«B plana» beharrezkoa al da?
Eskoziako kaleetan ez dira apenas erreferendumaren inguruko pankartak, txartelak edo pegatinak ikusten. Espazio publikoan independentziari buruzko erreferendumak ez du isla handiegirik. Hala ere, eztabaida bizi-bizia da komunikabideetan. Esate baterako, Alex Salmond eta Alistair Darling politikarien arteko pasa den asteko telebistako eztabaidak kontu ekonomikoak lehen planoan jarri ditu. Han, hemen bezala, eztabaidaren ondoren komunikabide gehienak independentziaren aldeko posizioa higatzen saiatu dira. Horretarako, monetaren kontua erabili dute. Eztabaidan Salmondek esan zuenez, Eskozia independente batek libera esterlina partekatuko luke Ingalaterrarekin. Darlingek, aldiz, Ingalaterra bere moneta konpartitzeko prest ez legokeela esan zuen, independentistek «B plan batean pentsatzen hastea» hobe luketela gaineratuz. Salmondek ukatu egin zuen behar hori eta hortik tiraka ibili dira azken egunetan komunikabide denak. Ohi moduan, beldurra zabaldu nahi izan dute independentziaren aurkakoek.
Dena den, monetaren inguruko eztabaida ez da lelo hutsetan gelditu eta hausnarketa sakonak plazaratu dituzte aldeek. Finantza eta monetarekin lotutako hainbat auzi mahai gainean jarri dituzte. Batetik, Erresuma Batuak duen zor publikoarekin zer gertatuko litzatekeen. Independentziaren aldekoek esaten dutenez, moneta partekatzea ezinezkoa baldin bada, eskoziarrek ez dute beren gain hartuko Erresuma Batuko zor publikotik tokatzen zaien zatia. Zor horrek 5.000 milioi libera esterlina suposatzen ditu urtero-urtero. Gastu gehigarria, beraz, Erresuma Batuan gelditzen direnentzat. Bestetik, independentziaren aurkakoek diote Eskoziak merkataritza harreman gehienak Erresuma Batuarekin dituela. Horrenbestez, moneta ezberdinen kotizazio gorabeheren ondorioz, libera esterlina ez izatea kostu gehigarria litzateke Eskoziako enpresentzat independentziaren aurkakoek diotenez. Argudio hori, baina, kontrako norabidean ere erabil daiteke: independentistek erantzuten dute arazo bera izango luketela Eskoziarekin harreman estuak dituzten Erresuma Batuko enpresek, eta, hala, kostua 500 milioikoa litzatekeela kalkulatu dute. Zentzuzkoa da pentsatzea, noski, moneta ez partekatzearen kostuak bi aldeetako enpresek jasango lituzketela.
Hirugarren argudioa estatu berrien nazioarteko posizioarekin lotuta dago. Egun Erresuma Batuko kontabilitatean inportazioak esportazioak baino handiagoak dira. Nolabait esateko, munduaren aurrean zorretan dago. Desoreka hori konpentsatzeko kanpoan maileguak eskatzen ditu. Krisi honetan ikasi dugun bezala, kanpoko maileguengatik arrisku prima bat ordaindu behar da. Gaur egun Erresuma Batuak ordaintzen duena Irlandakoa baino handiagoa da. Egia da euro barruko arrisku primak asko gutxitu direla azken boladan, baina ezin dugu ahaztu Irlandako zorrak erreskatatuak izan zirela. Hau da, Erresuma Batuari gaur egun kanpoko finantzazioa lortzea Irlandari baino garestiagoa suertatzen zaio, bere ekonomiaren desorekak direla medio. Kanpoko inbertitzaileek ez dituzte begi onez ikusten Erresuma Batuko ekonomiak dituen desoreka kronikoak.
Eskoziak independentzia lortuz gero, Erresuma Batuak Eskoziarekin duen merkataritza-balantzea positiboa izango litzateke. Horrek bere egiturazko defizita leunduko luke, baina, bestalde, petrolio, gas eta whiski esportazioek eragindako dibisa sarrerak galduko lituzke Erresuma Batuak Eskoziaren mesedetan. Banaketarekin Eskoziak kanpo finantzazio behar handirik ez luke izango, bere kanpo merkataritzak superabita sortzen duelako petrolioa eta whiskiari esker. Horregatik, bere etorkizuneko moneta edozein izanik ere, Eskoziak ez luke kanpo finantzaketa lortzeko arazo handirik izango. Hori horrela, independentistek beste moneta baten aldeko apustua egin lezakete. Horrek moneta politika propioa izateko aukera emango lieke, baina ez dute hortik jo. Beharbada, Eskoziako finantza sektorea eta enpresak aldaketa handiekin kezkatzerik ez dute nahi. Nahiago dute pausoka joatea eta banaketa negoziatua izatea. Horrek bi aldeen kostuak gutxitzen ditu. Eta gerora ere, nahi izanez gero, aukera izango dute beste bide bat hartzeko. Zentzuzkoa. •