Unai Apaolaza
Filosofian lizentziaduna
GAURKOA

Gure esku dagoelako bagoaz

Aukeraz betetako momentua bizi dugu Euskal Herrian. Gaur hartutako erabakiek baldintzatuko dute etorkizuneko agertokia, gaur aukeratutako bideak eramango gaitu nahi dugun lekura. Inoiz baino ageriago antzematen da etorkizuna guk egiten dugunaren esku dagoela, eta honen kontzientzia izateak indartu egiten gaitu. Etorkizuna irabazteko artikulazioan eta aktibazioan asmatzea da gakoa.

XX. mendeko mugimendu askatzaileek, sarri, askatze prozesua, umearen orainaldi absolutuan kokatuta ulertu izan dute, estrategia guztia aurrez aurreko konfrontazioan oinarrituz. Mugimendu horiek matxinadaren logikapean eraiki izan dituzte estrategia asko. Baina aurkariak norberak baino indar handiagoa duenean estrategia hauek suizida bilakatzen dira. Honek sor dezakeen etsipenari bi erantzun eman dakizkioke, kasketa antzuarena bata edo bide berriak bilatzearena bestea.

Antonio Gramscik, arazo honetaz jabetuta, «posizioen gerra» kontzeptuaren inguruko teorizazio interesgarria egin zuen. Bere ustez, helburu politikoak lortzeko berehalako aukerarik ez dagoenean, pixkanakako urratsak eman behar dira, eta posizio berriak lortzen joan. Gramscik proposatutako posizioen gerra horrek logika militarra baino logika politikoa du oinarri eta hegemoniaren eraikuntzarekin du zerikusia: urratsez urrats jendartearen uste eta sinesmenak zure alde jartzearen borroka da posizioen gerra. Gauzen egoeraren tenkatze progresiboa bilatzen da, momentu batean krak egin arte, statu quo-a aldatu arte alegia. Estrategia horrek, insurrekziorako berehalako aukerarik ez dagoen kasuetarako, aterabide eraginkor bat ematen digu.

Borroka politikoa ulertzeko oinarrizko beste giltza bat Chantal Mouffek emango digu. Bere ustez, politikaren funtsa antagonismoak sortzea da, «gu» eta «haiek» bereiztea. Hala, egoki egindako posizioen gerrak, «gutarren» multzoa handitzeko aukera emango liguke, pausoz pauso dikotomiaren «gure» aldera gero eta jende gehiago ekarriz. Garrantzitsua da gure eta haien arteko muga hori hasieratik finkatzea, muga marrazteko gaitasuna izateak emango baitigu borroka politikoan abantaila. Politikan muga eraginkorrenetakoa demokrata eta inposatzaileen artean marrazten dena izaten da. Gurean, helburua, posizioen gerraren bitartez, jendartearen gehiengoak independentismoa demokraziarekin eta unionismoa inposizioarekin lotzea litzateke.

Erabakitze eskubidearen afera dugu muga hau marrazten lagun gaitzakeen elementua. Honi heldu aurretik, ordea, komeni da sarritan nahasten diren bi kontzeptu argitzea, «erabakitze eskubidea», batetik, eta «autodeterminazio eskubidea», bestetik. Mario Zubiagak adierazten duen moduan, erabakitze eskubidea eta autodeterminazio eskubidea bereizteak badu bere garrantzia, azken hau egikaritzeko, derrigorrezkoa baita bi aldeek autodeterminatu nahi duen subjektuaren existentzia onartzea. Gure kasuan, ikuspegi honek, unionismoari ematen dio giltza; independentismoa, subjektuaren existentzia onartzeko amaierarik gabeko eztabaida historiko/kultural/linguistikoetara kateatzen baitu. Zentzu honetan «nazioa garelako dugu eskubidea» baieztapena, unionismoaren baimena lortzera behartzen gaituen logika da, antzua den logika.

Erabakitze eskubideak, aldiz, ez du kanpoko inoren onarpenik behar. Legitimitatea komunitateak berak ematen dio bere buruari. Eskubidearen subjektua ez baita aurretiazkoa (nazioa), subjektua, etorkizuna marraztu nahi duen pertsona orok sortzen baitu bere ekitearekin, eta, ondorioz, egiten den borrokaren arabera ikaragarri handitzeko aukera izango du. Kontua ez da eskubidea izatea edo ez izatea, afera, zuk egin nahi duzun hori egiteko nahikoa indar izatea da. Laburbilduz, autodeterminazio eskubidearekin nahi dena egiteko baimena behar da, erabakitze eskubidearekin aldiz nahi den hori egin egiten da.

