Arnaitz GORRITI
ACB LIGA - RETABET BILBAO BASKET

Azken partida galdu arren, ez dago penetarako betarik

Hiru egunez behin jokatzearen nekea «ez da aitzakia» Carles Duranentzat.

Europako txapelketek eta etxe ingurukoek bat egiten dutelarik, ez dago penetan geratzeko, ezta galtzeko astirik ere. Limogesen aurka Eurocupeko partida galdu ostean, RETAbet Bilbao Basketek ACB Ligako partidari ekin beharko dio gaur arratsaldean. La Lagunako Iberostar Tenerife taldea bisitatu beharko du Carles Duranek zuzentzen duen taldeak, 19.00etatik aurrera –Euskal Herriko ordutegia–.

«Ia ezin izan dugu partida hau prestatu, baina ez da lehiakorrak ez izateko aitzakia», ohartarazi zuen Carles Duran entrenatzaileak partida bezperako agerraldian. «Jokalari beteranoenei dezente erasaten die hainbeste bidaia eta hainbeste neurketa pilatzeak; are gehiago asteazkenean jokatu ondoren, bihar &bs;[gaur] eta ostera ere asteartean jokatzea dagokigula. Baina jakitun ginen gauzak hala izanen zirela, eta ahalegin betean gabiltza fisikoki freskoen daudenek gehien sufritzen duten horiei lagun diezaieten, azken hauek partida guztietara behar bezala irits daitezen», gaineratu zuen Duranek. Oraingoz behintzat, Bilbao Basketek jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu.

Hasieratik tentsioa sortu

Carles Duranen kezketako bat aurreneko minutuak dira. Bilbotarrek jokatu dituzten azken bi partidetan oso hasiera txarra egin dute. Latz kostata, Tecnyconta Zaragozaren aurka 2-11 atzetik jarri arren, partidari buelta eman eta irabaztea lortu zuten. Limogesen aurka 4-17 atzetik zirela ekin zioten beltzezko gizonek neurketari; nahiz eta hirugarren laurdenean aurretik jartzea lortu, markagailuari buelta emateko egindako esfortzua garesti ordaindu zuen Bilbao Basketek, 91-98 galdu baitzuen.

«Etxean ongi hastea garrantzitsua bada, are gehiago etxetik kanpora jokatzean», zioen Carles Duranek gai horren harira. «Tenerifek oso lasai ekingo dio partidari, ez bagara hasieratik tentsioa sortzeko gai. Eta hori hala suertatuz gero, makina bat arazo izango ditugu. Egia da azkenera arte borrokatzen garela beti, baina partidari Lituanian edo Sevillan bezain ongi ekingo bagenio gustatuko litzaidake», gaineratu zuen bilbotarren entrenatzaileak.

Kantxa gaiztoa bilbotarrentzat

Iberostar Tenerife 2012/13 denboraldian igo zen ACB Ligara, eta ordutik hona behin bakarrik irabazi dute bizkaitarrek La Lagunan: 2014ko abenduaren 30ean, 68-85, Quino Colom eta Raul Lopez antolatzaileen lan bikainari esker.

Iaz –joan den maiatzaren 7an, alegia–, 80-76 gailendu zitzaizkien bilbotarrei Txus Vidorretaren mutilak, Aaron Dornekampen 19 puntuei esker. Egun, bai Vidorreta bai Doornekamp, biak Valentzian dira; horien ordez, Ponitka hegaleko poloniarra gertutik zaindu beharko dute bizkaitarrek. Joan den domekan 21 puntu eta 10 errebote pilatu zituen Badalonan, eta jardunaldiko jokalari onenaren saria ere bereganatu zuen.

Bestalde, Nenad Markovicek zuzentzen duen taldean Mike Tobey pibota jokatzeko moduan egongo da. Ez, ordea, Davin White antolatzailea.

 

Azkenean jaso du senda-agiria Patricio Garinok

Denboraldia hasi baino egun batzuk lehenago lesio muskular bat berritu zitzaion Saski Baskoniako Patricio Garino jokalari argentinarrari. Lauzpabost asteren buruan, hegalekoak jaso du senda-agiria eta bihar eguerdian Gipuzkoa Basketen aurkako derbian jokatzeko moduan izango da. Delfino herrikidea ordezkatuko du.

«Nahi baino gehiago itxaron behar izan dut, baina osasuntsu egotea ezinbestekoa da. Gogotsu nago jokatzen hasteko, talde bikain honi laguntzeko», adierazi zuen atzo Saski Baskoniako web orrialdean. A. G.