Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Aurten ere, ikastolak lurralde osoan indartzeko parioa egin du Seaskak

Txikia izanagatik, edo horregatik beharbada, Seaskak ahalegin berezia egin du aurten ere lurralde osoan ikastolen eskaintza bermatzeko. Orotara ia 3.500 ikaslek hasi dute ikasturtea, iaz baino 104 gehiagok.

Zuberoako Aloze herriko ikastola eraberrituan, bertako zuzendari Marie-Laure Cazanave eta herriko auzapez Jean-Pelle Iriart alboan zituela, Paxkal Indo Seaskako presidenteak aurtengo ikasturtearen berri eman zuen atzo. «Aurten ere, ikastolak lurralde guztian eta ez bakarrik jende anitz bizi den kostaldean indartzea da gure xedea», esan zuen Indok Basabürüko hamasei herritatik jindako 36 haurrak hartzen dituen ikastolaren irekierarako auzapezaren eta hautetsien laguntza eskertuz.

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko buruak ez zuen ezkutatu irakasle postuak bermatzeko dituzten «zailtasun handiak», batez ere, Zuberoan bezala, ikasle gutxi dituzten tokietan. Akademia ikuskariarekin urtero duten kopuruen batailatik harago, ikastolen arteko elkartasunari esker han-hemenka ikastolak hedatzen segitzeko asmoari tinko eusten diotela gaineratu zuen. Ildo horretatik, datorren urtean, «Alozeko beste puntan, Bokalen hain zuzen», 35. ikastola irekitzeko ahaleginak egiten ari dira.

Ez da hori izanen, haatik, Seaskaren erronka bakarra, Baionan lizeo berria eta laugarren kolegioa abian jartzeko ere lanean ari baitira buru-belarri.

Ia 3.500 ikasle

Aurtengo ikasturteari so, murgiltze eredua eskaintzen duen sare bakarreko ikasle kopurua emendatu egin da. «Jaiotza-tasa beherantz doanez, aurten hiru herrialdeetan 100 haur gutxiago eskolatu dira Lehen Hezkuntzan. Alabaina, Seaskan ikasle kopurua handituz doa», nabarmendu zuen Indok. 3.492 ikaslek hasi dute ikasturtea Seaskan, iaz baino 104 gehiagok. Horietatik 2.500 Lehen Hezkuntzan arituko dira eta beste 1.000 Bigarrenean.

Ondorengo hilabeteetan 3.500 ikasleen kopurua gaindituko dute, urtean zehar, bakoitza bere erritmoan, 2 urteko 60 haur gehituko baitira.

Kolegioen erreformaren aurka, lehen greba deialdia

Ohi moduan, ikasturte hasieran izan dira protestak hainbat ikastetxetan espero zituzten irakasle postuak edo ikasgela aski izan ez dituztelako. Horietako bat Zuraiden burutu da, euskara adarra sartu eta frantseseko irakasle postu erdia kendu dietelako.

Hala eta guztiz ere, aurtengo ikasturtea ezaugarritu duen nobedadea kolegioen (Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa, 11-14 urteko ikasleak) erreforma izan da. Aldaketa nabarmenak egin dira irakaskuntzaren antolaketan, eta ez denen gustukoak. Hala, SNES-FSU, CGT, FO eta SUD irakaskuntzako sindikatuek, grebara deitu dute irailaren 8rako. Hezkuntza Ministerioaren «autoritarismoa» eta beraiek eskatutako bilerei entzungor egin izana salatu dute. Besteak beste, erreformak zortzi gai zehatzetan behartzen dituen diziplina anitzetako ikasketa praktikoak egiterakoan kolegio bakoitzari ematen zaion autonomiak «desberdintasunak» sortuko dituela uste dute. Bestalde, erreformak hizkuntza gutxituei utziko dien tokia erabat zehaztu gabe dago oraindik.A.M.