Infernuan bizitzeko bi modu
Luigi Ciotti apaiza plazan sartu zen, inguruan bost bizkartzain zituela, eta jendetzak hiru minutuko txalo zaparrada eskaini zion. Mahaian eseri, mikrofonoa hartu eta ia agurtzeko astirik hartu gabe, esaldi ozen bat bota zuen: «Italian daukagun arazo okerrena ez da Mafia! Italian daukagun arazo okerrena gu geu gara, gure kontzientzia eta gure hitzak!». Jendeak beste txaloaldi luze bat jo zuen. Mantuako plaza nagusian ospatu zen ekitaldia (Italia), literatur jaialdi handi batean, iraileko lehen astean.
Egun gutxi lehenago jakin zenez, poliziak elkarrizketa bat grabatu zion Totò Riina buruzagi mafiosoari, kartzelan kide batekin paseatzen ari zela: «Ciotti hori ere akabatu egin behar dugu, Puglisi beste apaiz hura bezala». Puglisi 1993an hil zuten Palermon, Mafiaren txantajeak, ustelkeriak eta basakeriak salatzen zituelako. Garai hartan bertan, Ciotti apaizak krimen antolatuaren aurkako mezu ozenak zabaldu zituen: Italian milioi bat sinadura bildu zituen, erreferendum bat antolatu eta lege berri bat onar zedin. Lege horri esker, 1996tik aurrera, Estatuak Cosa Nostrako ondasunak konfiskatzeko eta erabilera soziala emateko ahalmena dauka. Mafiosoei kendutako lurretan, nekazari gazteen kooperatibek ardoa, olioa, zerealak eta fruta ekoizten dute orain, eta “Mafiarik gabeko produktua” etiketarekin saldu Italiako supermerkatuetan.
Totò Riinari Corleonen zeukan palazioa ere konfiskatu zioten. Riinak talde mafiosoen arteko gerra piztu zuen 1980an, Sizilian bi urte eskasetan mila hildako utzi zituena, heroinaren negozioa osorik kontrolatzeko. Hainbat etsai bere eskuekin ito zituen, sikarioek torturatu eta gero. Eta berak agindu zituen Falcone eta Borsellino epaileen hilketak, mafiaren aurkako mugimendu zibilak esnarazi zituztenak, hain zuzen. Riinaren palazioan, dorreak, lorategiak, igerilekuak, marmolezko zoruak eta egur noblezko altzariak dituen luxuzko etxean, Corleoneko udalak Nekazal Institutu Profesionalaren egoitza jarri zuen. Narkotrafikatzaileen saloiak nekazarientzako ikasgela bihurtu dituzte.
«Falcone epailearen hilketaren lehen urteurrenean, Palermon nengoen», kontatu zuen Ciottik Mantuan. «Beltzez jantzitako emakume bat negarrez ari zen nire ondoan. Eskua hartu zidan: ‘Don Luigi, ez dute inoiz nire semearen izenik esaten’. Antonio Montinaroren ama zen: Falcone epailea eta bere emazte Francesca Morvilloz gain, leherketa hartan mafiosoek Antonio Montinaro, Vito Schifani eta Rocco Di Cillo bizkartzain gazteak ere hil zituzten. Askatasunaren martiriak dira eta gutxien gutxienez, izenaren memoria zor diegu. Pertsona baten lehendabiziko eskubidea bere izenez izendatua izatea da! Garrantzitsua da mafiosoei ondasunak konfiskatzea, baina askatasuna eta demokrazia babesteko, ezinbestekoa da izenak gogoan edukitzea eta biziaren hitzak zabaltzea. Italian mendeak daramatzagu Camorra, N’Drangheta eta Mafiarekin. Eta oraindik ez dugu asmatzen, ez gara ausartzen, fenomeno horiek izen egokiekin izendatzen. Gauzak bereizteko gai izan behar dugu: non dagoen alde iluna, alde ustela; eta non dagoen argia, non dauden duintasuna, askatasuna eta justizia».
Bezperan, Mantuako literatur jaialdiaren inaugurazioan, Nuccio Ordine idazleak hitz egin zuen, “L’utilità dell’inutile” liburuaren egileak. Gizartean gailendu den utilitarismoa salatu eta jakintza humanistikoen balioa aldarrikatu zuen, gizakiaren sormena, duintasuna eta askatasuna garatzen dituztelako, balio hori zifretan neurtu ezin badaiteke ere. Hitzak dira erresistentziarako tresnarik egokienak, basakeriari aurre egiteko modua, esan zuen. Eta erresistentziari buruzko hitz batzuk irakurri zituen, Italo Calvinoren “Hiri ikusezinak” liburuan Marko Polok Kublai Kan handiari esaten dizkionak: «Bizirik gaudenon infernua ez da etorkizunean iritsiko; badago bat, jada hemen dena, egunero habitatzen dugun infernua, elkarrekin egonda osatzen duguna. Bi modu daude infernua ez jasateko. Lehendabizikoa erraza da askorentzat: infernua onartu eta haren parte izan, infernua ikusteari utzi arte. Bigarrena arriskutsua da, eta arreta eta ikasten etengabe segitzea eskatzen du: infernuaren erdian zein eta zer ez diren infernu bilatzea, haiek iraunaraztea eta haiei lekua egitea». •
www.anderiza.com