Haritz LARRAÑAGA

PLASTIKOZKO POLTSA FINAK DEBEKATUAK IPAR EUSKAL HERRIKO SUPERMERKATUETAN

Naturan eragiten ari diren kaltea dela-eta, plastikozko poltsak paperezko zorro eta zaku biodegradagarriengatik ordezkatzeko urratsak egiten ari dira Estatu frantsesean. Arazoa larria da eta aurrera begira erosleen ohituretan eragingo duten neurriak izango dira.

Urte berriaren hasierarekin indarrean da Estatu frantsesean plastiko finarekin egindako poltsak debekatzen dituen legea. Ia oharkabean pasatu da erosleen artean, baina saltzaileek beren eskaintza derrigorrez egokitu behar izan dute gero eta zorrotzagoa bihurtzen ari den lege batean aurrean.

Adituek onartzen dute gizartearen zati handi bat lege berriaren alde egon arren oraindik kontzientziazio arazo handi bat dagoela eta horregatik legearen ezarpena atalka gauzatzen ari da. Iazko uztailaren 1ean ezarri zuten trantsizio energetikoaren legearen 75. artikuluaren arabera 50 mikrometroko lodierarik ez duten plastikozko poltsak galarazi ziren, baina denbora tarte batean salbuespen batzuk egin ziren saltzaile eta hornitzaileek egoera berriaren aurrean antolatzeko denbora izan zezaten.

Fruitu eta barazkien salmenta guneetan adibidez, oraindik plastiko finak erabil zitezkeen pasa den abenduaren 31 arte, baina aurrerantzean paperezko zorroak edo poltsa biodegradagarriak erabili beharko dituzte. Alegia, erabilera bakarreko plastikozko poltsak desagerrarazi nahi dira, erabilera anitzeko poltsen eta naturan kalterik egiten ez duten materialen mesedetan.

Orain dela 25 urte bezala

Arau berria zorrotz ezarriko da. Saltzaileek legea betetzen ez badute 1.500 eta 7.500 euro arteko isunak jaso ditzakete; beraz, denda gehienetan jada paperezko zorroak edo poltsa biodegradagarriak ikus daitezke. Saltzaile batzuk kexu dira material berriak garestiagoak direlako, baina orokorrean aparteko arazorik gabe egin da aldaketa.

Donibane Lohizune inguruko supermerkatu handietan esaterako, poltsa biologikoen aldeko apustua egin dute gehienek, baina kasu askotan, berauen ezarpena azken unera arte luzatu dute, horregatik, agian, aldaketa denda txikietan baino nabariagoa izaten ari da denda handien kasuan.

Zokoa auzoko Vival denda txikian 1981. urtetik lanean ari den Hastoy jaunarentzat, lege berriak ez du aldaketa handirik suposatu, izan ere, bada urtebete paperezko poltsak erabiltzen hasi zirela. Dendariaren esanetan, «orain dela 25 urte bezala, berriz ere fruta paperezko poltsetan saltzera itzuli gara».

Arazoari aurre egiteko neurriak

Mundu mailan, petroliotik eratorritako edukiontzien erabilera naturan eragiten ari den kaltea beldurgarria eta neurtezina da. Itsasoan milaka tona plastiko daude barreiatuak, urazalean zein hondoan, eta okerrena desegiten den plastiko fina da, arrainen sabelean amaitzen baitu, eta beranduago, baita gizakion urdailean ere.

Erabiltzen den plastikoaren %20 baino ez da birziklagarria eta hortik soilik zati bati bakarrik atera ahal dakioke etekin energetikoa. Gainerako guztiak naturan botata amaitzen du, eta ia kasu gehienetan, azken helmuga itsasoa izaten da. Honela, egin berri den ikerketa baten arabera, 122 milioi poltsa daude Estatu frantsesa inguratzen duten Atlantiko eta Mediterraneoko itsasoetan barreiatuak.

Zenbat eta plastiko finagoa izan, orduan eta kalte gehiago egiten du naturan, errazago puskatzen baita zati txikietan, eta animaliek jateko aukera handitu egiten baita, zeren plastikoa zati txikietan banatzen denean ia ikusezin bilakatzen da, baina horrek ez du esan nahi materia kutsagarria desagertu egiten denik. Plastiko lodia ere desegin daiteke, baina denbora gehiago behar du.

Plastikozko poltsa bat segundo bakar batean egin daiteke; aldiz, bere bizia 400 urtekoa da, beraz, ez da egun batetik bestera desagertzen. Arazoak zer-nolako tamaina eta zabalkundea izan dezakeen ikusteko, adibide gisa aipa daiteke 2014. urtean mota honetako hamazazpi mila milioi poltsa banatu zirela Estatu frantsesean.

Helburua, plastikoa ahal den neurrian desagerrarazteko urratsak egiten jarraitzea da eta zentzu horretan neurri berriak hartuko dira. Besteak beste, 2020. urterako plastikozko ontziteria (edalontziak, platerak, eta abar) ezabatzeko legea ezarriko da, eta pixkanaka, egun plastikozkoak diren hainbat objektu konpostagarriak diren produktuekin ordezkatu beharko dira.