Gipuzkoako 17 udalerri, kontsentsutik abiatuta, bizikidetzaren alde lanean
Foru Aldundiaren Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak bizikidetza sustatzeko egitasmoak abiarazi zituen. Gipuzkoako 17 udalerri horretan lanean hasi dira, alderdi ezberdinen arteko adostasunak lortuta, «oztopoen gainetik bidean aurrera egiteko».
Gipuzkoako Aldundiaren Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak martxan jarri zituen bizikidetza sustatzeko programetan, gaur egun, lurraldeko hamazazpi udalerrik hartzen dute parte.
Gaur Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, Martin Garitano ahaldun nagusiak agerraldia egin zuen atzo Donostian, Bakeola, Baketik eta Lokarri elkarteen laguntzaz egiten diren egitasmo hauetan parte hartzen ari direnen balorazioa egiteko. Garitanok atzo gogorarazi zuenez, Foru Gobernuak «urteko 365 egunetan» egiten du lan giza eskubideen alde. Era berean, onartu zuen bizikidetzaren alde egindako lan hau «erronka zaila» izan dela eta «trabaz betetako bidea» egin dutela.
Marina Bidasoro departamentuko zuzendariak adierazi zuenez, «bidean aurrera» egitea lortu da «lan mardulari esker». Helburu nagusia «gipuzkoarren arteko harremanak hobetu eta euren arteko minak sendatzea» izan dela gaineratu zuen.
Egitasmoan parte hartu duen udaletxeetako bat Urnietakoa da. Atzoko agerraldian Maribel Vaquero alkateorde jeltzaleak kontatu zuenez, «bizikidetzaren aldeko apustua» PSE, EH Bildu eta EAJren arteko «kontsentsutik» abiatu zen. Zehaztu zuenez, lau eremu landu dituzte ordezkariek: hezkuntza, politika, hiritartasuna eta dibulgazioa.
«Orain hiru urte hau ez zen gai erraza udaletxeetan lantzeko», onartu zuen Vaquerok. Bere ustez, ordea, «kontsentsua» ezinbesteko abiapuntua izan zen «aurrera egiteko».
Zentzu horretan, Iker Uson Baketik-eko kideak esan zuen kontsentsua bilatzeak prozesua moteldu dezakeela, baina emankor egiten duela eta merezi duela ahaleginak.