Ariane KAMIO
DONOSTIA

Euskararen ahaide sardiniarra

Euskararen eta paleosardinieraren arteko balizko harremana oinarri hartu du Juan Martin Elexpuruk «Euskararen aztarnak Sardinian?» lanean. Italiako irlan hainbat izan dira mende honetan zein aurrekoan ustezko kidetasun horri buruz egin diren lanak eta Elexpururenak Euskal Herrian zegoen hutsunea betetzea du asmo. Antza, orain 8.000 urte izandako migrazio baten ondorioz geratu ziren euskararen aztarnak Mediterraneoko uhartean.

Egungo sardinieraren aurrekoa da paleosardiniera, erromatarrek irla konkistatu baino lehen Sardinian egiten zen hizkuntza. Hain zuzen, paleosardinieraren eta euskararen arteko balizko harremana izan du oinarri Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1950) filologo eta idazleak bere lanik berrienean. Bere hipotesia, ordea, ez da aurkikuntza berria. Badira ehun urte inguru Sardinian bertan bi hizkuntzen arteko kidetasuna aztertu zela. Vittorio Bertoldi hizkuntzalariak hainbat bat-etortze ikusi zituen euskararen eta uharteko erromantzearen artean. Iraultza, nolanahi ere, berriki hil den Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak ekarri zuen, toponimiari garrantzi handiagoa emanda. Blasco Ferrer izan da, hartara, Elexpuruk bere ikerketan izan duen helduleku nagusia. «Berarekin harremanetan jarri eta hiru egonaldi egin nituen bertan; bueno, egonaldi baino gehiago, ibilaldi», aipatu zuen idazleak, irla goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen aritu baitzen.

“Euskararen aztarnak Sardinian?” (Pamiela) liburuak badu teoria bat. Hain zuzen ere, Mesolito-Neolito garaian, duela 6.000-8.000 urte, migrazio handi bat egon zela euskal lurraldetik Mediterraneoko irlara, erromatarren konkistaren aurretik gertatutakoa. «Orain arte egindako ikerketa genetikoek ere balioztatzen dute migrazio hori», jarri zuen azpimarran Elexpuruk, euskaldunen eta sardiniarren arteko parekotasun genetikoak oso handiak direla defendatuz.

Bere liburuak, hortaz, hutsune bat betetzeko asmoa du. Orain arte Sardinian hainbat ikerketa egin badira ere, afera horren inguruan Euskal Herrian egiten den lehenengoa da berak idatzitakoa.

Euskararen eta uharteko erromantzearen artean antzekotasun ugari direla agertzen duten adibide asko aurkitu ditu bere bidean Elexpuruk, eta horiek guztiak txertatu ditu liburu berrian. «Adibidez, ‘gorosti’ hitza sardinieraz ia berdin esaten da, ‘golosti’. Badira berrogei bat hitz erromantze sardinieran geratu direnak eta euskararekin harremana dutenak», nabarmendu zuen.

Euskararen jatorriaren inguruan hainbat hipotesi eraiki izan dira azken hamarkadetan eta irakurlea kokatze aldera, orain arte ezagutu diren teoria garrantzitsuenak ere azaldu ditu filologoak bere lanean.

Bere ikerketan erromatarren epigrafeetan agertzen diren idatziak bildu ditu euskal soinua duten hainbat izenekin: «bostar», «arizta»... Eta erromatar garaiko toponimian ere sakondu du, emaitza ugari lortuz: Nora, Lesa edo Sorabile –egun, Andoaingo auzune bat– kasurako.

Hain zuzen toponimian lortu dira emaitzarik deigarrienak eta liburuaz gain, mapa toponimiko bat editatu da, Sardiniako eta Euskal Herriko 350 bat herriren izenak biltzen dituena. «5.000 izeneko datu base bat erabili nuen oinarri gisa. Hortik atera ditut toponimo gehienak», adierazi zuen.

Liburuaren amaieran ondorio eta gogoetetarako lekua hartu du Elexpuruk. «Euskal filologian eta hizkuntzalaritzan egon daitezkeen ondorioak aztertzen ditut. Esate baterako, hainbat hitzi jatorri latinoa dutela esaterakoan bi aldiz pentsatu beharko da», amaitu zuen.