Jose Angel Oria
ARMAK AEB-ETAN

Umeek ere ordaintzen dute estatubatuar heldu askoren axolagabetasuna

12 urteko ume bat, 8 urteko beste bat, 5 hilabete egin berri dituena... Azken bolada honetan su-armen eraginez AEBetan hildako haurren adinak dira. Normalean istripuren baten biktima izaten dira; heldu batzuen axolagabetasunak eta horrenbeste arma bazter guztietan egoteak eragindako biktimak.

Txakurkume batekin jolasean ari zen McKayla 8 urteko neska Tennessee estatuko White Pine herriko bere etxeko atarian, Latasha Dyer amak kazetariei azaldu zienez. 11 urteko mutil bat hurbildu zitzaion, txakurkumea erakusteko eskatuz. Txikiak ezezkoa eman zion eta zaharrenak han bertan tiro egin zion. Berria bazter guztietara zabaldu zen berehala, izenburua ikaragarria baitzen: «11 urteko mutil batek 8 urteko neska bat hil du txakurkume batengatik».

G. W. Bud McCoig Jefferson konderriko udaltzainak esplikatu zuenez, aitaren pistola erabili zuen mutilak neskari tiro egiteko, ez baitzegoen giltzapean gordeta. Gaztetxoak atxilotuta edukitzeko zentro batera eraman zuten erasotzailea.

Amak hedabideei egindako adierazpenek beraiek ere adierazten dute estatubatuarrak dagoeneko ohituta daudela beste lekuetan ulertu ezin dugun egoera horretara. Zera esan zuen: «Hau injustua da, beso artean eduki nahi dut nire umea. Zuen umeak besarka itzazue, musu eman gauero, inoiz ez dakizue-eta hurrengo egunean zuekin edukiko dituzuen». AEBetan tankerako tragedia bat gertatzeko aukera ezin dela baztertu guztiz barneratuta duela dirudi.

Zoritxarrak zerikusi handia izaten du istripu horiekin, baina askoz ere garrantzitsuagoa izaten da helduen axolagabetasuna. Ohio estatuko “The Repository of Canton” egunkariak argitara emandako gertakari batek agerian uzten du arduragabekeria hori.

Ohioko anaiak

Ohioko 11 eta 12 urteko bi anaia tiro-eremu batera gonbidatu zituzten, herrialdean oso ohikoa omen dena, astebururo ikusten baitira kargadoreak hustera joandako familiak. Piknikak egiteko erabiltzen diren mahai horietako batean norbaitek arma bat utzi eta txikienak ikusi egin zuen. Eta hartu. Nahi gabe tiro egin eta anaia buruan bete-betean harrapatu zuen. Han bertan hil zen.

Adituek diote AEBetan milioika arma daudela herritarren esku, ia herritarren kopuru bera. Eta normala denez, arma horiek guztiak ez dira beti behar bezala gordeta egoten. American Journal of Public Health erakundeak orain hamabost urte egindako ikerketa baten arabera, umeak eta armak zituzten etxeen %40an armaren bat gutxienez ez zegoen giltzapean gordeta, eta segurua jarrita. Denbora asko pasa da, baina egoera ez da batere aldatu, nahiz eta armen aldekoen lobby indartsuek herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina ugari egiten dituzten. Aurkakoek ere egiten dituzte.

NRA National Rifle Association (Erriflearen Elkarte Nazionala) erakundeak sekulako ahalmena du agintarien asmoak baldintzatzeko. Obama presidenteak armak arautzeko proposamenen bat egiten duen bakoitzean, berehala plazaratzen dute aurkako iritzia.

Armak eta jostailuak

Beren webgunean herritarrei gomendatzen diete makina bat gauza, armak eta ume txikiak dauden etxeetan istripuak saihesteko asmoarekin. Bideo batean, esaterako, bere burua “NRA ama” moduan aurkezten duen emakumeak esplikatzen du umeei garbi azaldu behar zaiela armak ez direla jostailuak. «Etxean, armei ‘arma’ esaten diegu. Ez ‘bang-bang’, ez ‘pun-pun’ eta ez ‘pum-pum’», adierazten du. Gainera, armen itxurako jostailuak etxean edukitzea arriskutsua dela esaten du, umeari «nahasmena» sortzen omen zaiolako.

Edonola ere, NRAkoek emandako aholkuek nekez lortuko dute tragedia guztiak saihestea, horrenbeste arma etxeetan dauden herrialdean.

AEBetako umeen heren bat (70 milioitik gora adin txikiko ditu herrialdeak) gutxienez arma bat dagoen etxeetan bizi dira. Eta horietako bi milioi inguru bizi dira segurua jarri gabe duen pistola edo errifleren baten ondoan, Everytown for Gun Safety erakundeak egindako azterketa baten arabera.

Bestalde, etxeko zirrikituek ez dute izaten sekreturik ume askorentzat. Ikerketa batzuek nabarmendu dute AEBetako umeen %66k badakitela gurasoek armak non gordetzen dituzten, nahiz eta helduek kontrakoa uzte duten.