Erabakitze eskubidea inongo helburu politikoren jabetza partikularra ez den arren, printzipio demokratiko bat denez, berau onartzen dutenen posizio politikoak indartu egiten ditu. Eta kontrara, onartzen ez dituztenen posizioak, ahuldu. Honela, unionismoak erabakitze eskubidea ukatzea izugarrizko arma bilakatzen da independentismoarentzat, jendartean demokrata eta inposatzaileen arteko muga toki egokian jartzen laguntzen baitio. Garrantzitsua da, era berean, unionismoari erabakitze eskubidea errespetatzeko eskatuz etengabeko interpelazioa egitea, honek sortuko baitio higadura. Joko zelai honetan, estatuek desgaste hori saihesteko aukera bakarra dute: erabakitze eskubidea onartzea, hori egin ezean, independentismoa indartzen ariko baitira etengabean. Eskubideen aldeko borroka, hortaz, arerioak eskubide hori onartuko ez duela argi dagoenean (Espainia eta Frantziaren kasuan agerikoa da), ez da horiek gauzatzeko ekitea, zure posizio politikoak indartzeko borroka da. Horregatik, «eskubideak ez dira bozkatzen» bezalako baieztapenetan oinarrituz, erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka alde batera uzten duen independentismoak ez du posizioen gerra horretan aurrera egiten. Unionismoak kontrolatu dezakeen independentismoa bilakatzen da.

Eskozia eta Kataluniako kasuei begiratuz gero, oso agerian gelditzen da hori guztia. Eskoziaren kasuan, Britainia Handiak erabakitze eskubidea onartzen duenez, independentismo eskoziarraren zabaltzeari galga jarri dio. Eskubidearen onarpena bera da unionismoaren indargunea. Kataluniaren kasuan, aldiz, Espainiak erabakitze eskubidea onartzen ez duenez, ukazioa bilakatu da independentismoaren erregai. Agente politiko ezberdinek erabakitze eskubidearekiko duten posizioak sartuko du bakoitza demokrata edo inposatzaileen zakuan. Baina, independentismoa demokraziaren aldean kokatzeak ze onura du estrategia independentistarako?

Konfrontazio demokratikoa zer den ulertu behar dugu galdera horri ganorazko erantzuna emateko. Batzuek pentsatzen dutenaren kontra, konfrontazio mota hau ez da indarrean dagoen legedia errespetatuz egiten den borroka. Gure kasuan, bederen, legedia errespetatuz ezinezkoa baita gauzen egoera aldatzea. Konfrontazio demokratikoa, egoki planteaturiko posizioen gerraren bitartez legitimazio demokratiko zabala lortu duen subjektuari azkeneko urratsak egiten laguntzen dion erreminta da. Konfrontazio mota honek, legitimazio demokratikoaren izenean, gehiengoaren begietara antidemokratikoa bilakatu den legedia gainditzea du xede. Konfrontazio demokratiko arrakastatsua egiteko ezinbestekoa da, hortaz, aurretik lana txukun egitea. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimendua indartzea da lan txukun horren oinarrizko harria. Zenbat eta legitimazio demokratiko handiagoa orduan eta aukera gehiago indarrean dagoen legediak onartzen ez dituen helburu politikoak lortzeko. Demokraziaren aldarrikapena da independentismoaren arma eraginkorrena, demokrazia da independentziarako abiapuntua hortaz.

Katalunia posizioen gerratik konfrontazio demokratikora pasatzeko zorian dago. Bertatik azpimarratzen duten moduan, azaroaren 9ko galdeketari Espainiak eman diezaiokeen balizko debeku batek, independentzia demokraziaren sinonimo bilakatuko bailuke. Demokrazia eta independentziaren berdintzea legitimazio demokratikoaren azken geltokia da; hortik aurrera konfrontazio demokratikoa dator. Espainiatik datozkion ezezko guztiek legitimitate demokratikoz betetzen diote Kataluniari konfrontazio demokratikorako beharko duen motxila. Eta motxila hori izango da aldebakartasunez independentzia aldarrikatzeko beharko duen erregaia.

Euskal Herrian ere hasi gara konfrontazio demokratikora eramango gaituen bidean urratsak egiten. Herrietan antolatzen ari diren erabakitze eskubidearen aldeko ekimen diferenteak eta ekainaren 8ko giza kateak independentziarako bidea adierazten digute. Badugu non eragin, hortaz, independentzia lortzea guk egiten dugunaren esku baitago, etorriko ez den Espainia eta Frantziaren erabakitze eskubidearen onarpenaren zain egon gabe. Honek guztiak eta gertatuko diren ezustekoek, 2014a Euskal Herrian urte erabakigarria bihurtuko dute.