Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Harkaitz Canok eta Iñaki Holgadok beste ekarpen bat egin diote «Xabiroi» bildumari

Udazkenero bezala Ikastolen Elkarteak sustatutako “Xabiroi” aldizkariak komiki berria kaleratu du. “Museo Bilduma” da aurtengoa, Album saileko bederatzigarrena. Zeregina ondo ezagutzen duten Harkaitz Cano idazleak eta Iñaki Holgado marrazkigileak sortu dute, izan ere, argitalpen honetarako “Zebra efektua” eta “Piztia otzanak” ere egin baitzituzten elkarlanean. Binetez betetako ia 50 orrialdeen protagonista museo batetik bestera dabilen Valeria da. Bidean, laberintoena, heriotzara kondenatutakoen azken borondateena edota zorte txarra ekarri ohi dituen sineskeriak biltzen dituena ikusiko ditu. Xabiroiren arduradun Dani Fanoren hitzetan, «perlaz zipriztindutako bidaia» da.

Gidoia idaztearen ardura izan duen Canok liburua «metamuseoa» dela zehaztu zuen aurkezpenean. «Denok bildumatzen dugu zerbait, gizakiaren izaeraren parte da. Bildumen erakundea museoa da eta Valeriak museoak bildumatzen ditu». Erreferente asko dituen istorioa da, margolan ezagunekin batera, futuristagoak, George Orwell edo Aldous Huxley, esaterako. Halaber, marrazkietan istorioaren kontaketa ulergarri egiten duten detaile esanguratsu asko daude, Canoren lanaren ondorioz: «Elkarrizketa testu asko ez egoten saiatzen naiz, baina gidoian asko gertatzen da». Marrazkiez arduratu den Holgadoren hitzetan, komikia irakurtzea «museo bat bisitatzea bezala da, esperientzia bat».