Armak ondo gordetzea eskatzen du sen onak, baina adituek emandako datuek esaten digute kasu gehienetan hori ez dela errespetatzen. Hala ere, hori arazoaren alderdi bat besterik ez da, ez bailirateke horrenbeste istripu izango armak inolako arazorik gabe bazter guztietan egongo ez balira. Horixe nabarmendu dio France Presse agentziari David Hemenway Harvard Unibertsitateko adituak: «AEBetan su-armek eragindako umeen heriotza gehiago izaten dugu gainerako herrialde garatu guztietan baino. Hori gertatzen da hemen arma gehiago ditugulako. Gainera, gaiaren inguruko legeak malguegiak dira».

Ez dira heldu txikiak

AEBek 320 milioi biztanle inguru dituzte. Zibilen esku dauden armen kopurua ere ia-ia maila horretara iristen da. Egoera gehiago gaiztotzeko, helduek askotan pentsatzen dute beren txikiek ez dutela inoiz horrelakorik egingo. «Guraso askok ez dute ulertzen beren seme-alabak ez direla psikologikoki horrenbeste garatu oraindik eta ezin diegula eskatu heldu txikiak izango balira bezala portatzea», Hemenwayen iritziz.

Adituak esandakoa ez dute ulertzen ordea estatubatuar askok. Bertako hedabideek azken asteotan kontatu digute oso ohikoa dela 12 urte bete gabe dituzten umeak armekin ikustea, baita haurrek benetako balak erabiltzea ere, nahiz eta adin horretan normalean ez duten ondo ulertzen aurrean duten arriskua. Egunkariek eskaini dituzten kasuek adierazten dute oso ohikoa dela, ohikoegia gauza onerako.

Horrela, iazko abuztuan 9 urteko neska batek bere tiro irakaslea hil zuen nahi gabe Arizona estatuan, Uzi metraileta bat eskuetan zuela tiro egitean. Handik lau hilabetera, 2 urteko mutiko batek ama hil zuen Idaho estatuko supermerkatu batean: amak bere poltsan zuen pistola hartu zuen txikiak eta tiro egin zuen, zertan ari zen jakin gabe.

Poliziaren ezintasuna

Aurtengo irailean Ohio estatuko Cleveland hirian 5 urteko ume bat hil zen su-armen eraginez, eta handik egun batzuetara, 3 urteko beste bat. Urriaren 1ean, berriz, 5 hilabeteko Aaviella Wakefield hil zuten.

Azken heriotzak erabat hunkitu zuen Calvin Williams Cleveland hiriko poliziaburua. Kazetariei gertatutakoa esplikatzen ari zela, negarrez hasi zen. «Hau jasatea oso gogorra izan da», azalduko zuen hurrengo egunean. Zentzurik gabeko istiluen eraginez «jaioberri errugabeak» hiltzea gaitzetsi zuen Calvin Williamsek, eta fiskalak 25.000 dolar eskaini zituen gertaeraren inguruko informazioa ematen dutenentzat.

Cleveland hiriko Polizia askotan salatu izan dute azken hilabeteotan, bertan agenteek egin izan dituzten gehiegikeriengatik. Oso gogoan zuen hori poliziaburuak: «Clevelanden eta beste toki askotan Poliziaren aurkako protestak egiten aritu diren horiek hemengo kaleetan gertatzen ari denari erreparatu beharko liokete. Nahikoa manifestazio egin dugu dagoeneko. Leloak oihukatzeari utzi eta zerbait egiten hasi beharko genuke», adierazi zuen, bere ezintasuna agerian uzteko.

Poliziak berak gauza handirik argitu ez badu ere, gazteekin lan egiten duten elkarteetako kideek esan dute Aaviella Wakefield auto baten barruan zegoela, amarekin eta amonarekin batera, inguruko eraikin batetik norbait tiro egiten hasi zenean. Umea erietxean hil zen.

Ohioko hirian azken bolada honetan izan diren tragedia askotan horixe gertatu da: gazte-taldeen arteko liskarrek edonor harrapatzen dute erdian eta inolako errurik ez duten pertsonak hiltzen dira.

Sare sozialak

Hank Davis Peacemakers Alliance (Bakegileen Aliantza) taldeko kideak gazte horiekin egiten du lan eta berak dio Facebook eta Instagram bezalako sare sozialek istilu horiek sortzen eta elikatzen laguntzen dutela. Bere ustez, gazte horiek beren komunitateetan baliabide gehiago izatea behar dute, ez polizia gehiago. «Beraiek gizartearekiko fedea erabat galduta daukate», erantsi zuen.

Sare sozialek Euskal Herriko ume, gazte eta helduen artean ere eragiten dituzte liskarrak, baina gurean normalean ez dira tragedia bihurtzen, armarik izaten ez dutelako. AEBetan, berriz, askotan gertatzen da hori eta herritar asko nazka-nazka eginda dago. Kezka AEBetatik kanpo ere zabaldu da. Baina egoera ez da batere aldatzen. Ezta tragedia horietakoren bat jasan behar izan duten lekuetan ere.

