Maitane ALDANONDO
Donostia

Gertukoa, freskoa eta bertakoa den nekazaritzaren aldeko lana

Maje Gorritxo eta Tomas Larrañaga izan dira nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin zuten lehenetakoak. Kalitatean oinarritutako eredua sustatu eta babesteko Biolur sortzen lagundu zuten. Arrazoia zutela erakustea oztopoz betetako bidea izan da.

Nekazaritza ekologikoan inork gutxik sinesten zuenean Euskal Herrian, Tomas Larrañaga eta Maje Gorritxo eredu hori sustatzen aitzindari izan ziren. Euren Antzuolako Lapatza baserrian hasi ziren lantzen eta 25 urte daramatzate ekoizpen jasangarria bultzatzen; bai jardunean bai sortzen lagundu zuten Biolur elkartearen bidez ere. Ezjakintasunak ekarritako oztopoak ez zaizkie faltan izan, eguneroko borroka horretan. Bidea nola egin duten azaldu zuen Larrañagak iragan astelehenean, Basque Culinary Centerrek antolatutako IV. Basque Culinary Action ekintzaileen nazioarteko foroan.

Larrañagak Geologia ikasketak hasi zituen 1980an Leioan; «baina nire burua ez zegoen hornituta hura bukatzeko eta etxera bueltatu nintzen». Baserria zuten eta amari lurra lantzen laguntzen zion. Zenbait ezbeharren ondotik, 1983an Zabalegi Nekazaritza Eskolan lehen ikastaro trinkoa egin zuen. Gorritxo ezagutu zuenean, nekazaritza ekologikoaren munduan murgiltzen hasi ziren. 1990ean ENEk antolatutako ikastaro baten barruan, lehen 1.000 metro ortu ekologiko jarri zituzten; eta gainera, nekazaritzaren inguruan kezka berak zituen jendea ezagutu zuten. Amaitzean, Herbehereetara bidaiatu eta eskola biodinamiko bat ikusi zuten. Orduan jabetu ziren «hobeto» jardun behar zirela, eta birmoldaketa egitea erabaki zuten.

Lurra horrela lantzen lehenetakoak izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan nahiz Estatuan. «378 zenbakia daukat operadore moduan eta 25.000 bat gara orain», dio Larrañagak. Joera orokorraren kontra zihoazen eta inork ez zuen euren mezua aintzat hartzen. «Gezurtiak, berbontziak… ginela uste zuten. Jendeak eta administrazioak ez zuten sinesten posible zenik. Horri buelta ematea lan nekeza izan da». Zeregin hori izan da Biolur elkartearen xedea, nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta posible dela erakustea. 1993an eratu zuten 500.000 pezetako –3.000 euro– aurrekontuarekin. Bikotea sustatzaile izan zen eta Larrañaga lehen presidentea. «Gogorra izan zen hasiera, baina ilusioa handia zen». Inplikazio handia izan dute alorreko beste erakunde batzuetan ere, eta konpromiso horregatik bikoteak 2014an jaso zuen lehen sektoreko ibilbide profesionalen Gonzalo Nardiz Bengoetxea saria.

Ekoizpen ekologikoak hazkuntza nabaria izan du mende laurdenean. Nabarmendu duenez, egun ia nekazari gazte guztiak hala lan egiten hasten dira, eskaintza zabalduz. Eskariak ere bide bera hartu du eta egoera pozgarria dela uste du Larrañagak. «Une gogorrak pasatu ondoren, ikusi dugu bide onetik gindoazela». Hala ere, barazki horiek «ondo» saltzeko arazoak sortzen hasi direla ohartarazi du, «askotan arrunt moduan saltzen baitira» eta hor zeregina badela.

Kalitatea ekinez erakutsi

«Herri txikia izanda, kalitatearen alde egin behar dugu, kopuruarekin ezin baitugu; eta horrek beste itxura bat emango lioke lurrari», dio Larrañagak ziur. Barazki eta fruta ekologikoaren bereizgarriez galdetuta, berriz, nekazarien gertutasuna, freskotasuna, jasangarri izatea eta kalitatea zerrendatu ditu. Emaitzekin egiaztatu nahi izan dute hitzez esandakoa eta zuzen daudela. Horregatik Antzuolako Lapatza baserria beti irekita izan dute lurra nola lantzen duten erakusteko. Ikastaroak ematen dituzte, ikastola taldeak bisitan doaz, bertan saldu izan dute… Izan ere, bezeroek egiaztatzeko bide onena, aurrez aurre saltzea da, beren iritziz. Antzuolan kontsumo talde bat dute eta herriko, Arrasateko eta Bergarako asteroko azoketan ere izaten dira. Azoka berezi askotara ere joan dira eta maiz irabazi dute. «Horrek frogatzen du egiten dugunak besteenarekiko zer alde duen kalitatean».

Bestalde, bertako laboreei garrantzia ematen diete eta etxean hazi bilduma bat dute. Ez dituztenak, aldiz, mintegi ekologikoetan lortzen dituzte. «Saiatzen gara bertako barietateak lantzen, Gernikako piperrak, Bizkaiko morroiak, bertako babarrunak... gustukoak diren gauzak. Zorionez topatu dugu esaterako, tomatea, Aretxabaletako arrosa, gure estandarte modukoa da. Landu eta hobetu dugu, hautaketak eginez, Biolurrek, Neikerrek eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

Ekonomikoki ere, zuzeneko bidea errentagarriena zaie: «Etekin gehiago lortzen dugu bitartekaririk gabe eta aukera ematen digu beti dirutxo bat edukitzeko proiektuak egiteko». Merkaturatze erakunde baten partaide izan ziren, azpiegitura handietan saldu dute, postua izan dute… baina baldintzak okertzen ziren. Elikagaiez gain, kontserbak saltzen dituzte. Jakion enpresarekin hainbat probatu zituzten, baina salmenta motel zihoan eta pare bati eutsi diote bakarrik: egindako tomatea eta errezil-sagar gozokia, baina ekonomikoki ez da hain onuragarria.