Maite UBIRIA BEAUMONT
«ORAIN presoak» ekimenaren aldeko dinamika

Abenduaren 9ko erronkari begira, bilerak Parisen eta prestaketa lanak Euskal Herrian

Euskal hautetsiek udaren atarian abiatu zuten harreman-dinamikak segida izanen du egunotan Parisen. Bakegileek gaurdanik salgai jarriko dituzte abenduaren 9ko trena galdu nahi ez dutenentzako txartelak.

Heldu den abenduaren 9an Parisen eginen den manifestazioak «lehena eta ondorena» marraztu dezan elkarrizketa-dinamika azkarra aurreikusita dute bakegileek. Iragan irailaren 23an Euskal Elkargoak aho batez agindu zion Jean-Rene Etxegaray lehendakariari frantziar Justizia Ministerioarekin zabaldutako harremanak sakontzea. Baionako auzapezarena ez da, ordea, egunotan euskal gizartearen borondateari bide egiteko Parisen martxan dagoen interlokuzio bakarra, Frantziako espetxe politika aldarazteko ekimenari begira eragileen arteko hartu-emanak etengabeak baitira.

Iragan uztailaren 10ean, Bake Bidea eta Bakegileen sostenguz, hogei bat hautetsiz osaturiko ordezkaritzak Parisko «boterearen bihotzera» jo zuen. Egun osoan zehar goi mailako bilerak izan zituzten. Hainbat alderdi eta erakundetako ordezkariekin bildu ziren, eta espetxe politikaren alorrean aholkularitza lanak egiten dituzten elkarteetako zenbait eledunekin mintzatzeko aukera ere izan zuten.

«Entzun gaituzte eta lanean jarraitzeko borondatea bada», adierazi zuten eguna bukatzean, Parisko birak utzitako behin-behineko emaitzaz mezu baikorra zabalduz. Kurtso politiko berriarekin lanari berrekin diote hiru lurraldeetako hautetsiek, baita konponbide prozesuaren eremuan jarduten diren gizarte eragileek ere.

Apirilaren 8an, desarmatze egunaren karietara milaka herritarren aitzinean emandako hitzari eutsiz, uda osteko lehenengo kontseiluan bozketa berezia egin zuen, erran bezala, Euskal Elkargoak. Bilera horretan ezohiko bozketa-proposamena aurkeztu zuen Etxegaraik. Hain zuzen, Frantziako Justizia Ministerioarekin lehenagotik hartua zuen hitzorduari begira «mandatu zehatza» nahi zuen eskuratu euskal erakundeko lehendakariak. Kontseiluak aho batez babestu zuen aurkezturiko idatzia.

Mozioak eskakizun zehatzak jasotzen zituen, hala nola presoen urrunketa amaitzeko eta eri diren presoak askatzeko aldarrikatuz, baita zigorra bukatzear dutenak ere. Aldarrikapen horiek bere baitan hartzen dituen aldarrikapen zabala babestu zuen Euskal Elkargoak, preseski euskal presoei ezartzen zaien ezohiko legediari amaiera emateko exijituz frantziar Gobernuari.

Errail horien gainean abiatu da, aste honetan, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo zabalaren hauspoa duen interlokuzio dinamika berria Parisen. Izan ere, egitasmo orokor horren baitan bada xede argi bat.

Espetxe politika aldatzeko bidean, zainketa bereziko estatusa «oztopo handitzat» jotzen dute bakegileek. Finean, presoaak DPS deituriko sailkapenetik kentzeak Euskal Herritik gertu diren espetxeetara leku-aldaketa edota baldintzapeko askatasuna eskuratzea «erraztuko» lukeelako. Irizpide hori aplikatuz baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskaerak ia sistematikoki errefusatzen dizkie frantziar justiziak euskal presoei. Horren adibide lazgarrietako bat Ion Kepa Parot presoarena da. Hilaren 27an ezagutuko da, hain justu, 27 urte preso daraman Parotek baldintzapeko askatasuna lortzeko eginiko bosgarren eskaerari epaileak zein erantzun emanen dion.

Ezohiko legediaren ikurra den estatusa baztertzea «hautu argigarria» litzateke, nolabait espetxe politika aldatzeko nahikeria erakutsiko lukeelako.

 

Anartean, abenduaren 9ko ekimena sozializatzeko lana abian dute Parisen eta, nola ez, Euskal Herrian. Handik hasita, Giza Eskubideen Ligak engaiamendu zehatza hartu du. A9ak eta aitzinetik Sarek, Bagoazek eta Etxeratek eginen duten espetxeetako birak itzal handiko erakundearen sostengu esanguratsua izanen dute. Beste hainbat eragilek, bestalde, manifestu bat lantzeko asmoa agertu dute.

Etxera etorriaz, logistikak lehentasun osoa du. «Herri baten nahia» erakusteko garraioa funtsezkoa da. Hala, gaurdanik abenduaren 9ko tren berezirako txartelak salgai jarriko dituzte.