“The New York Times” egunkariko kazetariak Arizonako tiro-eremura joan ziren, urtebete lehenago gertatutako istripuaren ondoren zerbait aldatu ote zen ikustera. Umeek tiro egiten egoteko aukera izaten jarraitzen dute, inoiz ezer gertatu ez balitz bezala. Berriz gertatu arte.

Egoera hori aldatzeko proposamen ugari egin ditu Barack Obama presidenteak berak, baina ezer lortu gabe. Urriaren 9an beste behin eskatu zien estatubatuarrei bat egiteko fenomenoari aurre egin ahal izateko, Oregon estatuko Roseburg hiriko unibertsitatean bezperan egindako sarraskiko biktimen senideekin hitz egin eta gero.

«Horrelako momentuetan, hitzak ez dira nahikoa», esan zuen Chris Harper Mercer 26 urteko gazteak hil zituen bederatzi pertsonen eta zauritutako beste bederatzien senideen aurrean. Ordubete egin zuen beraiekin, aireportutik unibertsitaterako bidean herritar asko aurka dauzkala ikusi ondoren.

Obama eta manifestariak

Chicagoko politikaria Roseburgeko aireportura iritsi zenean ehunka herritar zituen zain. Batzuk bere aldekoak ziren, baina besteak... aurkari amorratuak. “Obama, joan zaitez etxera” zioen pankarta batek. “Armarik gabeko eremuak = Sarraski eremuak”, beste batek. AEBetako bandera ugari zituzten manifestariek, eta “Obama ez” hizki handitan idatzita zuen kamioneta zuri bat.

Armak edukitzea eskubide bat dela defendatzen duten manifestariek John Hanlin Douglas konderriko udaltzainaren aldeko mezu ugari oihukatu zituzten, Obamaren aurkari eredugarri bihurtu baitute.

AEBetan eztabaidak bizi-bizirik jarraitzen du, baina ez dirudi armak arautzearen aldekoak irabazten ari direnik. Gallup etxeak egin duen ikerketa baten arabera, azken 24 urteotan atzera egin dute AEBetan: 1990ean herritarren %79 zeuden armak arautzearen alde; eta iaz, berriz, %47 besterik ez.

Konstituzioko koma

AEBetako Konstituzioan dago armak arautzearen aurkakoek beren posizioa indartzeko erabiltzen duten argudioa, koma apal bat. Hizkuntzalariek eta legelariek sekulako eztabaidak egin dituzte, testuak herritarren armak izateko eskubidea aipatzen duen ala milizien eskubideaz ari ote den argitu nahian. Ingelesez, nonbait, ditxosozko koma horrek sekulako esanahi aldaketa eragiten du.

Kontuan hartu behar da armen sektore indartsuak 15.000 milioi dolar mugitzen dituela urtero AEBetan, eta sektore horri egoera batere ez aldatzea komeni zaio, negozioari eutsi ahal izateko. Su-armek, sinesgaitza bada ere, egunean 30 lagun hiltzen dituzte AEBetan. Beste asko zauritzen dituzte, baina erietxean salbatzen dituzte. Eta askok suzko armak aukeratzen dituzte beren buruaz beste egiteko.

Aurrekari penalik ez duten herritarrek izena ematea nahikoa dute armak lortzeko gaur egun. Buruko gaixotasunen bat edukitzea edo adin txikikoa izatea ez dira oztopo errifle bat eskuratzeko. Oso erraz, errazegi, lortzen dira armak AEBetan, eta horrek eragin zituen Columbineko, Virginia Techeko, Sandy Hookeko... sarraskiak. Baina ez dute egoera aldatzen.

Jostailu sexualak hartuta protesta egitera

Texas estatuko Austin hiriko unibertsitarioek oso protestaldi xelebrea egitekoa asmoa dute: lege berri batek armak campusera eramateko aukera emango duenez, jostailu sexualak motxilan lotuta eramatea erabaki dute, estatuko unibertsitate publikoetan debekatuta baitago kontsoladoreak eta tankerako artikuluak erakustea.

«Texasko estatuak erabaki du ez dela guztiz ezatsegina klaseetan armak ezkutuan edukitzea, baina oso arau zorrotzak ditu adierazpen sexual askeen aurrean», idatzi zuen Facebooken Jessica Jin protestaldiaren antolatzaileak. «Kontsoladorea klasera eramanez gero, zigortu egingo zaituzte, baina ez duzu arazorik izango armak klasera eramateagatik».

Lege berria 2016ko abuztuaren 1ean jarriko dute indarrean (Charles Whitman ikasleak Texasko Unibertsitateak Austin bertan duen egoitzan egindako sarraskiaren 50. urteurrenean), eta ikasleek abuztuaren 24an egingo dute protesta, udazkeneko lehen eskola egunean. Armen aldekoek diote ikasleek pistola eskura izanez gero, erasoren bat izaten denean beren buruak babesteko aukera izango dutela. Aurkakoek, aldiz, eraso baten aurrean armak izateak ez lukeela ezer aldatuko adierazten dute. Eta kasu askotan, kaosa larriagotu besterik ez lukeela egingo.