GARA IRURTZUN

Julio Sotoren garaipenarekin itxi da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen asteburua

Julio Soto nagusitu zen atzo Irurtzunen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean. Julen Zelaietak eskuratu zuen bigarren postua. Hurrengo saioa igandean jokatuko da, Zubirin.

Larunbatean Iruñeko Katakraken hasi eta atzo Irurtzungo Kultur Etxera egin zuen jauzi Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Fernando Anbustegiren gidaritzapean sei bertsolari aritu ziren lehian eta, azkenean, Julio Soto izan zen garaile suertatu zena, 262,5 punturekin. Atzetik izan zituen Julen Zelaieta (240 puntu), Migel Mari Elosegi Luze (239 puntu), Alazne Untxalo (236 puntu), Kotte Plaza (235 puntu) eta Iban Garro (226 puntu).

Sarrerak agortuta bazeuden ere, makina bat bertsozale hurreratu zen Kultur Etxera eta bertsolariak 150 lagunen aurrean aritu ziren bertsotan. Saio polita osatu zuten, umore puntu dezente izan zituena ofizioetan eta baita kartzelako gaietan ere. Kotte Plaza lehendabizikoz ari da parte hartzen bertso txapelketan eta segurtasuna erakutsi zuen oholtza gainean. Ohikoa duen umore traza erakutsiz, indarrez datorren bertsolaria dela erakutsi zuen.

Saioan zehar Sotok aurrea hartu bazuen ere, gainerako bertsolariak paretsu ibili ziren oholtza gainean, eta gozatzeko moduko saioa eskaini zuten.

Beren aldetik, antolakuntzako kideak pozik agertu ziren txapelketako lehen asteburuak eman duenarekin. Bertsozaleen erantzuna bikaina izan dela nabarmendu zuten eta lehen fasea izateko maila politeko bertsoak entzuteko aukera izaten ari dela azpimarratu zuten.

Hurrengo saioa, Zubirin

Nafarroako Bertso Txapelketako hirugarren final-laurdeneko saioa datorren igandean, hilak 15, jokatuko da Zubiriko Gautxori jatetxean, 17.30ean. Bertan ariko dira bertsotan Aimar Karrika, Amaia Elizagoien, Joseba Beltza, Oskar Estanga, Saioa Alkaiza eta Sarai Robles, gai-jartzaile lanetan Ainara Ieregi dutela.

Sarrerak ohiko lekuetan eta www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke. Horrez gain, saioak jokatuko diren herrietan ere aurrez eros daitezke saioetarako sarrerak, ohiko lekuetan. Bertsozale elkarteko bazkideek eta 16 urtez beherakoek 4 euroan eskuratu ahal dituzte sarrerak eta, gainerakoek, 6 euroren truke.