiteko lasaitasuna hartu zuten errepublika suntsitu zutenean. Horrela, lehengo izenak itzuli zituzten batzuetan eta besteetan izen berriak inposatu zituzten berriro plaza eta kale nagusietan. Alfonso XIII eta Reina Regenta itzuli ziren; Avenida de la Libertad, Avenida de España pasatu zen izatera; 1820tik Plaza de la Constitución, Plaza 18 de Julio bihurtu zuten; Alameda del Bulevar, Alameda Calvo Sotelo; Easo zena Victor Pradera; Gran Via deitzen zutena General Primo de Rivera.

Gerra bukatu eta 1940. urtetik aurrera Amara Berriko auzoa eraiki zuten. Hor faxistek kaleak beraien gustura inposatu zituzten: Felipe IV; Isabel II; Pio XII (Franco bedeinkatu zuen Aita Santua); Catalina Erauso moja hiltzailea; Torcuato Fernandez Miranda edo Columna Sagardia, Burgos eta Lleidan ehunka biktima egindako banda kriminala…

Laugarren data eta oraingoz azkena gure arokoa da. 1979an , berriz aldaketak ezarri ziren: Victor Pradera, Easo izatera itzuli zen; 13 de Septiembre, Euskadi izatera pasatu zen; General Franco, Intxaurrondo izatera; Avenida del Generalísimo, Zurriola izatera (azken hau Donostiako kaleen artean ezagutzen den izenik zaharrena, bere lehen aipamena 1278koa baita).

Aipatutako urte honetan, hau da 1978an hiriko auzo euskaldunetan errotuluak euskaraz bakarrik behar zutela erabaki zen, eta beste auzoetan, berriz, elebidunak. Kale eta plazak ez ezik hiriaren izena ere aldatzea proposatu zuen Saizarbitoria Zabaleta jaun zinegotziak, Donostia bakarrik deitu behar zela esan baitzuen, nahiz eta aldi batean Donostia-San Sebastian erabili euskara ezagutzen ez zen tokietan. Horrela onartu zen orduan, baina, lekutan gaude gaur egungo udalarekin. 1897ko izen euskaldunekin gertatu bezala 1978ko erabakiak ahaztu eta gutxietsi dira, gaur egunean.

Geroztik, 1990 aldera Udalak irizpide onarekin erabaki zuen bertako izenak, baserri izenak eta toponimia errespetatuko zela, baita hiriarekin lotura duten kultura pertsonaiak, emakumeak lehenetsiz, jarri behar zirela ere. Gaur Udaleko talde politikoak erabaki hau partzialki betetzen du, tartean sartuz eta inposatuz euren gustuko edo ideologiako izenak.

Hasieran herriak erabiltzen zituen izenak ziren onartzen zirenak, baina boterean euren ideologia goraipatzeko erabiltzen zituzten eta dituzte, eta hala, Donostiako kale izendegiko zerrendetan donostiar herritarrei errespetu falta adierazten diguten izenak hor daude. Canovas del Castilloren garaikoak, Primo Riveraren garaikoak eta Francoren garai luzekoak.