Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Hamalau ekoizpenek ordezkatuko dute euskal zinemagintza

Hamalau euskal ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 22tik 30era bitartean ospatuko den 65. Zinemaldian, eta horietako zazpi, gainera, jaialdian estreinatuko dira eta Zinemira sailean hartuko dute parte. Ohorezko atalean, Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira ikusmina sortu duen «Handia» eta Fernando Francoren «Morir». Zinemira saria, bestalde, Julia Juaniz muntatzaileari eskainiko zaio, irailaren 26an egingo den Euskal Zinemaren Galan.

Tabakalerako zinema aretoan eserlekua bilatzeko lanak izan zituzten atzo Donostiako Zinemaldiko euskal ordezkaritzaren aurkezpenera azaldu zirenek. Atarian argazki ofiziala aterata, hamaiketarako aretora bildu ziren jaialdiko sail ezberdinetan banatuta aurten Zinemaldian izango diren hamalau euskal ekoizpenetako ordezkariak, tartean Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Ramon Agirre, Koldo Almandoz, Iñigo Garcia, Anjel Oiarbide, Joseba Usabiaga, Ximun Fuchs, Eñaut Castagnet... eta baita Sail Ofizialera Altzoko Handiaren bizipenak eramango dituen “Handia” euskarazko filmeko lantalde osoa ere. Euskal ordezkaritza osatuko duten hamalau filmetatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian arituko dira.

Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos eta jaialdiaren komunikazio arduradun Ruth Perez de Anucita izan ziren aurkezpen ekitaldia gidatu zutenak. «Gaurko eguna egun handia da euskal zinemaren alde lanean gabiltzanontzat», hasi zen Rebordinos, eta azken urteetan euskal zinemak izan duen gorakada ikusita –besteak beste, “Loreak”, “Amama” edota “Psikonautas, los niños olvidados” filmak aipatu zituen– euskal zinemaren zutoinak jarriak badaude ere, bidea urratzen jarraitu ahal izateko baliabideak behar direla azpimarratu zuen.

Loading player...

«Euskal zinema, eta euskarazko zinema bereziki, Zinemaldiko sail garrantzitsuenetan presentzia nabarmena izaten ari da. Hau filmen kalitatearen isla besterik ez da. Kasu batzuetan, gainera, gurea bezain zinematografia txiki baterako produkzio maila harrigarriarekin», esan zuen, eta aurkezpenean zehar proiektatu zituzten ikus-entzunezkoetan ere ideia bera errepikatu zuten hainbatek, tartean Ibaia euskal ekoizleen elkarteko zuzendari Joxe Portelak edota EPE euskal produktoreen elkarteko presidente Carlos Juarezek. Lehenaren hitzetan, euskal zinema «loraldian bada ere, finantzaketa iturri nagusiak egokitzen eta indartzen jarraitu behar da». Bide beretik joan zen Juarez ere: «Euskal zinemaren egoera onak ez du diru laguntzen politikarekin bat egiten. Aurrekontu orokorretatik aldendutako lerro berriak falta dira».

Aurkezpenak euskal zinemagintzaren emaria ohoratu eta hura babestearen aldeko aldarrikapenak bildu bazituen ere, atzoko protagonista nagusiak Zinemaldian emango diren hamalau euskal ekoizpenak izan ziren. Aurten begiak Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako “Handia” filmean egongo dira jarriak, Zinemaldiaren historian Urrezko Maskorraren lehian sartuko den euskarazko hirugarren filma –“Loreak” izan zen lehena, 2014an, hura ere Garañok zuzendua, Jose Mari Goenagarekin batera; eta “Amama” bestea, 2015ean–. Filmak hazteari utzi ezin dion Altzoko Handia pertsonaiaren bizipenak kontatuko ditu. Zehazki honek bere anaiarekin batera Europan zehar egindako ibilbidea bilduko du eta Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista. Sail Ofizialean ariko da baita ere Fernando Franco sevillarrak zuzendutako “Morir”. Filmaren %80 Euskal Herrian filmatua dela nabarmendu zuen Koldo Zuazua ekoizleak. Filmak Luis (Andres Gertrudix) eta Martaren (Marian Alvarez) bikote-krisia du oinarri. “Morir” eta “Handia”, biak dira Euskal Zinemaren Irizar sarirako hautagai.

Koldo Almandozek iaz “Sipo Phantasma” lehen luzea Zabaltegin aurkeztu ostean, atal berera “Plágan/Plague” laburra dakar: turismoaz eta bizitza bizi beharrean objektiboaren bidez harrapatu beharraz ari da zuzendari donostiarra.

Bestalde, Zinemira atalean parte hartuko dutenetatik hiru lehiatuko dira Irizar sarirako: Iñigo Garciaren “Bi txirula”, lurralde lasaiago eta epelagoen bila egindako bidaia; Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoaren “Elkarrekin-Together”, euskal balea-arrantzaleen espedizioetan oinarritua; eta Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs-en “Non/No (Ez)”, langile borrokak eta gizatasuna oinarri dituen filma. Frantsesez filmatutako lan hau izango da Zinemaldian parte hartzen duen Ipar Euskal Herrian ekoitzitako lehen filma. Zinemiran ariko dira baita ere David Arratibel-en “Converso” eta “Nur eta herensugearen tenplua”, orain lau hilabete zendutako Juanba Berasategik zuzendutako azken lana.

Zinemira-Kimuak-en izango dira, aldiz, Iñigo Royo eta Iñigo Fernandez-en “Ab Alio”, David p. Sañudo-ren “Aprieta pero raramente ahoga”, Atxur animazio taldearen “Areka”, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen “Euritan”, Andres Daniel Sainz-en “For the good times”, Raul de la Fuenteren “La fiebre del oro” eta aurrez aipatutako “Plágan”.

Zinemira saria Juanizentzat

Zinemira saria Julia Juaniz muntatzaile nafarrak (Arellano, 1956) jasoko du aurten. Juanizek medikuntza eta argazkilaritza ikasketak egin ostean ekin zion muntatzaile lanari eta bere ibilbidean 60tik gora film muntatu ditu, tartean Carlos Saura, Victor Erice, Daniel Calparsoro, Mercedes Alvarez, Rafael Gordon, Ramon Barea, Alberto Morais edota Ines Parisen lanak. Errealizadore gisa film laburrak ere egin ditu. Bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako eta egun Karzan Kader zuzendariaren “Trading Paint” muntatzen dabil, John Travolta, Michael Madsen eta Shania Twain protagonista dituen film luzea. Saria irailaren 26an jasoko du, Euskal Zinemaren Galan.

Zinemira saila albo batera utzita, Belodromoak hartuko du Antonio Cuadriren “Operación Concha” (besteak beste, Karra Elejalde, Unax Ugalde eta Barbara Goenaga ditu antzezle) eta emanaldi berezien artean kokatu dute Bertha Gaztelumendiren “Volar”, indarkeria matxista jasan duten bederatzi emakumeren bizipenak biltzen dituen filma. Biak sartuko dira Irizar sarirako lehian. Azkenik, Industry Club-en ariko dira Pablo Agüeroren “Akelarre” eta Mikel Ruedaren “El doble más quince”, Ikusmira Berriak-en Maider Fernandez-en “Las letras de Jordi” eta Glocal in Progress sail berrian Telmo Esnal-en “Dantza”, euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta osatutako film berezia.