amagoia.mujika@gaur8.info

Francisen hilketak ozendu egin zuen homosexualen eta transexualen borroka

Duela 35 urte polizia espainol batek tiroz erail zuen Errenterian Bizente Badillo «Francis». Garaiko egunkariek «emakumez jantzitako gizon baten» hilketaren berri eman zuten, EHGAM plazara atera zen milaka lagunen aurrean eta lehenengoz ahots gora aldarrikatu zuen pertsona orok sexualitatea modu askean bizitzeko duen eskubidea.

Francisen hilketa ondoren Oreretan izandako herri batzar jendetsua
Francisen hilketa ondoren Oreretan izandako herri batzar jendetsua

 

Bizente Badillo Francis Alacanteko herri txiki batekoa zen berez, gazterik Errenteriara bizitzera etorria eta erabat bertakotua zegoena. Gaua maite zuen eta emakumez trabestitzea gustatzen zitzaion. Asko ibiltzen zen Apolo izeneko dantzalekuan, oso ezaguna zen bertan eta areto horretako langileak lagunak zituen. Hain juxtu, bertan galdu zuen bizitza.

1979. urteko ekainaren 10a zen. Francis Apolo dantzalekuan zegoen, bertako langileekin hizketan eta trago bat hartzen. Ordurako diskoteka itxita zegoen. Norbaitek atea jo zuen eta langile bat gerturatu zen atera dantzalekua dagoeneko itxita zegoela esateko. Baina ate joka zebilen gizona ez zen konformatu, eta berriz egin zuen sartzeko saiakera. Eta, berriz, erantzun berdina eman zioten. Azkenean, ez dakite seguru nola, baina lortu zuen gizon hark dantzalekura sartzea. Lekukoek kontatzen dutenez, oso urduri eta haserre zegoen, euskaldunen kontrako biraoak botatzen zituen behin eta berriz, eta euskaldunen bat zeinen gustura hilko lukeen esaten omen zuen. Eta horrela zebilela, Francisek esan omen zion, «euskaldun bat? Ba hementxe daukazu bat». Orduan gizonezkoak pistola bat atera zuen poltsikotik eta tiro eman zion Francisi. Balak begian jo zuen eta han bertan geratu zen zerraldo. Gerora jakin zen tiro eman ziona Antonio Cava Laguna polizia espainola zela. Epaiketaren ondoren bederatzi hilabete kartzelan eman eta libre geratu zena.

EHGAMen jendaurrekoa

Errenterian berehala zabaldu zen Francisen erailketaren berri eta herri batzar bat deitu zen gertaera latz hura nola salatu erabakitzeko. Aldi berean, udal batzarraren ezohiko bilkura bat izan zen (artean ez zegoen udaletxerik) hilketa hura gaitzesteko.

Erailketa gertatu eta bi egunera, ekainaren 12an, Errenterian greba orokorra izan zen eta herri batzar jendetsua antolatu zen herriko plazan. Garaiko kronikek kontatzen dute 10.000 lagun baino gehiago bildu zirela batzarrera eta ondorengo manifestaziora. Herri batzar hori oso garrantzitsua izan zen. Bertan, milaka lagunen aurrean, agertu ziren lehendabizikoz EHGAM-eko zenbait kide eta ozen esan zuten bazela garaia pertsona homosexual eta transexualen eskubideen aldeko borrokan hasteko. Nahikoa zela, ezin zela beste erasorik onartu inoren aukera sexuala tarteko.

Mikel Martin EHGAMeko kidea herri batzar hartan zegoen duela 35 urte, eta borroka bide berdinean segitzen du gaur egun. «Bizkaian sortu zen EHGAM urte pare bat lehenago eta Donostia inguruan eta Oreretan ere ari ginen mugitzen. Baina Francisen hilketak prozesua bizkortu egin zuen. Hurrengo egunean egunkari batean irakurri genuen ‘Han matado a un hombre vestido de mujer’ eta izugarri haserretu ginen. Bazirudien emakumez jantzita egoteak erasoaren larritasuna gutxitzen zuela. Eta orduan esan genuen, amorruz eta haserrez, nahikoa zela. Hor geundela eta gure eskubideen alde borrokatzeko gogoa eta beharra sentitzen genituela. Ozen esan genuen pertsona guztiek geneukala nahi genuen modura janzteko eskubidea, modu askean maitatzekoa eta sexualitatea nahi moduan bizitzekoa», kontatu du Martinek.

