Beñat ZALDUA
OINARRIZKO ERRENTARI BURUZKO XVI. SINPOSIOA

IDEALETIK HARATAGO, OINARRIZKO ERRENTARI BURUZKO EZTABAIDA ERREALA

HELENA FRANCO ETA JUAN CARLOS MONEDERO AURREZ AURRE, OINARRIZKO ERRENTA EZTABAIDAGAI. HAIEKIN BATERA IñAKI URIBARRI ETA CESAR MANZANOS. IDEALAZ ETA BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOAZ HARATAGO, AFERARI ALOR SOZIAL ETA POLITIKOTIK HELDU DIOTE OINARRIZKO ERRENTRARI BURUZKO XVI. SINPOSIOAN.

Pobreziaren kontrako antidoto egokiena bezala aurkeztu ohi da baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indibiduala. Hau da, gizarte bateko gizaseme bakoitzari bizitza duin bat bermatuko dion diru sarrera bat ematea. Zaila da ideal horren kontra jotzea. Eztabaida, baina, maila praktikora jaistean hasten da, «egingarria da?» galderari erantzuna ematen saiatzean. Galdera horri ertz desberdinetatik heldu zioten larunbat goizean Oinarrizko errentari buruzko XVI. Sinposioan antolatutako mahai inguruan. Aurrez aurre Helena Franco Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatu ohia, Juan Carlos Monedero Podemos alderdiaren sortzaileetako bat, Iñaki Uribarri ekonomialari eta sindikalista, eta Cesar Manzanos EHUko soziologia irakaslea. Moderatzaile lanetan Iñigo Lamarka, EAEko Ararteko ohia.

Francok jarri zuen kontrapuntua Bilboko EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egindako mahai inguruan, bere ikuspegi «eszeptikoa» ezkutatu gabe. Baina Uribarrik hartu zuen hitza lehenago, eztabaidaren markoa ezarri eta oinarrizko errentaren bideragarritasunaren auziari hiru adarretatik helduz: ekonomikoa, soziala eta politikoa.

Bai Gipuzkoan eta bai Estatuan egindako mikrosimulazioek ekimenaren bideragarritasun ekonomikoa frogatu dutela defendatu zuen ESK-ko sindikalistak. Datuak ere eman zituen horretarako: Gipuzkoan barne produktu gordinaren %2,5 beharko litzateke oinarrizko errenta finantzatzeko. Espainiako Estatuan, Euskal Herria kenduta, %3,5. Hala ere, Uribarrik berak airean utzi zuen galdera: «Nola konbentzitzen ditugu aberatsak bere errentaren zati bati uko egiteko?». Bideragarritasun sozialaren auziarekin lotzen da galdera. Eta ez da lan makala egin beharrekoa ardatz honetan: «Ez dakit gehiengo soziala oinarrizko errenta instituzio sozial berri bat bezala onartzeko prest dagoen, egungo kulturak aldatu beharreko hamaika balore goraipatzen ditu: lana, indibidualismoa, heteropatriarkatua, kontsumismoa, Lurrarekiko mesprezua...». Bideragarritasun politikoa, azkenik, sozialarekin lotu zuen Uribarrik, oinarrizko errentak alderdien artean nolako babesa eduki dezakeen «kartografiatzea» eskatuz. Errenta politikoki bideragarri azaltzeko ekimenak bultzatzea ere eskatu zuen. Ez zuen proposamena zehaztu, baina argi utzi nahi izan zuen bidea ezin dela izan egungo diru laguntzak –diru sarrerak bermatzeko errenta, adibidez– hobetzen saiatzea, bere ustez demostratu baita jada ez dutela pobreziarekin bukatzeko balio.

Cesar Manzanosen txanda iritsi zen gero, oinarrizko errentaren aldekoa hau ere. Soziologoaren ustez, hiru dira ekimenak topatzen dituen oztopo handienak, bideragarritasun ekonomikoarekin batere zerikusirik ez dutenak. Gaur egungo politika sozialen eredua aipatu zuen lehenik –nork erabakitzen du nor den pobre?–, eskubide-subjektua bigarrenik –familia unitateetan oinarrituta dago orain, eta ez gizabanakoetan–, eta diskurtso mediatiko orokorra, Manzanosen ustez oinarrizko errentaren kontrako iritzia eta baloreak sustatzen dituena.

Ongizate estatua kolokan

«Eszeptikoen barruan kokatzen dut nire burua, eskertzen dut horrela izanda ere gonbidatu izana». Helena Francok hasiera-hasieratik utzi zuen garbi oinarrizko errentaren aldeko diskurtso gehienen kontra joko zuela. Edonola ere, argi utzi zuen badaezpada ez dagoela ekimenaren aurka printzipioz, baizik eta alor batzuetan galdera eta kezka ugari sortzen dizkiola. Esaterako, lanari ematen zaion balio sozialari buruz. Uribarrik eta Manzanosek defendatukoaren kontra, Francok lanaren balioa goraipatu nahi izan zuen, errenta banatzeko lehen pausua baita bere ustez. «Ez dut lana idealizatzen, baina langile klasearen kontzientzia berreskuratu behar dugu», esan zuen.

