Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua
ENEEK

Txerri hazkuntza ekologikoa Gipuzkoan

Txerri hazkuntza ekologikoa Gipuzkoan
Txerri hazkuntza ekologikoa Gipuzkoan

Mendien aprobetxamendurako apartak omen dira txerriak. Hala dio Joxean Bollain txerri ekoizle aiarrak. 21 urte ofizioan, Iparraldean bizitako denboran ikasi zituen txerri hazkuntza estentsiboaren gakoak. Txerrizaleok elkarteak eskatu zion mendian egindako txerri hazkuntza ekologikoaren baliagarritasuna aztertzea, Pagoetako parke naturalean dauden bere lurretan. «Esperimentazio gune bat da hau!», adierazten du, erdi barrezka. Elkarteak eskatuta, saio bat egin zuen duela zenbait urte mendian egindako txerri hazkuntzaren baliagarritasuna aztertzeko. Horren ondotik etorri zen, duela lau urte, hazkuntza ekologikoarekin zer-nola moldatzen ziren ikusteko saiakera. Laborariak azpimarratzen duenez, eredua gustuko dute, «eta ikusi dugu posible dela. Orain, elkarteko beste kide batek ere egiten du txerri hazkuntza ekologikoa». Bi laborari ekologiko hauek hazitako txerriak dira, hain zuzen ere, Ekobasatxerri produktuen lehengaia.

Lau txerramek eta hauen txerrikumeek osatzen dute Joxeanen azienda. 3,5 hektarea pasatxo belardi eta 1,5 hektarea basotan ibiltzen dira. Txerri ekoizleak azaltzen duenez, ez luke horrenbeste azalera beharko, bere lurrak ordekan baleude, «baina nire lurrak oso malkartsuak dira, eta ondorioz abereek ez dute azalera guztia hain ongi aprobetxatzen. Horregatik, nire lurrak lote handiak hazteko egokiak ez direlako, Txerrizaleok elkartetik proposatu zidaten hazkuntza ekologikoarekin saioa egitea. Eredua aldatzeak doikuntza bat eskatu dit, nire kabuz ikasiz egin behar izan dudana, hemen ez baita inor hau egiten duenik».

Edonola ere, lehen zeukan hazkuntza eredutik ekologikora pasatzeak ez dio horrenbesteko aldaketa suposatu, mendian egin beharreko maneiuari dagokionez behintzat. Ezberdintasun bat da pentsuko zerealak ekologikoa behar duela. Gizentzeko zertxobait gehiago behar omen dute, baina, argitzen duenez, gizentze epea lehen egiten zuen hazkuntzaren nahiko parekoa da.

Txerri hazkuntza ekologikoaren bereizgarri nagusiak zerrendatzean, abere zama eta ziklo osoaren itxiera nabarmentzen ditu. «Lur berdinean askoz abere gutxiago dauzkat. Gainera, txerramak etxean eduki behar ditut. Lehen, txerrikumeak ekarri eta mendian gizentzen nituen, konplikazio gutxiago zeukan horrek, bistan da. Txerramen maneiua da, hain zuzen, lan gehien eskatzen duena: ernari jar daitezen lortzea ez da erraza, amak hamabi orduz bakarrik daude irausi, nahiz eta irausialdia hiru egunez luzatzen den. Asko begiratu behar duzu, zaindu, hazia emateko momentu egokia noiz den jakiteko. Irausialdiak pasatzen bazaizkizu eta txerramak ez badira ernari gelditzen, hilabeteak galtzen dituzu eta errentagarritasunarentzat hori kalte handia da. Beste arazo bat da euskal txerriaren hazia: gutxi dago. Denboran batera gertatu behar dira txerramen irausialdia eta hazia eskuragarri izatea».

Etorkizuneko bidea

Zailtasun horri aurre egiteko bide bat litzateke apotea ere etxean edukitzea, baina, argitzen duenez, horretarako funtzionamendua aldatu behar da. «Hasteko eta behin, gutxienez hamar txerrama beharko nituzke, eta ez daukat horrenbeste lur. Azpiegiturak ere aldatu beharko nituzke: ikaragarria da apote batek izan dezakeen indarra, egun daukadan kortak ez luke balioko, zerbait askoz sendoagoa eraiki beharko nuke, inbertsio nahiko handiak eginez», azaldu du.

Orain arte egindako bidearekin pozik dago Joxean. Abereak osasuntsu daude, garbi. Horrek erakusten dio ongi ari dela. Zalantzarik ez du hazkuntza ekologikoa dela etorkizuneko bidea. «Janari industriala gizakiaren pentsua da. Jendeak ez daki zer jaten duen. Baina buelta etorriko da, pazientzia izan behar da. Pentsa, Europa iparraldetik gure produktu ekologikoentzat eskariak iristen zaizkigu! Hemen ere indarra hartuko du, eta ordurako prest ez bagaude, kanpoko ekoizleek beteko dute bertoko merkatua. Gure esperientziak beste txerri ekoizle batzuei balioko die. Beste alde batetik, gure mendiei aprobetxamendua atera behar zaie, beste aukerarik ez dugu, ordekan dagoen lurrak jada okupatuta baitaude. Pinua ere gainbeheran dago... nork aprobetxatuko du mendia? Jendeak ulertu behar du baserria eta ekoizpen eredua paisaiarekin eta ingurumenarekin zuzenean lotuta daudela. Orduan, bertoko produktu ekologikoak aukeratuko dituzte».

Honi buruzko guztia: ENEEK