Ordura arte entzun gabeko ahotsa zen. «Manifestazioetan oso ohikoa zen Poliziaren kontra egiteko ‘maricones’ eta ‘iros a tomar por el culo’ bezalakoak entzutea. Horiek ziren, jende askorentzat, zeuden irainik eta erasorik bortitzenak. Eta gu han, haien ondoan manifestazioan. Gu, homosexualak eta ipurditik hartzea gustuko genuenak. Horrelakoekin erabat nazkatuta geunden», segitu du Martinek. Nabarmendu du, gainera, manifestazio haietan parte hartzen zuen jendea aurrerakoia zela, abangoardia zela, erabat errepresioaren kontrakoa, eta, hala ere, «heteroarauan erabat sartuta zegoena, pertsona homosexualekiko aurreiritzi izugarriak zituena».

Trabestismoa garai hartan

«Trabestismoa, bai Francisena eta bai besteena, nahiko toleratzen zen garai hartan baldin eta muga zehatz batzuetatik ez bazinen ateratzen. Gogoan dut nola etortzen ginen Donostiako gune batera. Bertan ohikoa zen trabestien espektakuluak egotea eta gauez trabesti horiek txalotzen zituztenak hurrengo egunean atxilotu edo erasotzen zituzten berdinak ziren. Trabestismoa onartuta zegoen bizitzeko modu oso mugatu eta zehaztu gisara, toki konkretu batzuetan eta une zehatzetan. Betiere begira zeudenen dibertimendurako, jolaserako, baina ez hortik kanpora. Ezpainak margotutako gizona, ileorde bat janzten zuena, soinekoa janzten zuena... une batean ondo pasatzeko tresna bat baino ez zen begira zeudenentzat, une horretan beren beharrak ase beste lanik ez zuena. Hortik kanpo, iraindu, jipoitu, atxilotu eta zigortu beharrekoa zen», kontatu du Mikel Martinek.

Berak ezagutzen zuen Francis eta ezagutzen zuen zer-nolako giroan mugitzen zen, garai hartako jendartearen tasunak ezagutzen dituen bezala. Deskribatzen duen egoera gogorra da; «gauez homosexualekin harremanak zituzten gizon asko egunez haien kontrako jarrera bortitzenak agertzen zituztenak izaten ziren, egunez jipoitzen eta iraintzen zituztenak», jarraitu du.

Mikel Martin, Francisen antzera, errenteriarra da eta garai hartan herrian mugimendu dezentekoa zegoen, arlo guztietakoa gainera. «Oreretan mugimendu handia zegoen. Beti izan da oso herri dinamikoa eta aldarrikatzailea, ondo antolatutakoa eta erantzuteko gaitasun oso sustraitua duena: langileen mugimendua bizi-bizirik zegoen, mugimendu feminista suspertzen hasita zegoen, Franco joan berria zen, diktadura baten itolarritik gentozen eta arnasa hartzeko behar izugarria genuen... Testuinguru horretan kokatu behar dira Francisen hilketa eta ondorengo protestak», kontatu du.

Francisen erailketa baino astebete lehenago gertatu zen Tuteran Gladys del Estal ekintzaile ekologistarena. Guardia Zibil batek tiroz erail zuen gaztea protesta antinuklear batean parte hartzen ari zela. Mikel Martinek bi erailketak oso gertutik bizi izan zituen; Tuterako protestan bertan zen eta Francis herriko laguna zuen.

Francisen erailketa gertatu zenerako Errenterian gizon eta emakume talde bat elkartzen hasia zen asko kezkatzen zituen gai bati buruz hitz egiteko: askapen sexuala. «Heteroarautik kanpo sentitzen ginen, gutxiengo bat ginen eta erabat kontrakoa eta bortitza zitzaigun inguru batean mugitzen ginen. Sentitzen genuen betebeharrak bagenituela, beste pertsona guztiek bezala, baina eskubiderik ez genuela. Eta kezkaz bizi genuen egoera. Pentsa, 1978. urtera arte homosexualitatea delitua zen».

Francisen hilketak eta ondoren komunikabideetan izan zuen oihartzunak isilka baina dagoeneko bazetorren borroka bat azkartu egin zuen, eta ozenago bihurtu. «Orduan hasi ginen esaten ‘Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen’ manifestazioetan», kontatu du Mikel Martinek. 35 urte geroago horretan segitzen dute, aurreiritziak deseraikitzen eta heteroarauaren bide estuak zabaltzen, denon mesederako.