Nagore BELASTEGI

Elikaherria, sareko elkarlana elikadura burujabetza sustatzeko

Euskal Herrian edo nazioarte mailan nekazariek borroka berdintsuak dituzte. Euren lehentasuna elikadura burujabetza da, ekoizpen prozesu azkarrek zapuzten dutena. Ekologikoari eta bertakoari balioa emateko sortu da Elikaherria, baita beste lekuetako kideen kezkak azaleratzeko asmoz ere.

Multinazionalak direla-eta dena unibertsalizatu da, baita elikadura bera ere, eta, horrekin batera, kalitatea jaitsi egin da. Horri aurre egiteko asmoz, ahora eramaten ditugun elikagaien kalitatea bermatzearen alde egiten duten ekoizleen presentzia gero eta handiagoa da, produktu ekologikoek duten balio indartuari esker. Herri azoketan edota zuzenean nekazariari erostea modan dago. Ekoizleen eskubideak azalarazteko plataforma gisa, EHNE sindikatuak eta Mundubat fundazioak Elikaherria elkartea sortu zuten, non elikadura burujabetasuna sustatzen duten.

Noizean behin ekintzak egiten dituzte eta horien isla dira euren webgunean argitaratzen dituzten irudi eta testuak. Deigarrienetako bat McDonald's janari lasterreko katearen aurka egindakoa da: pertsona talde bat Abadiñoko jatetxera gerturatu zen behi eta guzti euren mezuak helarazteko, «Gurea da etorkizuna, ez kontsumitu zabor janik», «Kontsumitu bertoko baserrietako okela. Hiltegia behar dugu», «McDonald's ez zara ongietorria. Zabor janaririk eta zabor lanposturik ez». Honakoa EHNEk garatutako protesta bat izan zen.

«Elikaherria komunikazio tresna bat da, elikadura jabetza sustatzeko sortua. Elikadura burujabetzaren inguruan Euskal Herrian sortzen diren berriak zabaldu egiten ditu. Estatu mailan dauden albisteei ere hedapena ematen zaie, baita nazioarte mailan gurekin lanean aritzen diren nekazarien erakundeen inguruko albisteei ere. Erresistentzia egiteko modu bat da», azaldu digu Eneko Gerrikabeitia Mundubateko koordinatzaile nagusiak. Lankidetza 2014ko otsailean sortu zen nekazarien borrokak lotzeko asmoz: «Via Campesina mugimenduaren barruan dago Elikaherria. Nekazarien mugimendurik handiena da, progresista eta nazioartekoa».

Palestinarekin elkartasuna

Mundubati dagokionez, nazioarte mailako burujabetzaren alde ekiten du. Hala, azkenaldian Palestinaren aldeko kanpaina bat jarri dute abian. «Palestinan egiten dugu lan, Gazan, bertako nekazariekin. Orain, Israelek bultzatutako sarraskia dela eta, plantazio ia guztiak galdu egin dira eta itsasoratzeko ontziak ere bai. Elikatzeko inongo tresnarik ez dute orain», nabarmendu du Mundubateko koordinatzaileak. Elikaherriaren bitartez ezagutzera emandako plataformari esker Gazako nekazariei diru laguntza bat bidali nahi diete. 18.000 euro bildu behar dituzte gutxienez irailaren 28a baino lehen, nahiz eta azken helburua 43.000 eurora iristea duten, horrela benetan lagundu ahal izango baitute palestinarren beharrak asetzen. Crowdfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina bat denez, zehaztutako diru kopurua lortzen ez badute ezin izango dute Gazara dirurik bidali; horrela gertatuz gero, ekarpena egin duten guztiei jarritako dirua itzuliko diete.

«Gaza eta Jerusalemera jendea bidaliko dugu datozen egunetan, baimenen zain gaude. Beste bide batzuetatik saiatuko gara laguntzen. Batez ere kanpaina honen helburua hemengo jendea hango egoerarekin inplikatzea da», azaldu du Gerrikabeitiak. Normalean Mundubatek kudeatzen duen dirua jendeak emandakoa edota finantziazio publikotik jasotakoa da. Diru horrekin ekoizpen proiektuak jartzen dituzte martxan eta sailak ereiteko prestatzen dituzte. Ureztatzeko sistema berriak ere muntatzen dituzte Palestinako Union of Agricultural Work Committees (UAWC) erakundearekin lankidetzan.

Kanpainaz gain Mundubatek bestelako ekintzak ere eman ditu ezagutzera Elikaherriaren bitartez, Palestinarekin zerikusia dutenak gainera. Adibidez, Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak (BDZ) kanpainako kide da Mundubat, eta, bertan, Israelen jokabidea salatzen dute. «Bilbon, adibidez, Itsaso Hileko gatzekin egindako kremak saltzen dituen denda bat dago. Itsaso hori Palestinako lurralde okupatuetan dagoenez, dendaren aurrean ekintza bat egin genuen jendeak hari boikota egiteko. Bestalde, nahiko genuke Gasteizko Legebiltzarrak deklarazio bat onartzea Palestinako egoera salatzeko», azpimarratu du koordinatzaileak.