Idoia ERASO

Ipar Euskal Herriko ospitaleetan euskara sustatzeko ituna sinatu dute

Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kostaldeko Ospitaleak hitzarmena sinatu zuten atzo, osasun zentroan euskararen erabilpena bultzatzeko. Hiru urterako sinatu dute ituna eta Ospitaleak Ipar Euskal Herrian zehar dituen guneetan aplikatuko da.

Atzo, Frantxoa Maitia Euskararen Erakunde Publikokoko presidenteak eta Michel Glanes Euskal Kostaldeko Ospitaleko zuzendariak azken honetan «Euskararen presentzia eta erabilpena garatzeko eraman ekintzak sostengatzeko hitzarmena» sinatu zuten Baionan. Akordioaren garrantzia azpimarratu dute sinatzaileek Ospitalea Ipar Euskal Herrian langile gehien dituen enpresa delako.

Baiona, Izpura, Donibane Lohizune eta Donibane Garaziko osasun zentro eta ospitale publikoetan eragina izanen du hitzarmen honek. Zuzendaritza partekatzen duen Donapaleuko ospitalean ere negoziazio bidean ari dira. Hitzarmen honen bitartez Ospitalea euskararen erabilera bermatzera engaiatu da hala nahi duten eri eta bisitarien artean. Horretarako neurri ezberdinak ezarriko dira, esaterako, euskaldunak nabarmentzea eta harrera telefonikoa euskaraz ere ziurtatzea ahal denean.

Irudi euskalduna

Egituraren irudian euskararen erabilera indartzea da elebitasuna garatzeko bidean hartutako bigarren engaiamendua, baina seinaletika euskaraz ere ezartzeko datarik ez zuten eman atzoko sinaketan, ezta zeintzuk sartuko diren zehaztu ere. Komunikazio euskarrietan ere elebitasuna bermatzea eta langile boluntarioen formakuntza plan bat osatzea ere aurreikusita dute.

Hitzarmenaren beste engaiamenduetako bat jarraipen batzorde bat abian jartzea da. Izan ere, hitzartutako baldintzak ezartzea erronka berria izanen dela nabarmendu dute hainbat parte hartzailek. Horretarako, jarraipen batzorde bat osatuko da, eta EEP eta Ospitalearekin batera Ospitalean Euskaraz taldeak, hitzarmena sinarazteko egin bezala, engaiamenduak betearazteko akuilu lana egiteko asmoa agertu du.

EEPk laguntza teknikoa emateko engaiamendua hartzeaz gain, laguntza ekonomikoa ere emango du. Orotara, 6.000 euro emanen ditu; apalduz doan diru-laguntza izanen da, lehen urtean 3.000 eurokoa eta hirugarrenean 1.000koa izanik.

«Ospitaleak garrantzi handia du lurraldean. Bidea luzea izan da, baina arrazoizkoa izan da lanean segitzea», baieztatu zuen Maitiak sinaduran. Lan horrek jadanik eragina izanen duela baieztatu du Glanesek, jendaurrean diren lanpostuetan hizkuntza gaitasunak kontuan hartuak izanen baitira.