Bat etorri zen gainontzekoekin «ongizate kolektiboa ziurtatu nahi duen gobernu batek hiritar guztien bizi baldintzak bermatu» behar dituela defendatzean, baina hori posible egiteko «ongizate estatua bideragarria izatea bermatu» behar dela gogorarazi zuen. Izan ere, instituzioen kudeaketen ikuspuntutik hitz egin zuen gehiago Francok, aurreko biek ikuspegi akademikoago batetik egin zuten bitartean. «Diru sarrera fiskal gero eta erregresiboa daukaten ereduetara goaz, eta oinarrizko errenta bat bakarrik finantza daiteke ongizate eredua mantentzen bada. Horretarako ezinbestekoa da diru sarrera fiskalak handitzea», esan zuen Francok, fokua zerga politiketan jarriz.

Baina eztabaida maila praktikora eramateko orduan, kezka nagusiak eremu politiko eta sozialean sortzen zaizkio Gipuzkoako Ogasunaren arduradun ohiari. «Zerga kontuetan, sistema sendo bat dagoenean, nahiz eta gaizki funtzionatu, edozein mugimenduk erantzun sozial ikaragarria du, eta hori kontuan hartu behar da. Eta ez da klase altuen erantzuna kezkatzen nauena, ertainena baizik», esan zuen Francok, adibide bezala Gipuzkoan egindako ikerketa aipatuz: «Urtean 20.000 eta 35.000 euro kobratzen dituzten 70.000 gipuzkoarrak, gehiago edo gutxiago, kaltetuta aterako ziren oinarrizko errenta ezarriz gero. Nahi izan ez arren, horrek konfrontazio soziala ekartzen du klase ertainekin». «Erabaki arriskatuak hartu behar dira, baina kontuz eraldaketarako aliatu potentzialak direnekin liskarretan sartzearekin, kontuz aldaketa erradikalekin», bukatu zuen Francok.

Monedero showman-ari hitza pasa aurretik, beste bi kezka azaldu zituen. Batetik, oinarrizko errenta ezarriz gero, aberastasunaren banaketaren exijentziaren hartzailea alda daitekeela abisatu zuen Francok. Hau da, gaur egun lanaren eta kapitalaren artekoa den borroka bat (soldatapeko eta ugazaben artekoa, erraz esatearren), kontsumitzaileen eta administrazioaren arteko liskarra izatera pasa daitekeela, modu horretan langileriaren boterea murriztuz. Bestetik, oinarrizko errenta ezartzeko hautua eginda ere, Euskal Herriak gaur egun ez dituen eskumenak beharko lituzkeela azaldu zuen Francok. Adibidez, gizarte segurantzan eta lan harremanen eremuan.

Arriskatzeko beharra

Berezkoa duen estilo zuzenarekin, mahai gainean kolpe bat ematen saiatu zen hasieratik Juan Carlos Monedero: «Ezkerrak 40 edo 50 urte daramatza defentsiban, Ama Birjinari gauden bezala gelditzeko eskatzen. Okertasun politikoa eskuinari uzten diogu eta gero Trumpek irabazteak harritzen gaitu». Podemosen sortzailearentzat oinarrizko errenta «umiliatua ez izateko eta inor ez umiliatzeko» sistema egokiena da, desberdintasunen kontra jotzeko «antidoto» hoberena.

Monederok zuzenean heldu zion Francok azaldutako kezketako bati, eta ez zuen problemarik izan erradikaltasuna goraipatzerako orduan: «Ez dago politika alternatibarik esperimentaziorik gabe. Ez daukagu alternatibarik 400 urteko kapitalismoaren aurrean, ezta 200 urteko ordezkapen demokraziaren aurrean ere. Esperimentatzen ez badugu, jai daukagu».

Galdera txandan, aldiz, Monederok nabarmenki jaitsi zuen tonua, eta, bolumena dezibelio batzuk suabeago, kezka batzuk ere azaldu zituen: «Diruak beti dauka alienazio puntu bat, Venezuelan edo Brasilen orain izan duten arazoetako bat izan da ezarritako errenta ereduak ez duela hiritarrik osatu, bezeroak baizik. Eta garai gogorragoak datozenean, bezero horiek eskuina bozkatzen dute. Erresuma Batuan berdina gertatu zen 80ko hamarkadan: ezkerrak berreraiki zuen herria eta bere politikekin sortutako klase ertainak Margaret Tatcherri eman zion gero boterea». Ildo horretan, oinarrizko errenta ezin dela bakarrik etorri azaldu zuen Monederok: «Ezin da horrela izan, dirua ezkutatzaile handia delako. Erantzunkidetasuna nahitaezkoa da, gakoa ez delako bakarrik aberastasuna banatzea, aldi berean aberastasun soziala sortzea baizik».

Antipodetan hasi arren, ez zuten hain urrun bukatu Monederok eta Francok. Azken horrek izan zuen larunbateko mahai inguruan azken hitza, eta, hain zuzen ere, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleari erantzuteko aprobetxatu zuen: «Nik ere defendatzen dut esperimentatu beharra. Gipuzkoan egin genuen eta istilu gogor eta garrantzitsuak izan genituen horregatik patronalarekin. Eta gustatu izango litzaidake gehiago esperimentatzea, baina errealitatea da ez zegoela indar korrelaziorik horretarako». Hor beste gako bat Frankorentzat: proposamen bikaina edukita ere, ezartzeko indar korrelaziorik gabe, ezer gutxi daukate egiteko indar eraldatzaileek.